Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

Argentinako, Koreako, Japoniako, Mediterraneoko, Euskal Herriko eta Vietnamgo gastronomiek oinarritu dute Culinary Zinemaren bederatzigarren edizioa

02 Iraila 2019

Culinary Zinemak, Donostia Zinemaldian zinema eta gastronomia uztartzen dituen sailak, askotariko osagaiak izango ditu bederatzigarren urte honetan. Haietako batzuk ukigarriak dira: adibidez, gazta eta txokolatea. Baina badira osagai ukiezinak ere: esaterako, tokiko ekoizleekiko harremana, harrera-herrialdeko integrazioa, familiako transmisioa, edertasuna eta elikagaien propietate sendagarriak.

Berlinaleko Panorama sailean Byakuyako / Into the White Night (2011) aurkeztu ondoren, Yoshihiru Fukagawak (Chiba, Japonia, 1976) Donostiara ekarriko du Sora no restaurant filmaren Europako estreinaldia. Gaztagile bat da filmaren ardatza; izan ere, sukaldari batek bisita egiten dionean, lagunekin batera egun bateko jatetxea muntatzeko ideia bururatuko zaio. Jakiak prestatzeko, bertako eta zero kilometroko produktuak erabiliko dituzte.

Japoniako beste ekoizpena Takashi Watanaberena izango da. Telebistarako zenbait dokumental egin ondoren, Seattleko eta Tokioko zinema-jaialdietan hautatu dute zuzendu duen lehen film luzea, Le chocolat de H. Filmak maisu txokolategile eta pastelgile ospetsu bati jarraituko dio; Parisen bost aldiz irabazia du Salon du Chocolat lehiaketa, baina oraindik ere Japonian eta Ekuadorren zehar bidaiatuko du errezeta berrien bila.

Park Hye-ryoungek 40tik gora dokumental zuzendu ditu Hego Koreako telebistarentzat, eta The Wandering Chef Hotdocs zinema-jaialdian estreinatu zuen. Filmaren protagonistak, Jiho Im sukaldari famatuak, herrialde osoa ibiliko du osagai sendagarrien bila.

Mariko Bobrikek ibilbide nabarmena egin du laburgintzan: Kooniklaster-ekin (2007) nazioarteko film labur onenaren saria irabazi zuen Los Angelesko zinema-jaialdian, eta Necesito saber (2015) Cannesen aurkeztu zen. Gainera, Cinéfondation (2012) eta Berlinale Talents (2013) programetan aukeratu zuten poloniar zinemagilea. Bere lehen film luzean, The Taste of Pho, vietnamdar sukaldari bat jarri du ardatzean. Varsovian bizi da, eta ahaleginak eta bi egingo ditu Europako kulturara moldatzeko, alabak erabat barneratu baitu.

Michael Leiren lehen film luzea, Un sabor de cielo / A Taste of Sky, Tribecako zinema-jaialdian estreinatu zen. Bi boliviarren patua gurutzatuko du filmak; hain zuzen, Gustu jatetxe eta gazte behartsuentzako sukaldaritza-eskolan ikasten ari dira biak ala biak. Proiektua Claus Meyerrek jarri zuen martxan, lautan munduko onena izendatutako Noma jatetxearen sortzaileetako batek.

Iaz, Alfred Oliverik Culinary Zineman aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Tegui: Un asunto de familia.Oraingoan, La leyenda de Don Julio: corazón & hueso aurkeztuko du, auzoko parrila erreferentziako haragi-erretegi bihurtu duen hiru belaunaldiko familia bati buruzko filma.

Cocinar belleza filmean, galdera bati erantzuten saiatuko da Sergio Piera: zaporea ederra izan daiteke? Toni Segarra publizistaren eta Quique Dacosta sukaldariaren gidaritzapean, eztabaidak artista talde bati helaraziko dio galdera hori. The Mediapro Studiok ekoiztu du filma.

Iñaki Arteta (Bilbo, 1959), Trece entre mil (2005) eta 1980 (2014) lanen egilea, Etxebarri jatetxeko sukaldariaren izaerara gerturatuko da Bittor Arginzoniz. Vivir en el silencio filmean; izan ere, sukaldari autodidakta izanik, munduko onenen artera eraman du bere jatetxea.

Azkenik, Mikel Urretabizkaia kazetaria, El secreto de Urdaneta dokumentalaren egilea, Urbia, Aralar eta Gorbeiako mendikateetan barrenduko da Idiazabal gaztaren unibertsoa arakatzeko. Besteak beste, Eli Arrillaga, Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa eta Joan Rocaren lekukotzak bildu ditu Gazta filmean.

Film laburrak
Igor Arabaolazaren Zer jan hura izan film laburrak ekoizle eta sukaldarien lekukotzen bitartez aztertuko ditu gastronomiarekin lotutako zenbait alderdi: jasangarritasuna, belaunaldien erreleboa, eta ekoizlearen eta baserritarren munduaren garrantzia sukaldean.

Era berean, sailean proiektatuko dira Espainiako Nespresso Talents lehiaketa irabazi duten hiru film laburrak: La receta de la vida (Marta López eta Eduardo Peiró), Huele a ti / Smells Like You (Marc Vadillo eta Marwan Sabri) eta Nouvelle Cuisine (José Prada eta Victoria Fresneda).

Afariak
Saileko bederatzi film luzeetatik zazpik afari tematikoa izango dute irailaren 22tik 27ra bitarte Basque Culinary Centerren, Ni Neu jatetxean eta Tabakalerako LABe eremu berrian. Emanaldi afaridunera joateko sarrerak datorren ostiralean jarriko dira salgai, irailaren 6ko goizeko 9:00etan, 70 euroko prezioan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken web-orrien bitartez. Filmetarako sarrera soilak irailaren 15etik aurrera jarriko dira salgai, 7,90 euroan.

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com