Mantala Basque Gastronomyk, Basque Culinary Centerrek eta Hazi Fundazioak euskal gastronomia balioan jartzeko bultzatutako proiektuak, EUSKAL SUKALDARITZA BERRIA: atzo, gaur eta bihar liburua aurkeztu du gaur K5 Txakolina Upategian. Argitalpena Euskal Sukaldaritza Berriaren 50. urteurrenaren harira sortu da.
Aurkezpen editorial batetik harago, topaketan omena egin zaio sukaldea, produktua, lurraldea eta ezagutza partekatua ulertzeko modua eraldatu zuen belaunaldi hari. Euskal Sukaldaritza Berria ez zen sukaldaritza-berrikuntza soil bat izan: ateak ireki zituen, sekretismoa atzean utzi zuen, eta trukean, konplizitatean eta begirada kolektiboan oinarritutako lan egiteko modu berri bat ekarri zuen.
Liburua, hain zuzen ere, ideia horretatik jaio da. Andoni Beristain artista bisualak sortutako 50 irudiren eta gastronomiari, kulturari eta euskal gizarteari lotutako pertsonen 50 esaldiren bidez, argitalpenak elkarrizketa bat proposatzen du memoriaren eta orainaren artean, argazkiaren eta hitzaren artean, mugimendu hura izan zenaren eta gaur egun oraindik etorkizunera proiektatzen duenaren artean.
Euskal Sukaldaritza Berriari berriro begiratzeko liburu bat
EUSKAL SUKALDARITZA BERRIA: atzo, gaur eta bihar liburuak ez du mugimenduaren irakurketa kronologiko edo itxi bat proposatzen. Aitzitik, beste leku batetik berriro begiratzera gonbidatzen du: irudi sinbolikoen, esaldi laburren eta begirada askotarikoen bidez, haren ondarearen zabaltasuna ulertzeko aukera emanez.
Orrialdeetan sukaldarien, ekoizleen, kultur eragileen, kazetarien, artisten eta euskal gastronomiako belaunaldi desberdinetako ordezkarien ahotsak biltzen dira. Argitalpenak Euskal Sukaldaritza Berriari beste modu batera begiratzen dio: gastronomiaren historiako kapitulu funtsezko gisa, baina baita gaur egun ere bizirik dagoen jarrera gisa ere. Jarrera horren oinarrian daude ezagutza partekatzea, besteengandik ikastea, mundura begiratzea eta jatorrira galdera berriekin itzultzea.
Liburuan jasotako esaldietako batek, Martin Berasateguik sinatutakoak, honela dio: “hacer escuela es transformar la experiencia individual en un patrimonio colectivo, donde el conocimiento se comparte, el compañerismo lo fortalece y cada generación ayuda a crecer a la siguiente, dando lugar a un legado que pertenece a todos”.
Elena Arzakek ere, argitalpenean parte hartzen duen ahotsetako batek, sormenetik eta produktutik laburbiltzen du espiritu hori: “Desde la esencia de la tierra, la pureza del producto, brotar y crear, abrir las puertas a la creatividad, hacer magia con los pucheros, eso es la Nueva Cocina Vasca”.
Ildo berean, Pedro Subijanak mugimendu hura posible egin zuen espiritu kolektiboa zaintzera dei egiten du liburuan: “Me gustaría que ese espíritu de coopetición, de unión y de respeto entre las diferentes formas de ver la cocina y de hacer país nunca se rompiera por más que cambien los tiempos. Pero sin conformarse. Beti aurrera, denok batera!”.
Bidea ireki zutenei egindako omenaldia
Aurkezpen ekitaldiak Euskal Sukaldaritza Berriaren protagonista izan ziren pertsona batzuk partaide izan ditu, baita gastronomiaren, kulturaren eta erakundeen esparruko ordezkariak ere. Parte-hartzaileen artean izan dira Karlos Arguiñano, Pedro Subijana, Ramon Roteta, Tatus Fombellida, Elena Arzak, Martín Berasategui eta Hilario Arbelaitz urteurren honen esparruan omendutako figurak.
Topaketan parte hartu dute, halaber, Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, eta Amaia Arguiñanok, K5 Txakolina Upategiko ekitaldiaren anfitrioiak. Kulturaren esparrutik, Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak eta Toti Martínez de Lezea idazleak parte hartu dute; azken hau ere liburuan jasotako ahotsetako bat da.
Argitalpena mahai-inguru batean aurkeztu da, Andoni Beristain irudien egilearekin, Imanol Zubelzu proiektuaren arduradunarekin; Elena Arzak, liburuan parte hartu duen ahotsetako bat eta Euskal Sukaldaritza Berriaren ondarea gertutik bizi izan duen pertsonetako bat eta Aitor Arregi sektore gastronomikoaren ordezkariarekin eta argitalpeneko ahotsetako batekin.
Ekitaldia esku-hartze artistiko eta musikalekin osatu da, euskal gastronomia kulturarekin, lurraldearekin eta sorkuntzarekin elkarrizketan jarri zuen belaunaldi hari egindako omenaldiaren parte gisa pentsatuta.
Atzo, gaur eta bihar
Liburuaren izenburuak proiektuaren zentzua laburbiltzen du: atzo, gaur eta bihar. Atzo, bide bat ireki zutenena. Gaur, ondare hori orainalditik berriro begiratzen dutenena. Eta bihar, jasotako guztia nola zaindu, aktibatu eta etorkizunera proiektatu galdetzen jarraitzen duen euskal gastronomiarena.
Mantala Basque Gastronomyrentzat eta Basque Culinary Centerrentzat, argitalpen hau Euskal Sukaldaritza Berriaren ondarea aitortzen eta aktibatzen jarraitzeko borondatearen parte da, orainari interpelatzen dion herentzia bizi gisa ulertuta.
Berrogeita hamar urte geroago, historia hartara itzultzeak jasotako guztiarekin gaur egun zer egiten dugun galdetzea ere esan nahi du. Izan ere, liburu honek erakusten duen bezala, Euskal Sukaldaritza Berriaren garrantzia ez dago utzi zituen plateretan soilik, inauguratu zuen jarreran baizik.
Liburua laster egongo da eskuragarri Basque Culinary Centerreko online dendan.