Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

EDA Drinks & Wine Campusek Ardoaren eta Edarien Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Gradua aurkeztu du

02 Azaroa 2026

Gaur aurkeztu da Ardoaren eta Edarien Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Gradu berria. Basque Culinary Centerreko Gastronomia Zientzien Fakultateak sustatutako prestakuntza bat da, EDA Drinks & Wine Campus ekimenaren barruan kokatzen dena. Ardoaren eta edarien sektorearen bilakaera zientziaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta negozioaren ikuspegitik bultzatzeko gai izango diren profesionalen belaunaldi berri bat prestatzeko diseinatu da. Aurkezpena Gasteizen egin da, han egongo baita gradu berria eskainiko duen campusaren egoitzetako bat.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak aurkeztu du ofizialki gradu berria. Prestakuntza-proposamenaren helburua da ardoaren eta edarien sektoreak gaur egun bizi dituen erronkei erantzutea: klima-aldaketara eta kontsumo-ohituren bilakaerara egokitzea, jasangarritasuna eta digitalizazioa kontuan hartzea, eta teknologia berriak —hala nola adimen artifiziala— txertatzea. 

Gradua EDA Drinks & Wine Campus ekimenaren barruan kokatzen da, zeinaren helburua baita ardoaren eta edarien sektorearen inguruko prestakuntza, ikerketa, berrikuntza, ekintzailetza eta enpresak elkarrekin lotzea. Helburua da ezagutza sortzea, proiektu berritzaileak bultzatzea eta sektoreari —zeina eraldaketa-prozesu betean baitago—  irtenbide zehatzak eskaintzea.

Gradua Gasteizko eta Guardiako ( Arabako Errioxa) egoitzetan emango da. Lau urteko iraupena izango du, eta ikasleek sektorearen ikuspegi integrala garatzeko aukera izango dute, lehengaien jatorria, elaborazioa, berrikuntza, kontsumitzaileen esperientzia eta merkaturatzea uztartuta. «Enologiak eta ekoizpenak funtsezkoak izaten jarraituko dute, baina, sektorearen etorkizuna bermatzeko, negozioa, jasangarritasuna, kultura, gastronomia eta teknologia berriak ulertzen dituzten pertsonak ere behar dira. Aukerak identifikatzeko eta aukera horiek inpaktu handiko proiektu bihurtzeko gai izango diren profesionalak prestatu nahi ditugu», azaldu du Joxe Mari Aizegak.

Prestakuntza ikaskuntza praktikoan oinarritutako metodologia baten bidez garatuko da. Lehen ikasturtetik, ikasleek benetako erronkei helduko diete, eta ardoa, garagardoa, sagardoa eta bestelako edariak elaboratzen parte hartuko dute. Horretarako, azpiegitura espezializatuak erabiliko dituzte, hala nola mahastiak, laborategiak, instalazio pilotuak, dastatze-aretoak eta ideiak benetako proiektu bihurtzeko diseinatutako esperimentazio-guneak. 

Gainera, graduak lotura estua izango du sektoreko profesionalekin. Horri esker, ikasleek praktikak egin ahal izango dituzte upategietan, edari-enpresetan, ikerketa-zentroetan, enpresa berritzaileetan eta bestelako erakunde espezializatuetan, prestakuntza osoan zehar. Era berean, ikasleek nazioarteko esperientzien bidez osatu ahal izango dute ikaskuntza. Esperientzia horiei esker, ikuspegia zabaldu eta sektoreko errealitate eta joera desberdinak ezagutu ahal izango dituzte, testuinguru global batean. 

Gradu berria abian jarrita, Basque Culinary Centerrek eta EDA Drinks & Wine Campusek, bere sustatzaile diren Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin, eta Vitoria-Gasteizko Udalaren lankidetzarekin, talentua, ikerketa eta berrikuntza sustatzeko konpromisoa indartu dute, tradizioa, lurraldea, gastronomia, teknologia eta nazioarteko proiekzioa uztartzen dituen sektore estrategiko batean.

