Aurtengo gabonetan, Basque Culinary Centerrek gastronomiazaleentzat duen BCC Culinary Club espazioak gonbita egin digu nor garen erakusten duten zapore, teknika, errezeta eta esperientziak oparitzeko. Izan ere, ospatzeko, sukaldea partekatzeko eta gure sustraiak bizirik mantendu eta belaunaldi berriei helarazteko beste modu bat da.
Ehun esperientziatik gora eskainiko ditu programazioak 2026ko abendutik 2027ko ekainera Basque Culinary Centerren eta GOe - Gastronomy Open Ecosystemen ikasgela eta instalazio profesionaletan, Donostian. Iraupen laburreko lantegiak, ikastaro trinkoak, dastatzeak eta showcookingak emango dituzte zentroko profesionalek, batez ere ostegun eta ostiral arratsaldeetan eta asteburuetan (goizez).
Esperientzia bat dago pertsona-mota bakoitzarentzat: azkenbururako toki bat gordetzen duenarentzat, aspalditik kozinatzen ikasi nahi duela esaten ari denarentzat, gauza berriak probatzeko irrikan dagoenarentzat, dagoeneko denetik daukanarentzat eta, besterik gabe, bai kozinatzen bai jaten gozatzen duenarentzat.
Datozen egun bereziei begira, eguberriei lotutako proposamenak daude programazioan, eta, 2027tik aurrera, gozogintza, oreak eta ogia, tenperatura baxuko sukaldaritza, sukaldaritzaren abangoardia eta sukaldaritzaren oinarriak izango dira gai nagusiak; horrez gainera, afterwork lantegiak eta ikastaro trinkoak ere egingo dira.
Publiko zabalari zuzentzen zaio eskaintza, hala sukaldaritzan hasi nahi dutenei nola esperientzia izanik teknikak perfekzionatu eta gastronomiaren esparru berriak esploratu nahi dituztenei.Gainera, familia-giroan gozatzeko eta ikasteko esperientziak ere proposatzen ditu BCC Culinary Clubek, bai eta dastatzearen munduan hasteko saioak ere, ardoetan eta garagardoetan zentratutako proposamen eta guzti.
Izan ere, aurtengo eguberrietan, objektuak ez ezik, ezagutza, zaporeak eta une partekatuak ere oparitu ditzakegu, gozatzeko eta ikasteko balio baitute betiko gogoan geratuko diren esperientzia hauek guztiek.