Mexikoko Lucio Usobiaga 2026ko Basque Culinary World Prize (BCWP) sariaren irabazle izendatu dute, Arca Tierra proiektuan egindako lanagatik. Nekazaritza- eta lankidetza-sare horren bidez, Xochimilcoko chinampen nekazaritza-sistema etorkizunera begira jarri du. Usobiagaren aburuz, lurralde batek bizirik iraungo badu, hura lantzen dutenek beren jardueratik bizitzeko aukera izan behar dute. Gaur egun, berrogeita hamar bat ekoizle-familia biltzen ditu proiektuak. Familiek prestakuntza jasotzen dute, eta beren produktuak 60 bat jatetxeri eta 300 bat etxeri hornituz lortzen dituzte diru-sarrerak. Horrez gain, chinampak ikasteko gune ireki bihurtu ditu, eta milaka pertsonak bertan jasotzen dute antzinako nekazaritza-jakintza hori zaintzen dutenen ezagutza.
Bere ibilbidea galdera batetik abiatzen da: Nola mantendu bizirik lurralde bat, hura lantzen dutenak ezin badira beren lanetik bizi? Hausnarketa hori Mexiko Hiriaren hegoaldean dagoen Xochimilcora iritsi eta bertako chinampak gertutik ezagutu zituenean sortu zitzaion. Milaka urteko nekazaritza-sistema hori arriskuan dago, uraren kalitatea hondatu delako, lursailak bertan behera utzi direlako, hiri-eremuak zabaldu direlako, errentagarritasuna txikia delako eta belaunaldi-erreleborik ez dagoelako.
Usobiagak Filosofia ikasi zuen, baina ibilbide akademikoa alde batera utzi zuen chinampetako nekazariekin batera ikasteko. Han ulertu zuen antzinako ezagutza hori mantentzeko ezinbestekoa zela aukera ekonomikoekin, kontsumitzaile berriekin eta beste jakintza-arlo batzuekin lotzea.
Yolcanetik Arca Tierrara: landa-eremua eta hiria lotzea
2011n, Lucio Usobiagak Yolcan sortu zuen, beste pertsona batzuekin batera, chinampetako nekazarien ezagutza merkatu berriekin eta gastronomiarekin lotzeko. Proiektu horren bilakaeraren ondorioz sortu zen Arca Tierra, 2020an. Ekoizpen eta merkaturatze agroekologikoa, jatetxe-jarduera, prestakuntza eta harrera uztartzen dituen sarea da. Premisa argi bat du abiapuntu: chinampak kontserbatzeko, ekoizpen-jarduerari eutsi behar zaio, eta horiek lantzen dituzten pertsonek beren lanetik bizitzeko aukera izan behar dute.
Gaur egun, Arca Tierrak sei hektarea lantzen ditu, eta Xochimilco, Puebla, Hidalgo eta Mexikoko Estatuko 50 bat ekoizle-familiarekin lan egiten du. Haien produktuak 60 bat jatetxeri eta harpidetza bidezko 300 bat etxeri hornitzen dizkie. 2025ean, gainera, 16.000 lagun inguruk bisitatu zituzten chinampak, bertan antolatutako esperientzien bidez.
Xochimilcoko Ekimen Agroekologikoaren (IAX) bidez, lehengoratze-, ikerketa- eta prestakuntza-proiektuak ere sustatzen ditu, ekoizleak, zientzialariak, sukaldariak eta kontsumitzaileak elkarlanean aritzeko. 2024an, Baldío jatetxea ere ireki zuen, Douglas McMasterrekin batera garatutako proiektuaren barruan.
Saria irabazi ostean, Usobiagak, euskal jatorriko sustraiak dituenak, honako hau adierazi du: "Oso pozik eta hunkituta nago BCWP sariaren 11. edizioan aintzatespen hau jasotzeagatik. Sari honen bidez, Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak bide berriak ireki dituzte gastronomia soziala sustatzeko. Arca Tierratik, Xochimilcon, ikuspegi hori partekatzen dugu: nekazarien eta sukaldarien mugimenduen artean zubiak eraikitzea dugu helburu, gastronomia, bere funtsean, lurrera itzultzea dela ulertzen baitugu. Nekazariek ura, airea eta lurzorua zaintzen dituzte; eta, aldi berean, elikagai gozoak eta elikagarriak eskaintzen dizkigute. Lurraren zaindariak dira eta, nolabait, planetaren erreserba espirituala. Esker onez jasotzen dut sari hau, eta ziur nago aukera berriak zabalduko dituela elkarrekin lanean jarraitzeko eta bide berriak eraikitzeko", adierazi du Usobiagak.
