Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary World Prizeren 10. edizioa ospatzeko, jardunaldi paregabea

19 Azaroa 2025

Basque Culinary World Prizek (BCWP) 10. edizioa ospatuko du. Aintzatespena Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek sortu zuten 2016an. Ordutik, aitortza egin zaie ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldariei, hau da, talentuaren, ezagutzaren eta sormenaren bidez jatetxeen ohiko esparruak gainditu eta beste eremu batzuetan inpaktua sortzen duten profesionalei. 

 

Lehenengo aldiz, sariaren irabazleak Basque Culinary Centerren bildu dira, Donostian, beren proiektuen gakoak azaltzeko jardunaldi eta ospakizun batean. Bakoitza bere erara, gai hauek lantzen ari dira: haur-hezkuntza, berrikuntza soziala, ekintzailetza, giza laguntza, nekazaritza birsortzailea, karbono-aztarnaren murrizketa, antzinako tradizioen aldarrikapena eta biodibertsitate handiko janaritegiak, besteak beste. Amaitzeko, zeremonia berezi bat egingo da arratsaldean.

 

Besteak beste, honako gai hauek izan dituzte mintzagai Basque Culinary Centerreko auditoriumean: nola lagundu dezakeen sukaldaritzak zientziaren edo teknologiaren aurrerapenen bidez, nola egin dezakeen ekarpena berotze globalaren aurkako borrokan, nola eragin dezakeen elikadura-hezkuntzan eta haurren elikaduran, nola egin dezakeen ekarpena biodibertsitatearen defentsaren alde, nola bultzatu ditzakeen aldaketak kontsumo-ohituretan diabetesaren eta obesitatearen hazkundea eteteko, nola har dezakeen parte komunitateen garapen soziala sustatzen duten ahaleginetan eta nola jar daitekeen mehatxatutako tokiko ekoizleen eta lurraldeen, jatorrizko kulturen eta identitateen alde, mundu global honetan.

 

Bertan izan dira Leticia Landa (AEB), La Cocina-ren bidez San Frantziskoko emakume etorkinei aukerak emateagatik; Andrés Torres (Espainia), Global Humanitaria izeneko GKEaren sortzailea, gatazketan eta larrialdi-egoeretan laguntza emateagatik; Fatmata Binta (Sierra Leona), Dine on a Mat-en bidez Ghanako fulanien sukaldaritza nomada aldarrikatzeagatik; Ebru Baybara Demir (Turkia), gidatzen dituen nekazaritza birsortzaileko eta gizarteratzeko ekimenengatik; Anthony Mynt (AEB), Zero Foodprint proiektuaren bidez sukaldaritzak sortzen duen karbono-aztarna murrizteko proposatzen dituen bideengatik; Leonor Espinosa (Kolonbia), Funleoren bidez Karibeko gizarte-berrikuntza bultzatzeagatik; eta Maria Fernanda Di Giacobbe (Venezuela), Cacao de Origen proiektuaren bidez erakusteagatik kakaoa ekintzailetza-iturri izan daitekeela gizartean baztertuta dauden kolektiboentzat.

 

18:30ean, Basque Culinary World Prizeren hamargarren edizioaren zeremonia egingo da, eta aurtengo edizioko saria emango zaio Leticia Landari. Ekitaldian, agintariak eta Euskadiko gastronomiaren eta elikaduraren sektoreko pertsona ospetsuak izango dira, eta honako hauek hartuko dute hitza: Amaia Barredo Martín, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua; Joan Roca, Basque Culinary World Prizeko epaimahaiko presidentea; Vicente Atxa, Basque Culinary Centerreko Patronatuko presidentea; eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria.

 

“Aurten, Leticia Landari bere lan inspiratzaileagatik saria emateaz gain, hamar edizio ospatzen ditugu, eta, BCWPren bidez, gastronomia teknika edo tradizioa baino askoz gehiago dela erakusten jarraitzen dugu: komunitateak eraldatzeko, bizitzak hobetzeko eta etorkizun gizatiarrago bat eraikitzeko gai den indarra da. Ezagutza, sormena eta konpromisoa gizartearen zerbitzura jartzen direnean, gastronomia benetako aldaketa-motor bihurtzen da, lehen mugak baino ez zeuden lekuetan eragina sortzeko gai dena”, nabarmendu du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak.

