13 Azaroa 2025
EDA Drinks & Wine Campusek ardoaren eta edarien sektoreko prestakuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua indartzeko, beste hitzordu bat antolatu du “Ikasteko Tantak” programaren barruan. Oraingoan, ardoaren merkaturatzea izango du ardatz, sektorearen etorkizunari begira . Topaketa datorren azaroaren 26an egingo da Arabako Merkataritza Ganberan (Gasteiz), eta mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreko estatuko eta nazioarteko aditu nabarmenak bilduko ditu.
Sektoreko profesionalei, merkataritza-arduradunei eta marketinean, salmentetan eta negozioan gaitasunak areagotzeko interesa duten pertsonentzako zuzendua dago saioa, eta ikaskuntza praktiko eta eguneraturako gune izango da, horri esker mahastizaintza- eta ardogintza-sektorearen lehiakortasuna eta profesionalizazioa bultzatzeko.
Sarah Jane Evans MW izango da jardunaldiaren zeremonia-maisua, eta jardunaldian zehar sortzen diren hausnarketak eta ideia-trukeak gidatuko ditu. Topaketan, sektorearen noranzkoa markatzen ari diren joera eta merkaturatze-estrategia nagusiak jorratuko dira: produktuaren komunikazioa, haren posizionamendua salmenta-kanaletan eta negozioaren kontzeptualizazioa, kontsumitzailearen lehentasun berriak kontuan hartuta.
Lehenengo mahai-inguruan, Alberto Ruffoni (sommelierra eta preskribatzailea), Adolfo Fernández (Bodeboca), Sofía eta Alba Atienza (Lacrima Terrae) eta Philippe Eberlé (Primeras Marcas) elkartuko dira, eta, ardoan espezializatutako Yolanda Ortiz de Arri, estatu eta nazioarte mailako kazetari ospetsua, ardoaren mezu komertzialetan izaten diren akats ohikoenak aztertuko dituzte, bai eta haiek nola eragin dezaketen ere, zuzenean, produktuek kanal desberdinetan izango duten ikusgarritasunean, errotazioan eta ibilbidean.
Bigarren elkarrizketa-blokearen ardatzak kontsumo-modu berriak eta publikoaren zatiketa gero eta handiagoa izango dira. Izan ere, zatiketa horrek marketin- eta posizionamendu-estrategiak birdefinitzera behartzen du. Eztabaidan, Guillermo de Aranzábal Bittner (La Rioja Alta SA), Alba Abiega (Alba en Ribera), Arturo Villanueva (Biba Ardoak), Richi Arambarri (Vintae) eta Javier R. Galarreta (Araex) ariko dira, eta Sarah Jane Evans MW izango da moderatzailea. Hurrengo hamarkadan merkatua markatuko duten kontsumitzaile-profiletara upategiak nola egokitu daitezkeen aztertuko dute.
Jardunaldiarekin jarraitzeko, Michael Pageko Wine & Enology arloko zuzendari Leonardo Martínek hitz egingo du, eta azpimarratuko du talentuak eta profesionalizazioak duten garrantzia sektorearen etorkizuna eraldatzeko funtsezko palanka gisa. Agurraren aurretik, EDA Drinks & Wine Campusek Ardoaren eta Edarien Marketin, Merkaturatze eta Negozio Master berria aurkeztuko du. Profesionalei beren bilakaeran eta hazkundean laguntzeko prestakuntza-baliabide gisa sortu da, eta jardunaldian zehar landutako hausnarketak eta gaiak jorratuko dira bertan.
EDA Drinks & Wine Campusek berretsi egiten du, beraz, kalitatezko prestakuntzarekin eta ardoaren profesionalen etengabeko eguneratzearekin duen konpromisoa, eta, horretarako, sektorearen garapen jasangarrian lagunduko duten ezagutza, esperientziak eta estrategiak partekatzeko topagune bat sustatzen du. Prestakuntza honetan parte hartzeko izen-ematea doakoa da eta lekua mugatua da. Esteka honetan eman daiteke izena.