BCWP sari bakar eta globala da; haren helburua da, modu jarraitu eta nabarmenean, gastronomia aldaketa-eragile bihurtzen duten pertsonak saritzea. Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek sortu zuten 2016an, eta 100.000 €-ko saria du (irabazleak hautatutako proiektu baterako erabili behar dira). Horren bidez, chef konprometituak, munduko hainbat tokitan beren sukaldeetatik harago gizartean eragin positiboa sortzen dutenak, ezagutarazi nahi dira.
11. edizioan, Basque Culinary World Prizek gastronomiaren botere eraldatzailea nabarmentzen jarraitzen du. Aurtengo edizioan, sukaldarien lana alde batera utzi eta, espektroa zabalduta, askotariko profesionalen lana aintzatetsi du; izan ere, munduko hainbat tokitan, haien bereizgarri diren ezagutza, talentua eta sormena gizarte-aldaketa garrantzitsuen eragile bihurtzen dituzte, askotan diziplina arteko ikuspegitik.
Testuinguru horretan, Basque Culinary World Prizek gaur jakinarazi ditu aurtengo sariduna, aipamen berezia eta epaimahaiak sortutako ohorezko aintzatespena, BCWP Cooking Legacy izenekoa. Modu horretan, gastronomiaren alorreko erronkak ezagutarazten dituzten historia eta kasu inspiratzaileak ikusgai egiteko duen interesa erakusten jarraitu du. 2025ean, Leticia Landak La Cocinan egiten duen lana saritu zuen, eta haren bidez nabarmendu zen gastronomiak paper garrantzitsua duela Estatu Batuetako gizarte-integrazioan. 2026ko Basque Culinary World Prize sariak gastronomiak eraldaketa bultzatzeko duen ahalmena aldarrikatu eta indartu nahi du. Ahalmen hori agerian geratzen da nekazaritza, gastronomia, ezagutza, ekonomia eta komunitatea elkarlotzeko gaitasunean, Xochimiclo bizirik mantentzen laguntzeko. Usobiagaren lanak aukera berriak eskaintzen dizkie ekoizleei, eta elikagaien atzean dagoen balio kulturala, ingurumenari lotutakoa eta soziala ezagutarazten dizkie kontsumitzaileei eta gastronomiako profesionalei.
Lucio Usobiagaz gain, epaimahaiak Edson Leite eta Adélia Rodriguesen lana ere aitortu du, aipamen berezia emanez. Bestalde, Jacques Pépin sukaldariari BCWP Cooking Legacy aintzatespena eman dio. Epaimahaiak sortutako ohorezko aintzatespen horren bidez, eguneroko sukaldaritza bizirik mantentzen laguntzen duten profesionalen ibilbidea aitortu nahi da. Horretarako, sukaldaritzako ezagutza eskuragarriago egiten eta ezagutza hori transmititzen laguntzen dute, pertsona guztiek beren kabuz elikatzeko behar dituzten ezagutzak eta trebetasunak izan ditzaten. BCWP sariaren 11 urteko ibilbidearen ondoren, aintzatespen berri horrek norberak sukaldatzeko ekintzak berez duen eraldaketa-ahalmena nabarmendu nahi du.
Edizio bakoitzean, Basque Culinary World Prizek mezu bat helarazten dio nazioarteko komunitateari, saritutako pertsonaren eta aipamen berezien bidez, gastronomiaren arloko profesionalek gizarteari egin diezazkioketen ekarpenen aniztasuna erakusteko. Aurtengo edizioan, bereziki, gastronomiak komunitateen eta haien lurraldeen garapenean, ongizatean eta eraldaketan laguntzeko duen ahalmena jarri nahi izan du agerian.
Epaimahaiak, zeina Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Komitea ordezkatzen duten munduko sukaldaririk ospetsuenetako batzuek osatzen baitute, Lucio Usobiaga aukeratu du irabazle. Komitea Joan Rocak (Espainia -El Celler de Can Roca) zuzentzen du, eta beste sukaldari ezagun batzuk ere baditu: Manu Buffara (Brasil), Michel Bras (Frantzia), Trine Hahnemann (Danimarka), Elena Reygadas (Mexiko), Josh Niland (Australia), eta Narda Lepes (Argentina).
Iragarki hau Gastronomia, Identitatea eta Eraldaketa ekimenaren barruan egin da, Curitiban (Brasil). Ekitaldi horren helburua da gastronomiari buruz hausnartzea, nortasun-iturri eta gizarte-eraldaketaren eragile den aldetik, bai eta gastronomiak egungo erronkei erantzuteko duen gaitasunari buruz ere, ikuspegi integral batetik etorkizun hobe baten alde egiteko.