 


SARI BAT BAINO ASKOZ GEHIAGO

 

Basque Culinary World Prize sari paregabe eta global bat da, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek ematen dute, eta sari horren bidez aitortu nahi dira berrikuntzako, teknologiako, hezkuntzako, ingurumeneko, osasuneko, elikagaien industriako eta garapen sozial eta ekonomikoko ekimen eraldatzaileak.

 

Sariketa 2016an abiarazi zen, gastronomiaren indar eraldatzaileari buruzko testigantzak biltzeko  eta bikaintasunerako bokazioa duten gizon eta emakume ekintzaileen lana azpimarratzeko  —jende berritzailea eta sortzailea, tematia, eta, batez ere, gizartearekin konprometitua—.

 

Sarirako, 1.250 izendapen baino gehiago egin dira, 850 hautagai izendatu dira, —42 herrialdetakoak—, 50 finalista edo aipamen bereezi baina gehoago , eta 10 irabazle hautatu dira —besteak beste, Venezuela, Kolonbia, Australia, AEB, Espainia, Sierra Leona eta Turkiakoak—. Izan ere, prentsak “Gastronomiako Nobel saritzat " hartzen du sariketa hau, eta nazioartean ospea duten akademikoek eta adituek babesten dute; haien artean, gure garaiko sukaldaririk onenetako batzuek.

 

Edizio bakoitza, irabazlearen eta aipamen berezien bidez, mezu bat bidaltzeko baliatzen du Basque Culinary World Prizek, nazioarteko komunitatea ohartu dadin zenbat eremutan egin dezaketen ekarpena sukaldariek.

 

 

LETICIA LANDA, 2025EKO IRABAZLEA

 

Urriaren 22an, Basque Culinary World Prizek jakinarazi zuen Leticia Landa izango zela 2025eko sariaren irabazlea. Horrez gain, bi aipamen berezi egin zituen: João Diamante, Rio de Janeiron (Brasil) egindako proiektuagatik, eta Matthew Evans, Tasmanian (Australia) egindako lanagatik. Horrela, beste urtebetez erakutsi du zer interes duen sariketak, batetik, egungo erronkak ikusarazteko , eta, bestetik, chef ekintzaile eta bikaintasunerako bokaziodunak identifikatzeko, zeinak, gainera, berritzaileak, sortzaileak eta tematiak baitira, beren komunitatearekin konprometituak, eta gastronomia inspiratzaile eta kutsakor baten ereduak.

 

Leticia Landak irabazi du Basque Culinary World Prize 2025 saria, La Cocina proiektuan egindako lanagatik. Proiektu horrek 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta talentua duten eta San Frantziskoko sukaldaritza-sektorean modu formalean integratu nahi duten pertsonak prestatzeko, inkubatzeko eta laguntzeko aukerak sortzea du helburu. Xedea da pertsona horiek, bazterketa-egoeran dauden komunitateetatik abiaturik, beren negozioen buru izan daitezen, errentagarri bihur daitezen, eta, azkenik, gastronomia produktiboaren bihotzaren bidez beren inguruneak eralda ditzaten.

 

Texasen jaioa da, Estatu Batuetako etorkin mexikar batzuen alaba. Hurbiletik ezagutzen du zer den bereaz bestelako komunitate batean sartzea lanaren eta hezkuntzaren bidez. Bere denbora sukaldeen eta boluntariotza-ekimenen artean banatzen zuen bitartean, Antropologia ikasi zuen. 2015ean, La Cocinan hasi zen, eta haren jarduna funtsezkoa izan da gaur egun 100 bat negozio dituen proiektu baten bilakaeran; proiektu horien artean, badira inkubazioan daudenak eta jada graduatuak.

