03 Abendua 2025
Basque Culinary Centerreko prestakuntza likidoan espezializatutako EDA Drinks & Wine Campusek jakinarazi du beste bi master jarriko dituztela abian, ardo- eta edari-sektorearen gaitasun-beharrak asetzeko eraldaketa azkarreko garaiotan. Batetik, Ardoaren eta Edarien Marketin, Merkaturatze eta Negozioko Masterra eskainiko dute eta, bestetik, Sommelieritzako eta Likidoen Munduko Berrikuntzako Masterra: bi programa aitzindari horiek ikuspegi transbertsala, nazioartekoa eta berritzailea baliaturik heltzen diete ekosistema likidoaren egungo erronkei.
Sektoreak aldaketa sakona bizi du, zenbait faktorek bultzaturik, hala nola kategorien dibertsifikazioak, kontsumoaren joera aldaketak, merkataritza elektronikoa indarrez agertu izanak, kontsumitzailearen bilakaerak eta datuen gero eta garrantzi handiagoak erabakiak hartzerakoan. Hori horrela izanik, EDA Drinks & Wine Campusek bi master aurkeztu ditu, sektoreko hurrengo etapa gidatuko duten profesionalak trebatzera bideratuta. Hala, aplikazio profesionalak arlo hauetakoak izango dira Ardoaren eta Edarien Marketin, Merkaturatze eta Negozioko MasterrarenArdoaren eta Edarien Marketin, Merkaturatze eta Negozioko Masterraren kasuan: merkataritza- eta esportazio-zuzendaritza, marketin- eta branding-zuzendaritza, banaketa- eta retail-zuzendaritza, bai eta aholkularitza estrategikoa; eta Sommelieritzako eta Likidoen Munduko Berrikuntzako Masterraren kasuan, upeltegiaren kudeaketa, F&B-n espezializatutako sailen zuzendaritza, aholkularitza eta esperientzia likidoen sorkuntza eta dibulgazioa.
Ardoaren eta Edarien Marketin, Merkaturatze eta Negozioko Masterra
Karrera posizio estrategiko eta komertzialetara bultzatu nahi dutenei zuzendutako programa horrek ikuspegi globala eskaintzen du ardoen, destilatuen, garagardoaren, NoLo edarien eta beste kategoria batzuen negozioarekin loturik. Master horren metodologiak barnean hartzen ditu merkatu-analisia, marketin digitala, estrategia komertziala eta kanalak kudeatzea, eta, horrekin batera, kasu errealak, tailer profesionalak, dastatze-saio aplikatuak eta enpresekin landuriko erronkak uztartzen ditu.
Programa formatu hibridoan eskainiko da (online azarotik maiatzera, eta aurrez aurreko modulu trinko bat ekainean, Basque Culinary Centerren). Barnean hartzen ditu ardoei buruzko prestakuntza eta WSET 2 azterketa ofiziala. Masterrak 60 ECTS kreditu izango ditu, eta 20 plaza eskaintzen dira guztira.
Sommelieritzako eta Likidoen Munduko Berrikuntzako Masterra
Master horrek unibertso likidoaren ikuspegi integral bat proposatzen du, eta ikuspegi berrituz lantzen ditu ardoak, destilatuak, garagardoak, hartzituak, NoLo edariak, kafeak, teak eta abar. Helburua da sommelier-belaunaldi berri bat trebatzea, gai izan daitezen teknika, sormena, berrikuntza eta estrategia konbinatzeko, eta, hala, balio handiko esperientzia likidoak diseinatzeko.
Programak biltzen dituen alorren artean ageri dira mixologia garaikidea, edarien diseinua, dastatze-saio aurreratuak, jasangarritasun likidoa, upeltegiaren digitalizazioa eta lidergo- eta komunikazio-trebetasunak. Formatu hibridoan emango da (online irailetik urtarrilera, eta modulu presentziala otsailetik martxora, Basque Culinary Centerren). Prestakuntzak barnean hartzen du WSET 3 ziurtagiri ofiziala. Master horrek ere 60 ECTS kreditu ditu eta 20 plaza eskaintzen ditu.
Sektoreko bi erreferentzia ezagunek koordinatuta
Edarien munduko prestakuntzan eta dibulgazioan ezagunak diren bi pertsonak gidatuko dituzte programak:
Ana López-Canok koordinatuko du Ardoaren eta Edarien Marketin, Merkaturatze eta Negozioko Masterra. López-Canok ibilbide luzea du marketinean, aholkularitza estrategikoan eta ardoaren sektorearen negozio-garapenean.
Bestalde, Koro Santos izango da Sommelieritzako eta Likidoen Munduko Berrikuntzako Masterraren koordinatzailea. Santos Basque Culinary Centerreko ardoaren eta edarien arloko irakaslea da. Eginahal horretan, lankide eta aholkulari izango ditu Esther Merino edarien garapenean aditua, Niko Boise Elkano jatetxeko sommelierra eta Onneca Guelbenzu Basque Culinary Centerreko Wine Set hezitzailea.
Gainera, bi masterrek klaustro bat izango dute: Masters of Wine, esportazio- eta marketin-arduradunak, goi-gastronomiako sommelierrak, merkataritza elektronikoko adituak eta sektoreko joeren liderrak izango dira klaustro horretako kide, besteak beste.
Sommelieritzako eta Likidoen Munduko Berrikuntzako Masterra 2026ko irailean hasiko da, eta Ardoaren eta Edarien Marketin, Merkaturatze eta Negozioko Masterra, berriz, 2026ko azaroan. Izena emateko, EDA Drinks & Wine Campusen eta Basque Culinary Centerren webguneak baliatu daitezke.