Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

Basque Culinary World Prize Sariak 20 finalistak iragarri ditu

26 Maiatza 2016

  • 110 hautagairen artean aukeratu dira, eta hazten doan fenomeno baten erakusgarri ezin hobea dira: mundu guztiko chef ugarik gizarteari haien ekarpena egin nahi diote gastronomiaren bitartez
  • Epaimahaia uztailean bilduko da, gastronomiak aldaketa-motor gisa duen ahalmena hobekien erakusten duen hautagaia aukeratzeko.
  • Irabazleak 100 mila euro jasoko ditu, hark nahi duen proiektuari emateko. Proiektuak sukaldaritzaren eraldaketa-boterea islatu behar du.

Gaur iragarri dira Basque Culinary World Prize (BCWP) sarien 20 finalistak. Basque Culinary Center-ek eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute nazioarteko saria, eta ekimen eraldatzaileak abiarazi dituzten sukaldariak aitortzea du helburu.

 Dan Barber sukaldariak Manhattanen duen Blue Hill jatetxean eman ziren ezagutzera Batzorde Teknikoak aukeratutako izenak. Joaneko apirilaren 30ean itxi zen izendapenen prozesua, eta mundu osoko 110 hautagai aurkeztu ziren.

 Batzordeak egindako hautaketa hazten doan fenomeno baten erakusgarri zabala eta anitza da: gastronomiaren bilakaera berria. Izan ere, chef-belaunaldiak haren lanbidearen dimentsioa heda dezakeela, eta, bereziki, gizarteari sukaldaritzaz haraindi lagun diezaiokeela ulertu du.

 Finalistak herrialde oso desberdinetatik datoz: Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Danimarka, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Holanda, Italia, Mexiko, Erresuma Batua, Hegoafrika eta Venezuela. Eta hainbat eremurekin lotutako ekimenak abiarazi dituzte, hala nola garapen soziala, hezkuntza, tokiko ekonomikoa, osasuna, ingurumena eta elikadura-industria.

 Gainera, hainbat sukaldari aitzindarik hasitako bideari jarraipena ematen diote, besteak beste, Estatu Batuetako Alice Waters-ek eta Dan Barber-ek, Danimarkako Claus Mayer-ek eta René Redzepi-k, Erresuma Batuko Jamie Oliver-ek eta Heston Blumenthal-ek, Peruko Gastón Acurio-k eta Italiako Massimo Bottura-k.

 Munduko sukaldari garrantzitsuenetako batzuek eta hainbat arlotako nazioarteko adituek osatzen duten diziplina arteko epaimahai batek aukeratuko du irabazlea.  BCWP sariaren irabazleak 100 mila euro jasoko ditu, sukaldaritzaren eraldaketa-boterea islatzen duen proiektu bati emateko.

«Profilen aniztasunarekin hunkituta gaude. Bakoitzak bere erara eta dagokion testuinguruaren arabera islatzen du sukaldariek gizartean parte hartzeko modua, ekimen eraldatzaileekin bat eginik edo ahots publikoa izatearen erantzukizuna harturik. Gremioan aritzen garen guztioi inspirazioa ematen diguten istorioak eskaintzen dituzte, eta pozten gaitu horiek partekatzeak», baieztatu du Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Center-eko zuzendariak.

 ———

Hona hemen 20 finalistak: Alberto Crisci (Erresuma Batua), Alicia Gironella (Mexiko), Ángel León (Espainia), Ann Cooper (AEB), Carlos Zamora (Espainia), Daniel Boulud (Frantzia/AEB), David Hertz (Brasil), Gabriel Garza (Mexiko), Jessamyn Rodriguez (Kanada/AEB), José Andrés (Espainia/AEB), Joshna Maharaj (Hegoafrika/Kanada), Leonor Espinosa (Kolonbia), Manoela Buffara (Brasil), Margot Janse (Holanda), Maria Fernanda Di Giacobbe (Venezuela), Massimiliano Alajmo (Italia), Nani Moré (Espainia), Rodolfo Guzmán, (Txile), Teresa Corçao (Brasil). Horrez gain, Kamilla Seidler-ek (Danimarka) eta Michelangelo Cestari-k (Venezuela) izendapen bera partekatzen dute, elkarlanean egiten duten lanarengatik.