 

San Frantziskoko badian 40 jatetxe, kafetegi eta kiosko baino gehiago daude martxan. Lorpen handienen artean, Landak nabarmendu du parte-hartzaileen % 70ek negozio aktiboak dituztela graduatu eta 10 urtera. Egoera horretan daude, besteak beste, Veronica Salazar (El Huarache Locoren sortzailea, 20 urteko sukaldaritza-ondarea duena); Reem Assil (Reem's Kaliforniakoa, eta Arabiyya: Recipes from the Life of an Arab in Diaspora liburuaren egilea); Fernay McPherson (Minnie Bell's Soul Movement-ekoa eta “Rising Star Chefs” izendatua San Frantziskon); Nite Yun (Kanbodiako errefuxiatua, gaur egun Lunette jatetxearen jabea eta Netflixeko Chef's Table telesailean nabarmendua); eta Koji Kanematsu, Onigilly-ren burua, zeinak San Frantziskoko badiaren inguruan janari japoniarreko 6 establezimendu baititu.

 

Edizio honetan, Basque Culinary World Prizeren 100.000 euroko saria erabiliko da aipatutako sukaldariaren ekimenaren bidez pertsonei eta, oro har gizarteari, laguntzeko. Honela mintzatu da Leticia Landa aurtengo irabazlea: “Niretzat ikaragarria izan da sari hau irabaztea eta ikustea nola hedatu den azken aste hauetan La Cocinaren profila mundu osora. Gehiena bete nau ikusteak zenbat hunkitu diren nirekin hainbeste urtez lan egin duten chef guztiak La Cocina albisteetan ikustean. Oso garrantzitsua izan da gure komunitatearentzat.”

 

Leticia Landa 2025eko irabazle izendatu duen epaimahaia munduko chef garrantzitsuenetako batzuek osatu dute, zeinak Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluko ordezkari baitira. Joan Roca (El Celler de Can Roca, Espainia) izan da epaimahaiaren presidentea, eta beste sukaldari ospetsu batzuek ere hartu dute parte, hala nola: Gastón Acurio (Peru), Pia León (Peru), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Manu Buffara (Brasil), Michel Brass (Frantzia), Trine Hahnemann (Danimarka), Mauro Colagreco (Argentina-Frantzia), Elena Reygadas (Mexiko), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina) eta ThiTid Tassanakajohn (Ton) (Thailandia), eta aurten Diego Guerrero eta Elena Arzak batu dira.

 

 

10 URTE, 10 EDIZIO, ehunka CHEF EKIMEN ERALDATZAILEAK GARATZEN
 

Gaur, Basque Culinary World Prizeko irabazleek publikoari irekitako ekitaldi batean eta zeremonia paregabe batean hitza hartuko dute.

 

Edizio honetako irabazleak, Leticia Landak, emango die hasiera bi ekitaldiei, hitzaldi baten bidez. La Cocina proiektuaren bidez emakume eta migratzaileei laguntzeko San Frantziskon (AEB) garatzen ari den negozio gastronomikoei buruz eta mugikortasun ekonomikoari buruz arituko da.

 

Sari honen lehenengo irabazlea Maria Fernanda Di Giacobbe izan zen, 2016an. Cacao de Origen-en zuzendaria da, Venezuelako proiektu bat, eta gaurko hitzaldian mintzagai izan ditu, batetik, kakaoaren jatorria, eta, bestetik, kakao kreolea identitatearen, kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren iturri gisa lantzen duen proiektua. Hain zuzen, proiektu horren bidez hezkuntza-, ekintzailetza- eta garapen-sare bat eratu zuen komunitate ekoizleetan. Berarentzat “BCWPk egiten genuen lana ikusarazi zuen eta eskola gehiago egiteko berme bikaina eman zigun. Eskolak ematen ditugu Amerikako kakao-ekoizleen herrialdeetan, Indian, Japonian, Europan eta AEBetan; BCWPk aurkezpen-gutun bat ekarri zigun, eta aukera gastronomiko berriak zabaltzen jarraitzen du, kakaoaren eta txokolatearen inguruko ezagutza-sare bat zabaltzeko”.

 

Fatmata Bintak (2022ko irabazlea eta Ghanako Dine on a Mat-en sortzailea), eta Ebru Baybara Deminek (Turkiatik From Soil to Plate zuzentzen du) “Etorkizun jasangarrirako haziak” proiektuaren indarra eta gastronomiaren bidez munduko hainbat lekutako landa-inguruneetan bizi diren emakumeen ahalduntzea izan dituzte hizpide. Halaber, erakutsi dute nola ezaba ditzakeen aurreiritziak gastronomiak, eta zer aberastasun dakarren kultura arteko trukeak.