Irabazlea hautatu ondoren, Basque Culinary World Prize sariketako lehendakari Joan Rocak zera nabarmendu du: “Lucio Usobiagak gure elikaduraren oinarriekin eta lurra lantzen duten pertsonekin konektatzen gaitu. Xochimilcoko chinampak –Erdialdeko Amerikako nekazaritza- eta ingeniaritza-metodo tradizional baten adibide direnak–bezalako lurralde bereziak zaintzeko, ezinbestekoa da horiek lantzen dituzten nekazariek beren jardueratik bizitzeko aukera izatea. Izan ere, kutsadurak, urbanizazioak eta landa-eremuaren abandonuak arriskuan jartzen dute haien etorkizuna. Arca Tierra proiektuaren bidez, nekazariak, sukaldariak eta kontsumitzaileak elkartu ditu, lurzoruak eta kanalak lehengoratzeko eta kontzientzia kolektiboa sustatzeko. Haren ekimenak agerian uzten du elkarlanaren eta hazteko ekimen ahalmena, eta, era berean, antzinako jakintzak egungo erronkei erantzuteko duen balioa nabarmentzen du”.
Manu Buffara epaimahaikide eta anfitrioiak irabazlearen lana nabarmendu nahi izan du: “Harrotasun handia da niretzat gastronomiaren bidez mundua eraldatzen ari diren pertsonak Paranán hartzea. Topaketa honek gogorarazten digu sukaldaritza jatetxeetatik harago doala: kultura, identitatea, hezkuntza eta inklusioa da, eta gizartea eraldatzeko tresna indartsua ere bada. Ez da inoiz erraza irabazle bat aukeratzea hain aparteko istorioak ezagutzen ditugunean. Proiektu bakoitzak bere ahotsa, helburua eta eragina sortzeko modu berezia ditu. Brasildarra naizen aldetik, bereziki hunkitzen nau nire herrialdeko ekimenak aintzatetsiak direla ikusteak; batez ere, auzo periferikoetan sortu diren eta gastronomia aukerak sortzeko, duintasuna sustatzeko eta errealitateak eraldatzeko erabiltzen duten ekimenak. Uste osoa dut gastronomiaren benetako balioa ez dagoela soilik platerean zerbitzatzen dugunean, pertsonen bizitzan alda dezakegun horretan ere badagoela. Izan ere, gastronomiak gorputza ez ezik, ametsak ere elika ditzake; bide berriak ireki eta etorkizunak eraldatu”.
Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak,azpimarratu nahi izan du “Sektore estrategikoa izateaz gain, gastronomia, berez, gizartea eraldatzeko tresna boteretsua" dela. Duela hamaika urte Basque Culinary World Prizeren sorrera eta aurrerapena bultzatzeak sendotu egiten du gure ikuspegia: bideak ireki nahi ditugu, errealitateak eraldatu, gizarteari lagundu, eta, azkenik, etorkizuna erein, irismen globaleko ekimenen bidez. Euskadi Basque Country Estrategiaren parte da, eta lurraldearen nazioarteko proiekzioa indartzen du. Argi eta garbi uzten du euskal gastronomia berrikuntza- eta lidergo-iturri bat dela oraindik ere, tradizio luzekoa eta ospe handikoa izateaz gain. Aldaketa sakonen testuinguruan, Euskadik garapen-eredu bidezkoago, jasangarriago eta gizatiarrago batekin duen konpromisoa berresten du BCWPk. Azken finean, elikadura eta gastronomia ongizatearen eta aurrerapenaren palanka gisa kokatzen ditu.”
Bestalde, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak hau adierazi du: “Gastronomiak pertsona inspiratzaileak eta ausartak behar ditu, gure garaiko erronka handiei erantzuteko gai diren proiektuak sustatzen dituztenak, Basque Culinary World Prize sariaren bidez aitortzen ditugunen antzekoak. 2026ko saridunek eta aipamen bereziek agerian uzten dute gero eta indar handiagoa hartzen ari den eta irismen handia duen gizarte-mugimendu bat. Mugimendu hori sustatzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa dugu.”
AIPAMEN BEREZIAK: Edson Leite eta Adélia Rodrigues, Gastronomía Periférica, Brasil
São Pauloko periferian, aukera faltak eta indarkeriak pertsona askoren bizitza baldintzatzen duten lekuan, Edson Leitek beste etorkizun bat eraikitzeko bidea aurkitu zuen gastronomian. Bere auzotik irten eta prestatzeko eta lan egiteko aukera izan zuenean —lehenengo platerak garbitzen, eta gero ospitale, jatetxe eta gurutzaontzietako sukaldeetan—, konturatu zen sukaldaritzak beste pertsona batzuentzat ere izan zezakeela berarentzat izan zuen esanahi bera: irteera bat eta aukera bat.