Alberto Crisci, Erresuma Batua: The Clink egitasmoaren burua da. Proiektuaren bidez, jatetxeak ireki ditu Erresuma Batuko lau espetxetan, eta presoek lan egiten dute zerbitzuan eta sukaldean. Ekimena prestakuntza-programa baten parte da, eta helburu du presoei tresnak ematea, irteterakoan lana izan dezaten. Berrerortze-indizea murriztearen, errehabilitazioa sustatzearen eta gizarteratzearen aldeko apustua da.

Alicia Gironella, Mexiko: Aktibista, ikertzailea eta mexikar ondarearen hedatzailea da, eta Semillaton bezalako ekimenak sustatzen ditu. Proiektuak helburu du tokiko landare-espezieak desagertzeko arriskuan egon daitezen ekiditea. Tarahumar Mendilerroko arto-hazi natiboak salbatu eta birsortzen ditu, erkidegoetako bankuetan gordetzeko eta nekazari gakoen artean banatzeko.

Ángel León, Espainia: Cadizko Badian bi Michelin izar ditu, eta Ozeanoa ikusteko eta bizitzeko modu berri bat proposatzen du. Bazterkinen arrantza aprobetxatzearen aldekoa izan da beti, eta Aponiente jatetxeko lana ikerketari eta berrikuntzari dedikatzen dio, unibertsitateekin eta erakundeekin batera sortutako ezagutzak garapen-aukera bilakatuz.

Ann Cooper, AEB: Chef Ann Foundation sortu zuen, Estatu Batuetako haurren obesitate-indize handia murrizten laguntzeko eta belaunaldi berriei elikadura osasungarrirako ohiturak irakasteko asmoz. Fundazioak lehen mailako hezkuntzako eskolei tresnak ematen dizkie, elikagai prozesatuak baztertu, eta eskoletan egunero prestatzen den janari osasungarri eta fresko batekin ordez ditzaten.

Carlos Zamora, Espainia: Deluz jatetxearen buru da, eta jatetxeak eta pertsonak kudeatzeko eredu iraunkorra sustatzen du. Tokiko ekoizle eta nekazari ekologikoekin ezarritako harremanak ditu bereizgarri, bai eta hainbat proiekturen bidez gizarte-erakundeekin duen lotura ere. Horien artean dago Depersonas ekimena: ezgaitasun intelektuala duten pertsonak enplegatu eta sustatzen dituen catering bat.

Daniel Boulud, Frantzia / Estatu Batuak: Chef aitortu hau Citymeals on Wheels ekimenaren zuzendari-kidea da. Nueva Yorken abiarazitako karitatezko ekimena da, eta helburu du otordu osasungarriak eta nutritiboak ematea haien baldintza fisikoen edo mentalen ondorioz janaria erosi eta/edo prestatu ezin duten adinekoei. Chefs Deliver bidez, frantziar sukaldariak erakunderako laguntza-katean eta otorduen banaketan parte hartzera animatzen ditu haren kideak.

David Hertz, Brasil: Gastronomia sozialaren babesle izanik, duela hamar urte Gastromotiva sortu zuen São Paulon. Ekimenak sukaldaritzako prestakuntza ematen die zonalde zaurgarrietako gazteei, langile gaituak behar dituen lan-merkatu horretan txertatzeko asmoz. Laguntza komunitarioko sarea eraiki du, eta haurrentzako tailerrak eta sukaldaritza-ikastaroak espetxeetan ere antolatzen ditu. Gaur egun, proiektua Rio de Janeiron, Salvador de Bahian eta Mexiko Hirian ere ezarrita dago.

Gabriel Garza, Mexiko: Monterreyko Destellos de Luz fundazioaren eskutik, irakaskuntzaren bitartez itsuei edo ikus-murriztapenak dituzten pertsonei autonomiaz jarduten laguntzeko aukera aurkitu zuen. Hala, tailerrak ematen ditu, pertsona horiek bakarrik kozinatzen ikasi, eta lana lortzen edo diru-sarrerak sortzen lagunduko dieten trebetasunak har ditzaten.

