Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

Ireki da Basque Culinary World Prize ideia eraldatzaileak dituzten sukaldarientzako sariaren 5. ediziorako izendapenak egiteko deialdia

20 Otsaila 2020

Gaur ireki da ofizialki Basque Culinary World Prize sariaren 5. ediziorako izendapenak egiteko prozesua. Saria urtero ematen da, eta “sukaldaritzaren esparrua gainditu” eta beste hainbat arlotan, esaterako teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien ekoizpenean edo garapen sozialean eta ekonomikoan eragina duten sukaldari aitzindarientzat da.

Sari aitzindari eta global honek, zeinak orain bosgarren urtea egiten baitu, munduko sukaldari hoberenen babesa dauka. Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek elkarrekin sortutako sari honek goraipatzen du sukaldariek beren sormena, ezagutza, lidergoa eta ekintzailetza erabiliz gizartearen barruan aldaketa bat sortarazteko duten ahalmenari esker gastronomiak eduki dezakeen inpaktua.

Munduan eraginik handienekoak diren sukaldariek eta nazioarteko akademikoek eta adituek eratutako diziplinarteko epaimahai batek aukeratuko du irabazlea. Urtero, bere lanarekin sariaren espiritua –gastronomiaren bitartez gizartea eraldatzea– adierazten duen sukaldari bat aukeratzen dute.  Sari gisa 100.000€ emango dira, gastronomiaren ahalmen biderkatzailea adierazten duen ekimen batean erabiltzeko.

Izendapenak egiteko aldiaren irekiera:

Maiatzaren 4a baino lehen (90 egun baino gutxiago), gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek gastronomia aldaketaren eragile bihurtu daitekeela erakusten duten sukaldariak izendatu ahal izango dituzte.  Izendapenak Basque Culinary World Prizeren web orriaren bitartez egin behar dira:

www.basqueculinaryworldprize.com

Sari honek komunitate gastronomikoaren ezagutza kolektibora jotzen du mundu osoko profesionalak aurkitzeko, eta sektorean esperientzia profesionala duen edozein sukaldariri irekita dago, berdin dela zer kultura, nazionalitatea edo nabarmentasuna duen.

Izendapenetarako prozesua:

Izendapenak egiteko epea bukatu eta gero, aditu eta akademiko ospetsuekin eratutako batzorde teknikoak hautagaiak ebaluatu eta hamar finalista aukeratuko ditu.

Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluak 2020ko irailean Japonian egingo duen hamargarren urteko bileran aukeratuko da irabazlea. Yoshihiro Narisawa sukaldari japoniarra izango da topaketaren anfitrioia, eta Joan Rocak (Espainia) presidituko duen eta munduan eraginik handienekoak diren sukaldariek osatutako epaimahai batek egingo du aukeraketa, tartean, Andoni Luis Aduriz (Euskadi), Eneko Atxa (Euskadi), Massimo Bottura (Italia), Manu Buffara (Brasil), Dominique Crenn (AEB), Trine Hahnemann (Danimarka) eta Enrique Olvera (Mexiko).

“Basque Culinary World Prize da gaur egun, gure lanbideak duen erantzukizun handia eta elikadurak planetako ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasunean duen eragina ulertuta, sukaldaritza oso modu desberdinean hartzen dugun sukaldariok gehien errespetatzen dugun saria. 5. edizio honetan munduko alde guztietako komunitate gastronomikoa osatzen duten pertsona guztiak gonbidatzen ditugu izendapenetan parte hartzera. Hala, jendearen artean merezi duten ospea agian ez duten historia eraldatzaileak eta inspiratzaileak deskubritzen jarraituko dugu, ekimen hain inspiratzaile honetan adierazpide eduki dezaten.” Esan du Joan Rocak, sariaren epaimahaiko presidenteak, Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluko kideak eta El Celler de Can Roca (Girona, Espainia) jatetxeko sukaldariak.

Bermea duen saria:

2019an, Anthony Myint estatubatuarra izendatu zuten sariaren irabazle, gastronomiaren bitartez gizarteak duen erronka larrienetako bati aurre egiteagatik: klima aldaketari. Ikerketa eta tresna praktikoak konbinatuz, Myint San Frantziskotik ari da, ZeroFoodprint proiektuaren eta The Perennial Farming Initiative ekimenaren bitartez, mundu osoko jatetxeekin elkarlanean, ingurumenean duten inpaktua murriztuko duten neurrirako konponbideak aurkitzeko.

“Benetan hunkituta nago Basque Culinary World Prize sariak elikaduraren munduaren barruko irtenbide baikorretan fokua ipini duelako, eta oso ohore handia da niretzat mugimendu handiago baten hasiera izango dela espero dudan honen ordezkari izatea” adierazi zuen Anthony Myintek, Basque Culinary World Prizen 2019ko edizioko irabazleak.

Aurreko edizioetan, Eskoziako Jock Zonfrillo chefak eskuratu zuen Basque Culinary World Prize saria (2018). Australiako jatorrizko herrixken elikadura oroimena gordetzeko ari da lanean, eta kultura zahar hori ezagutzeko eta aldarrikatzeko zereginean dabil buru-belarri. Kolonbiako Leonor Espinosa chefak eskuratu zuen saria 2017an, Funleo fundazioaren bidez Kolonbiako herrixken aspaldiko jakintza aldarrikatzeagatik. Inaugurazio urtean (2016), berriz, Venezuelako Maria Fernanda di Giacobbe chefak jaso zuen saria, hezkuntzan, ekintzailetzan, ikerketan eta garapenean oinarrituta eta kakaoa,  Venezuelako nortasun, kultura eta aberastasun ekonomikoaren iturria den heinean, ardatz hartuta abian jarritako ekimenari esker.

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerek, biak sariaren sortzaile izanik, hau adierazi dute beren ordezkarien bitartez:

Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburuak, nabarmendu du sari “bakar eta orokor hau Eusko Jaurlaritzak duen EUSKADI-BASQUE COUNTRY Estrategia inklusibo eta anbiziotsuaren parte da, jakin baitakigu soilik lankidetzatik irabazi ahal izango dugula gure espazio propioa munduan, eta soilik horren bidez indartu ahal izango dugula Euskadi nazioarteko erreferentziazko lurralde gisa. Munduari beti ateak zabaldu izan dizkion herrialde baten ibilbide eta eskarmentu egiaztatua daukagu, eta, gainera, euskal komunitate aktiboen sare propio bat dugu atzerrian, Euskadi nazioartekotzeko erronkarekin erabateko konpromisoa duena. Basque Culinary World Prize eta pareko ekimenen bidez, gizarte eredu bidezkoago eta iraunkorrago bat osatzen laguntzen dugu, zeina pertsonen zerbitzura egongo den”.

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, ordea, azpimarratu du “Basque Culinary World Prizek nabarmendu du nola fenomeno global batek –gastronomiak– gizartea eraldatu dezakeen indar bihurtzen den eta gizarte garaikideek dituzten erronkei aurre egin eta erantzuna eman ahal dien. 5.edizio honetan, fenomeno hori sendotzen jarraitu nahi dugu, sukaldariek aldaketa sozialerako eragile gisa duten zeregin aktiboa agerian uzten duten historien eta aktoreen bitartez.”  

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com