Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

‘Noor: Cocinar pasados posibles’ eta ‘Mallorca, un receptari’ lanek emango diote hasiera eta amaiera, hurrenez hurren, Culinary Zinemari

26 Abuztua 2026

Bost filmez osatuta dago Zinemaldiaren 74. edizioko Culinary Zinema saila, horietako lau mundu-estreinaldi gisa programatuak. Culinary Zinemako lanen bidez, Kordobako Noor jatetxeko sukaldaritza andalusiaren berrinterpretazioa, Mallorcako gastronomiaren tradizioa, Pedro Subijana sukaldariaren funtzioa Euskal Sukaldaritza Berriaren bultzatzaile gisa, Borgoina eskualdeko ardoaren kultura eta Tokioko Yasuhiko Mitani jatetxe esklusiboa ezagutuko ditugu. Bost filmak Culinary Zinema saria eskuratzeko lehiatuko dira (10.000 euro film irabazlearentzat).

Basque Culinary Centerreko zuzendariak —Joxe Mari Aizegak— eta Donostia Zinemaldiko zuzendariak —José Luis Rebordinosek— gaur goizean aurkeztu dute Culinary Zinema saila Goe-Gastronomy Open Ecosystemen; sailak emanaldiekin lotutako bost afari tematiko ere bilduko ditu.

Noor: Cocinar pasados posibles / / Noor: Eating History filmak —Carlos Velascok (Madril, 1981) eta Kate Huk (Taipei, 1982) zuzendutako ez-fikziozko filmak, sailari hasiera emango dionak— Paco Moralesek eta Paola Gaulandik Al-Andalusen herentzia Kordobako Noor jatetxeko goi-mailako sukaldaritzaren bidez nola interpretatzen duten aztertzen du. Velasco & Hu bikote sortzailea osatzen duten bi errealizadoreek hainbat film labur eta Para qué sirven las canciones de amor (2023) eta Mar menor, mal mayor (2025) film luzeak zuzendu dituzte.

Mallorca, un receptari / Mallorca, a Cookbook filmak emango dio amaiera Culinary Cinema sailari; Mallorcako hainbat herritan zeharreko ibilbide bat proposatzen digu pelikulak, eta belaunaldiz belaunaldi inguruko sasoiko produktuekin egindako plateren bidez hango sukaldaritza tradizionala zabaltzeko jomuga du. Zuzendaria, Pablo Bujosa Rodríguez (Palma, 1980), sortzailea eta dokumental-errealizadorea da. Mallorcarrak zuzendutako film luzeen artean nabarmengarriak dira Spanish Hollywood (2009), J. L. Sert / Un sueño nomada (2013) eta Postcards & Memories (2017).

MITANI – The Mariage of Sushi Keita Ideno japoniarrak (Osaka, 1975) Ivan Kovac australiarrarekin (Newport Beach, 1974) elkarlanean filmatutako ez-fikziozko pelikula da, Yasuhiko Mitaniren munduan barneratzen dena. Mitani Tokioko sushi-jatetxe esklusibo baten jabea da, sei lagunentzat bakarrik eta lau urteko itxaron-zerrenda du. Ideno muntaketa-laguntzaile gisa hasi zen lanean; geroago Kusama: Infinity (Heather Lenz, 2018; Sundanceko dokumentalen lehiaketan lehiatua) idatzi eta muntatu zuen, eta Coroner to the Stars (2025) zuzendu zuen. Kovacek, bestalde, publizitatean, bideo musikaletan eta zineman egin du lan argazki-zuzendari gisa.

Michael Dweck (Brooklyn) eta Gregory Kershaw (Utica) estatubatuarrak jada izan dira Culinary Zineman; zehazki, The Truffle Hunters (2020; Sundancen estreinatua), The Last Race (2018; egilearen lehen lana, Sundancen estreinatua) eta Gaucho Gaucho (2024; Locarno Piazza Granden ere lehiatua). Oraingoan, Burgundy aurkeztuko dute, Veneziako zinema-jaialdiko Venice Openen lehiaz kanpo estreinatu ondoren Donostiara iritsiko den film bat, Borgoina eskualdeko ardoaren kultura esklusibo eta liluragarriari buruzkoa, fikzioa eta ez-fikzioa nahasten dituena.

Azkenik, Subijana, más allá de un bigote / Subijana: The Man Behind the Moustache, Jorge Fernández Mayoralen (Logroño, 1982) eta Jesús Javier Ruiz Aquerretaren (Iruña, 1975) lan berria da. Ez-fikziozko film honek Pedro Subijana sukaldari gipuzkoarraren kontakizun intimo eta pertsonala eskaintzen dio ikus-entzuleari. Euskal Sukaldaritza Berriaren bultzatzaile handienetako bat, Espainiako gastronomiaren eraldaketan funtsezkoa izan da Subijana.

Generalitat de Catalunyako Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura Saila Culinary Zinemaren babeslea da.

Afari tematikoak

Culinary Zinema Saileko bost filmekin batera, afari tematikoak egingo dira irailaren 22tik 25era. Ohiko formatuan egingo da Culinary Zinema, hots, mahai bakoitzeko hamar mahaikide izango ditu, esperientzia aberasteko elkarrizketak bultzatze aldera. Basque Culinary Centerreko ikasle, irakasle eta ekitaldietako taldeak afari guztietan parte hartuko dute, nola sukaldean hala aretoan lagunduta.