Proposamena ideia honetatik abiatzen da: gastronomia periferiara eraman beharrean, «periferia gastronomiaren erdigunera eramatea». Programen bidez, biztanle horiek historikoki ostalaritzan izan duten zeregina eraldatu nahi dute; izan ere, askotan garbiketa-lanekin edo lanbidean garatzeko aukera gutxi eskaintzen dituzten lanpostuekin lotuta egon dira. Helburua da pertsona horiek «beren bizitzarako aukera berriak» eraiki ahal izatea.
Horretarako, Gastronomia Periféricak Adélia Rodriguesen hezkuntza-arloko eta giza garapeneko ikuspegia eta Edson Leiteren esperientzia eta ezagutza teknikoak uztartzen ditu. Lanbide-prestakuntzako programak doakoak dira, eta lurralde bakoitzaren ezaugarrietara eta lan-merkatuaren eskakizunetara egokitzen dira. Horretarako, urrutiko hezkuntzako plataformaren bidez eskaintzen diren eduki teorikoak eta sukaldeetan egiten den prestakuntza praktikoa uztartzen dituzte.
BCWP COOKING LEGACY: Jacques Pepin, Jacques Pépin Foundation, Frantzia - Estatu Batuak
Epaimahaiak sortutako ohorezko aintzatespena da, zazpi hamarkada baino gehiagoz sukaldaritzaren arloan bide berriak ireki dituen eta bere ingurunea eraldatzen lagundu duen profesional baten ibilbidea aitortzeko. Eguneroko sukaldaritza herritarrengana hurbiltzeko eta guztion eskura jartzeko egindako lana saritzen du. Aintzatespen berri honekin, BCWP sariak ikuspegi berri bat txertatu du, bere jatorrizko izaerari eutsiz. Izan ere, gaur egun mundu osoko pertsona askok beren kabuz sukaldatzeko aukera izan dezaten lagundu duen profesional baten ekarpena aitortzen du. Horixe da, hain zuzen ere, eraldaketaren adibide garbia.
Hizkera argi eta ulerterraza erabiliz, hogeita hamar liburu baino gehiago eta ehunka telebista-saioren bidez, sukaldaritza hainbat belaunaldiri hurbildu die Estatu Batuetan. Sukaldaritza edonoren eskura dagoela eta bizitzan aurrera egiteko tresna ere izan daitekeela sinetsita, ezagutza hori herritar guztiengana eramaten jardun du. 2016an, alabarekin batera sortutako Jacques Pépin Foundation fundazioaren bidez, sukaldaritza-prestakuntza sustatzen du laneratzeko bide gisa, besteak beste, espetxetik ateratzen diren pertsonentzat, baliabide ekonomiko urriak dituzten gazteentzat eta gerrako beteranoentzat. 90 urte dituela ere, besteek beren kabuz elikatzeko aukera izan dezaten edukiak sortzen jarraitzen du.
Gure garaiko sukaldaritza-hezitzaile handienetako bat da Pépin, eta irakaskuntza izan da haren ibilbidearen ardatz nagusietako bat. Hogeita hamar liburu baino gehiagoren, ehunka telebista-saioren eta irakaskuntza-lan zabalaren bidez, sukaldaritza hainbat belaunaldiri hurbildu die, modu argi eta praktikoan. Hala, gastronomia ikasteko, ulertzeko eta lantzeko modua eraldatzen lagundu du, bai esparru profesionalean, bai etxeetan. Prestakuntzarekiko konpromisoa unibertsitate-esparrura ere eraman zuen: 1990eko hamarkadaren hasieran, Julia Child-ekin batera, Gastronomiako master aitzindari bat jarri zuen abian Bostongo Unibertsitatean, gastronomia ezagutza- eta ikasketa-arlo gisa aitortzen laguntzeko.
Hautatze-prozesua
1.400 hautagaitza eta 42 herrialdetako 940 izendatu baino gehiago aztertu ditu prentsak “Gastronomiaren Nobela” izena eman dion eta nazioarteko prestigiodun akademikoek eta adituek —tartean sukaldari garaikiderik onenetako batzuek— babesten duten sari honek.
Gastronomia hainbat arloren —gizarteratzearena, berrikuntzarena, jasangarritasunarena eta hezkuntzarena, besteak beste— motor izan daitekeela erakusten duten mundu osoko profesionalak izendatzen bi hilabetez jardun zuten industriako eta sektoreko profesionalek eta erakundeek. Basque Culinary Centerrek, berriz, lantalde bat jarri zuen abian, hainbat profil bilatzeko eta egiaztatzeko prozesu sakon bat egin zezan.