Jessamyn Rodriguez, Kanada / Estatu Batuak: Hot Bread Kitchen sortu zuen Harlem auzoan, emakume etorkinei eta/edo bazterkeria-egoeran zeudenei okintzan trebatzeko programa ordaindua eskaintzeko. Prestakuntzak bederatzi hilabete irauten ditu, eta, amaitutakoan, ikasleak lan-munduan txertatzea da helburua. Gainera, haztegi bat ere badu, gizon eta emakumeek beren kaxa ekin eta ekonomikoki burujabe izan daitezen.

José Andrés, Espainia/Estatu Batuak: Katrina urakanak Haiti jo ondoren, Jose Andresek World Central Kitchen sortu zuen. Haren sukaldari-sarearen esperientziaz baliatuta, ekimenak laguntza ematen die eskoletan elikaduraren eta osasunaren alorreko gaiak artatzeko azpiegiturak eta gaikuntza dituzten lokalei, eta tailerrak antolatzen ditu, ostalaritzan lan egiten dutenen maila hobetzeko.

Joshna Maharaj, Hegoafrika/Kanada: Ospitaletako elikaduran murgildutako aktibista da, eta sistemak birdiseinatzen ditu, gaixoei otordu hobeak bermatzeko. Hornitzaile ekologikoak engaiatzen ditu, sukaldariek kliniketako lana ikusteko modua iraultzen du, eta zerbitzu-kodeak aldatzen ditu, sektoreko politika publikoetan aldaketak bultzatzeko.

Kamilla Seidler, Danimarka eta Michelangelo Cestari, Venezuela: Claus Mayer-ek sukaldari bikote hori aukeratu du haren Melting Pot erakundea La Pazera eramateko. 2010ean sortu zuen ekimena, Danimarkan, eta helburu du gastronomiaren bitartez gizartea aldatzea.  Gustu jatetxe-eskola ireki dute, eta, horren bitartez, sozialki baztertuta dauden gazteei prestakuntza ematen diete, gastronomikoki ezezaguna den herrialde horren, hots, Boliviaren aberastasuna aztertzen eta hedatzen duten bitartean.

Leonor Espinosa, Kolonbia: Kolonbiako sukaldaritza-ondarearen babesle honek Funleo fundazioa zuzentzen du. Horren bitartez, tokiko tradizioak aldarrikatzen ditu, eta eskuragarri dauden tokiko baliabideak erabiltzea sustatu. Landa-eremuko taldeekin lan egiten du zuzenean, indigenak zein afrikarren ondorengoak, eta sukaldaritza-prestakuntza eta nekazaritzako prozesuen gaineko gaikuntza eskaintzen die.

Manoela Buffara, Brasil: Curitiban, Manoelak sukaldaritza garaikideko jatetxea ireki zuen, hiritik 80 kilometrora dagoen Ilha Rasako 20 ekoizle baino gehiagorekin izandako elkarlanaren emaitza gisa. Tokiko ekoizleen ekonomia eta gizarteratzea sustatzen laguntzen du. Gainera, ereite-modu tradizionalak baliatzen ditu, eta gutxi ezagutzen diren tokiko barietateen erabilera iraunkorra sustatu.

Margot Janse, Holanda: Sukaldaria Isobelo izeneko ekimenaren burua da, Hegoafrikan. Keinu txiki gisa hasi zen: The Tasting Room haren jatetxetik gertu zeuden eskola bateko ikasle txiroenei muffinak ematen zizkieten ostiraletan. Denborak aurrera egin ahala, egunean 1.300 otordu egitea lortu du, eta, hala, hiru eskoletako ikasleen elikadura bermatzen du.