Emanaldietarako eta afari tematikoetarako sarreren prezioa 90 eurokoa da, eta Basque Culinary Centerren egingo dira, Yasuhiko Mitaniren afaria izan ezik; hori Goe – Gastronomy Open Ecosystem-en egingo da, eta prezioa 175 eurokoa izango da. Japoniako sukaldariak, salbuespen gisa, 16 laguneko talde bati eskainiko dio esperientzia gastronomiko hau; ezohiko aukera izango da, izan ere, bere jatetxean, normalean, gehienez sei lagunekin lan egiten du.

Culinary Zinemako afari tematikoak irailaren 22an hasiko dira, Noor: Cocinar pasado posibles / Noor: Eating History filmaren emanaldiaren ondoren. Filmeko protagonistek —Paco Moralesek eta Paola Gualandik— diseinatutako menu batez gozatu ahalko dute mahaikideek. Proposamenak hiru Michelin izarreko jatetxeko chefek sukaldaritza andalustarraz duten ikuspegi berezia ekarriko du mahaira, ikerketa historiko eta kulturalean eta Al-Andalusen errezeta, zapore eta tradizioen berrinterpretazio garaikidean funtsatuta. Ondare hura gaur egungo ikusmoldetik berreskuratzen duen sukaldaritza, plater bakoitza historia, kultura eta sormen gastronomikoaren arteko elkarrizketaren adierazpide izanik.

MITANI – The Mariage of Sushi filmaren emanaldiaren ondorengo afaria Yasuhiko Mitani sukaldari japoniarraren eskutik etorriko da. Oraingo honetan, 16 lagunentzako esperientzia gastronomiko esklusiboa eskainiko du GOe-Gastronomy Open Ecosystem jatetxean, irailaren 23an bertan. Proposamen intimo eta paregabea, japoniarraren sukaldaritza ezaugarritzen duten filosofia, teknika eta sentsibilitatera hurbiltzeko aukera emango diena mahaikideei: edomae estilo tradizionalean espezializatua, zehaztasunez ondutako denboraldiko arraina uztartze iraultzaileekin konbinatuko du Mitaniren menuak, mahaikideak pantailatik harago eramanez, dokumentalean erretratatutako sukaldaritzaren unibertsoa bertatik bertara ezagutarazte aldera. Afari honek, gainera, APAR jatetxearekin batera ongietorri bat izango du, non filmaren ekoizleekin eta sukaldariarekin berarekin elkarreragin ahal izango den. Gaua mahai inperialean jarraituko da, eta bertan Mitani sukaldariak esperientzia gastronomikoaren elaborazio nagusiak prestatuko ditu zuzenean.

Burgundy filmarekin batera, hilaren 23an (asteazkena) sei eskuzko afaria egingo da Milla Loreko Álex Lizarraga eta Édgar Jiménezen eta Casa 887ko Antonio Belottiren eskutik. Hiru sukaldariek sukaldaritzari buruz dituzten begiradak uztartuko dituzte inspirazio frantseseko proposamen batean, bereziki pentsatuta egonik menua, eta filmean islatzen den bezalaxe, Borgoinako gastronomia- eta ardogintza-kulturarekin elkarrizketan, jakina. Esperientzia honek pelikularen funtsa mahaira eramango du, Frantziako eskualdeen artean gastronomia eta ardogintza garatuenetakoa duen baten zaporeak, nortasuna eta izaera aztertzeko aukera emateaz gain, sukaldaritzaren bitartez betiere. Gainera, filmean bezala, afariaren zati bat Bertrand Devillard-eko bi bodega garrantzitsuenetako ardoekin uztartuko da: Château de Chamirey eta Domaine des Perdrix

Subijana, más allá de un bigote / Subijana: The Man Behind the Moustache filmarekin batera, Azurmendiko Eneko Atxa, HIKAko Roberto Ruiz, ARREA!ko Edorta Lamo eta Molino de Urdánizeko David Yárnoz izango dira. Sukaldari bakoitzak plater-hautaketa bat emango dio menuari, sukaldaritza ulertzeko duen modu berezia islatzen duten platerak izanik. Hala, euskal gastronomia garaikideari buruzko hainbat begirada bilduko dituen proposamen bat dastatuko dute jankideek. Afaria omenaldi bat ere izango da Subijanaren ibilbideari eta Euskal Sukaldaritza Berriaren bultzatzaile gisa hark izandako rolari, eta haren ondarea aintzatetsiko du, sukaldari-belaunaldi berriak zenbateraino inspiratzen dituen nabarmenduz. Gainera, gauaz gozatzeko, postrea Armintz Gorrotxategik egingo du, Tolosako Gorrotxategi txokolategile-maisuen dinastia historikoaren laugarren belaunaldiak, hain justu ere.

Mallorca, un receptari / Mallorca, a Cookbook filma —Mallorcako tradizio gastronomikoa uharteko herrietan zehar eta sasoiko produktuen eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako errezeten medioz errepasatzen duena— ere afari batez lagunduta egongo da irailaren 25ean (ostirala); lau eskuzko afaria, zehazki, Ca na Toneta eta Celler Toneteko Maria Solivellasen eta Andreu Genestra jatetxeko Andreu Genestraren esku egongo da. Bi sukaldariek Mallorcako sukaldaritzarekin eta lurraldearekin duten lotura berezia eramango dute mahaira, hango produktuen, tradizioaren eta uhartearen memoria gastronomikoaren balioa azpimarratuz. Mallorcako sukaldaritza aldarrikatuko da proposamen horren bitartez, nortasun-adierazpen gisa ez ezik, bilakatzen jarraitzen duen ondare bizi legez ere bai.

 

Desarrollado por: GureMedia