14 Maiatza 2026
Zabalik da, jada, Basque Culinary World Prize-ren 11. ediziorako izendapenen prozesua. Urtero banatzen den sari hau gastronomiaren bidez mundua aldatu nahi dutenentzat, eta, 2026an, gastronomiaren ahalmen eraldatzailea indartu eta goraipatu nahi du berriro, baita haren irismena eta gizartean eragiteko gaitasuna ere.
Hamaikagarren edizio honetan, Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak sortutako aitorpen global aitzindari hau jada bere sektorean ondo finkatuta dagoen sari berezi bat da; sektore horretan, gastronomiak etengabe erakusten du fenomeno biderkatzailea eta inspiratzailea dela mundu osoan. Hamarkada batez, sari honek talentuz, ezagutzaz eta sormenez betetako chefen lana goraipatu du, chef horiek positiboki eragiten baitiote hainbat alorri: zientzia, osasuna, berrikuntza, elikadura eta gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren garapena.
2025ean, Basque Culinary World Prize sariak azpimarratu zuen zer garrantzitsua izan daitekeen sukaldaritza gizarte-integrazioan, eta Leticia Landaren La Cocina proiektua nabarmendu zuen.
Proiektu horrek 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta talentua duten eta San Frantziskoko sukaldaritza-sektorean modu formalean integratu nahi duten pertsonak prestatzeko, inkubatzeko eta laguntzeko aukerak sortzea du helburu. Aurten ere, Basque Culinary World Prize sariak
gastronomiaren eraldatze-indarraren aldeko apustua egiten jarraitzen du, hainbat lekutan inpaktu soziala eragiten duten sukaldarien istorio inspiratzaileen bidez.
Munduko chef garrantzitsuenetako batzuek, akademikoek eta nazioarteko adituek osaturiko diziplinarteko epaimahai batek hautatzen du irabazlea. Urtero chef bat aukeratzen dute, zeinaren lanak sariaren espiritua islatzen baitu: gastronomiaren bidez gizartea eraldatzea. Irabazleak 100.000 € jasotzen ditu, gastronomiaren ahalmen biderkatzailea adierazten duen ekimen batera bideratzeko.
Izendapenetarako epea ireki da Gastronomiako profesionalek eta erakundeek uztailaren 15era arte dute gastronomia aldaketaren eragile bihur daitekeela frogatzen duten chefak izendatzeko. Izendapenak Basque Culinary World Prizeren webgunearen bidez egin behar dira: www.basqueculinaryworldprize.com
Sari honek komunitate gastronomikoko ezagutza kolektiboarengana jotzen du munduko alde guztietako sukaldari profesionalak aurkitzeko, eta sektorean esperientzia profesionala duen edozein chefi zuzenduta dago, edozein dela ere haren kultura gastronomikoa, nazionalitatea edo ospea.
Izendapenen prozesua:
Izendapenerako aldia amaitu ondoren, Basque Culinary World Prizeko idazkaritzak hautagaiak aztertuko ditu. Idazkaritza hori sukaldaritzako akademikoek eta adituek osatuko dute.
Epaimahaia Brasilen bilduko da 2026ko azaroan, eta orduan hautatuko dute irabazlea.
Haren izena, berriz, jendearentzat irekita egongo den ekitaldi batean jakinaraziko dute.
Diziplina anitzeko epaimahai batek hautatuko du irabazlea. Joan Roca (Espainia) buru dutela, munduko sukaldebururik garrantzitsuenetako batzuek osatuko dute epaimahaia: Michel Bras (Frantzia), Manu Buffara (Brasil), Dominique Crenn (Frantzia/AEB), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina), Trine Hahnemann (Danimarka), eta Elena Reygadas (Mexiko).
Berme handiko saria:
Sariak eragin handia izan du; izan ere, aldaketaren abangoardian dauden chefen lana
nabarmentzen du, eta profesionalen istorio inspiratzaileak ikusarazten ditu, beren ezagutzaren bidez hainbat arazori aurre egiten dietenak: klima-aldaketa, elikagaiak alferrik galtzea, biodibertsitatea, laguntza humanitarioa, gizarteratzea eta abar.
Leticia Landaz gain (2025eko irabazlea), aurreko edizioetan, munduko hainbat lekutako chefek irabazi dute saria: Andrés Torres (Espainia , 2024), Ebru Baybara (Turkia, 2023), Fatmata Binta (Sierra Leona, 2022), Xanty Elías (Espainia, 2021), José Andrés (Espainia/AEB, 2020), Anthony Myint (AEB, 2019), Jock Zonfrillo (Australia, 2018), Leonor Espinosa (Kolonbia, 2017) eta María Fernanda di Giacobbe (Venezuela, 2016).