Maria Fernanda Di Giacobbe, Venezuela: Kakao kriolloa nortasunaren, kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren erakusgarritzat hartuta, Di Giacobbek hezkuntzarako, ekintzailetzarako eta garapenerako sarea osatu du ekoizle-erkidegoetan. Ekonomikoki zaurgarriak diren emakumeei aukerak ematea da helburu nagusia, eta, horretarako, txokolatearen mikro-enpresari bihurtzen ditu.

Massimiliano Alajmo, Italia: Le Calandre jatetxeko sukaldaria da, eta hiru Michelin izar irabazi dituen italiar sukaldaririk gazteena ere bai. Il Gusto per la Ricerca ekimena bultzatzen du, duela 12 urtetik. Egitasmoaren bitartez, haurren gaixotasun neoplasikoen ikerketa sustatzeko funtsak biltzen ditu Paduan, hainbat aktore biltzen dituen Tavole Trasparenti bezalako ekimenez baliatuta.

Nani Moré, Espainia: Kataluniako Jantoki Ekologikoen Elkartearen sortzailea da. Haurren elikadurarekin lotutako kontsumo-ohituretan kontzientziatzea eta eragitea du helburu. El plato o la vida (2012) dokumentalaren gidoilaria eta zuzendaria da, eta Kataluniako Parlamentuan onartutako mozio bat sustatu zuen, helburu zuena dekretuz ezartzea eskola-jantokiak hezkuntza-espaziotzat har zitezela.

Rodolfo Guzmán, Txile: Berrikuntzaren eta ikerketaren bitartez, haren herrialdeko janaritegi endemikoa aztertzen du. Haren Boragó jatetxean, aukerak antzeman, aurkikuntzak dokumentatu eta bideak irekitzen ditu, elikadura-iturri berriak bilatzeko behar diren ezagutzak partekatzeko. Erkidego maputxeekin eta ikerketa-zentroekin batera lan egiten du, kontsumo-ohituren gainean kontzientziatu eta horiek aldatzeko.

Teresa Corçao, Brasil: Tapiokari buruzko lan sakona sustatu zuen, bai eta Maniva Institutua sortu ere, ekoizle ekologikoei laguntza eta aukerak eskaintzeko. Horrez gain, Ecochef lankidetza-sarea antolatzen du, kontsumitzaileen, ekoizleen eta sukaldarien arteko zubiak eraikitzeko, interes komun batetik abiatuta:  tokiko produktuen kontsumo arduratsua eta iraunkorra bultzatzea. Hedatzailea ere denez gero, kontzientzia sortzeko dokumentalak ekoizten ditu.

 —————

Izendapenak otsailaren 1etik apirilaren 30era bitartean jaso ziren, sariaren webgunearen bitartez. Maiatzaren 16an bildu zen batzorde teknikoa Gasteizen (Euskadi), 20 finalistak aukeratzeko. Batzordeak Elena Arzak (Espainia) chef aitortua du burutzat, eta hainbat unibertsitatetako eta ikerketa-zentrotako akademikoz osatuta dago.

Irabazlea 2016ko uztailaren 11n iragarriko da, epaimahaiak bilera egin ondoren. Celler de Can Roca jatetxeko Joan Roca sukaldaria izango da da epaimahaiaren burua, eta, horrez gain, Basque Culinary Center-eko Nazioarteko Kontseiluko gainerako sukaldariek ere parte hartuko dute: Gastón Acurio (Peru), Ferran Adrià (Espainia), Alex Atala (Brasil), Dan Barber eta Dominique Crenn (Estatu Batuak), Dan Barber (Estatu Batuak), Heston Blumenthal (Erresuma Batua), Massimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Enrique Olvera (Mexiko) eta René Redzepi (Danimarka).

Gonbidatu berezi gisa, epaimahaiak nazioarteko adituak ere izango ditu, hala nola Harold McGee idazle eta ikerlari estatubatuarra, Massimo Montanari historialari, irakasle eta gastronomoa (Elikaduraren Historian aditu nagusietako bat), Laura Esquivel idazle mexikarra (Como agua para chocolate liburuaren egilea) eta Hilal Elver Elikadura Eskubideen kontalari berezia Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Agintaritzan.

 

 

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com