Ardoaren eta edarien sektorea ekonomiari egiten dion ekarpenagatik, enplegua sortzeko duen gaitasunagatik eta lurraldearen garapenean duen eraginagatik, jarduera estrategiko bat da. Euskadin, elikagaien, edarien eta tabakoaren industriak 14.800 pertsona inguru enplegatzen ditu, eta 2024an %28,3ko hazkundea izan zuen bere balio erantsian, bere dinamismo ekonomikoa agerian utziz. Espainian, ardoaren sektoreak 22.350 milioi euroko ekarpena egiten du, BPG-aren %1,6ren parekoa, eta 386.000 enplegu baino gehiago sostengatzen ditu. Europan, elikagaien eta edarien industriak ia 300.000 milioi euroko balio erantsia sortzen du, eta 4,8 milioi pertsona enplegatzen ditu. Datu horiek agerian uzten dute sektorearen iraunkortasun-, eraldaketa teknologiko- eta nazioartekotze-erronkei aurre egiteko profesional espezializatuak prestatzeko beharra, eta horri erantzutera dator Ardoaren eta Edarien Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Gradua.

Aurkezpen-ekitaldian, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, eta Maider Etxebarria, Vitoria-Gasteizko alkateak hartu dute parte. Jardunaldian, gainera, sektoreko hainbat arlotako profesionalak bildu dira, mahai-inguru honetan: «Pasioa lanbide bihurtzea: ardoaren eta edarien sektorea birdefinitzen ari diren profilak». Naiara Vidal Lecue Gastronomia Zientzien Fakultateko zuzendari akademikoak moderatu du saioa. Honako hauek hartu dute parte: Juan Valdelana, enologoa, nekazaritza-ingeniaria eta Bodegas Valdelanako zuzendari teknikoa; Esther Merino, edarien garatzailea; Alba Donadeu, Boga Garagardoa enpresako zuzendaria eta ekoizpen-arduraduna; eta Joseba Astarbe, Astarbe Sagardotegiko jabekidea, kudeatzailea eta ekoizlea.

Ardoaren eta Edarien Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Graduari buruz

Asmoa da Ardoaren eta Edarien Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Gradua 2027-2028 ikasturtean abian jartzea, eta prestakuntza Guardiako eta Gasteizko egoitzetan emango da. Bi gune horiek ezagutza praktikara eramateko eta ikasleak lehen egunetik bertatik sektorearen errealitatera hurbiltzeko diseinatu dira. 

Guardian, ikasleek mahastiekin, lurraldearekin eta elaborazio-prozesuekin harreman zuzena izanda ikasiko dute, ardoa paisaiaren, kulturaren eta tokiko nortasunaren parte den ingurune batean. Campus horri esker, ardoak nola sortzen diren, zer bilakaera duten eta erabaki bakoitzak azken emaitzan zer eragin duen ulertu ahal izango dute. Gasteizko egoitza, berriz, edarien unibertso osoari begira egongo da. Etengabe aldatzen ari den sektore honetan proposamen berriak esperimentatzeko, garatzeko eta baliozkotzeko diseinatutako gune bat izango da: hartzitutako edariak eta alkoholik gabeko edariak, nahiz produktu, teknologia eta esperientzia berriak.

Programa akademikoan, honako irakasgai hauek aurreikusten dira, besteak beste: Lurzorua eta klima; Klima-aldaketara egokitzea ardoaren eta edarien sektorean; Mahastizaintzari eta enologiari aplikatutako teknologia berriak; Edari berritzaileen elaborazioa; Ardoaren eta edarien marketina eta merkaturatzea; Ekintzailetza eta negozioen garapena; Datuen analisia eta erabakiak hartzea; eta Hartzidura aurreratua.

2027-2028 ikasturterako ezarritako prezioa 11.903 eurokoa da. Onarpen-prozesuari buruzko informazio guztia Basque Culinary Centerren webgunean eta EDA Drinks & Wine Campusen webgunean dago eskuragarri. Gradurako sarbidea errazteko, EDA Drinks & Wine Campusek hainbat beka-lerro abian jartzea aurreikusten du, baina beka horiek zehazten ari dira oraindik.

 

Desarrollado por: GureMedia