 

Hauxe adierazi du Fatmatak aitorpenari buruz: "Basque Culinary World Prize oso garrantzitsua izan da, bai niretzat, bai Dine on a Mat proiektuarentzat. Errekonozimendu horrek aukera berriak ireki ditu fulani herriaren kultura eta sukaldaritza munduari ezagutzera emateko, bai eta jardunbide jasangarriekin dugun konpromisoa indartzeko ere. Bultzada handia izan da Afrika osoko emakumeak eta komunitateak ahalduntzen laguntzeko, eta ahots sendoagoa eman digu elikadura-subiranotasunaren eta gizarte-aldaketaren aldeko borrokan. Gastronomiaren bidez ikasi dugu integrazioa ez dela karitatea ematea, baizik eta pertsonei ekoizteko gaitasuna itzultzea. Ikuspegi horren arabera eraikitako proiektuak Turkia osoan ezarri dira orain. Sariari esker, nire lana kozinatzea baino gehiago izaten hasi zen: sukaldeko hormak gainditu zituen indar eraldatzaile bihurtu zen. 2017an Basque Culinary World Prizerako lehen aldiz izendatu nindutenean, lan hau deskribatzeko hizkuntza aurkitu nuen, azkenean”, dio Ebruk.

 

Anthony Myint 2019ko irabazleak, berriz, Zero Foodprint ekimenari buruz hitz egin du. Klimaz eta elikadura hobeaz arduratzen den mugimendu bat da, eta, gaur egun, gastronomia birsortzailean munduko erreferente gisa kokatzen da, “mahaitik baserrira” lelopean. Honela azaldu du: “BCWP saria jaso nuenean, trantsizio-prozesu betean nengoen: elikadura-sisteman eragiteko asmoa zuen chef bat izatetik, klima lehengoratzeko Table to Farm mugimendu globala sortzera igarotzen ari nintzen. Aitorpena eta baliabide ekonomikoak guztiz funtsezkoak izan ziren lan horretarako, eta ezinezkoa izango zatekeen sariak emandako funtsik gabe. Pasatu gara, gure ardatza elikadura-ohiturak aldatzea izatetik, zuzenean nekazaritza eraldatzera. Hau da, purutasuna bilatzetik aurrerabide benetan eraldatzaile bat martxan jartzera”.

 

Kolonbiatik, Leonor Espinosak, Leoren jabe eta Funleoko lider denak —irabazi-asmorik gabeko Funleo erakundeagatik eman zioten BCWP saria; hain zuzen, landa-komunitate etnikoetan gizarte-ongizatea bultzatzeagatik—, Ciclobioma Restaurar aurkeztu du: zortzi urratseko dastatze-menu bat, goi-sukaldaritza eta Kolonbiako ekosistemak lotzen dituena, bertako osagaiak eta oso antzinako jakinduria erabiltzeari esker. Proposamen horrek Kolonbiako tokiko produktuak eta zaporeak goraipatzen eta sustatzen ditu, eta, horretaz gain, herrialdeko biodibertsitatearen balioa eta gastronomiaren alderdi sozialak nabarmentzen ditu. Adierazi duenez, “Basque Culinary World Prize jasotzea inflexio-puntu bat izan zen nire lanbidean. Sukaldaritzatik harago doan ikuspegi bati balioa eman zion: komunitateak eraldatzea, beren ondare biokulturalaren bidez. Aitorpen horrek indar eta ikusgarritasun handiagoa eman zion FUNLEOri, eta gastronomia eta garapen soziala lotzen dituen bidea sendotu zuen”.

 

Amaitzeko, Andres Torrések, 2024ko irabazle, Global Humanitariaren sortzaile eta Casa Novaren jabeak, aztertu du nola eragin dezakeen gastronomiak haurren elikadura-segurtasunean eta -hezkuntzan , eta nabarmendu dute zenbateko ahalmena duen gastronomiak osasuna hobetzeko, kontsumo kontzientea sustatzeko eta elikadura-kultura jasangarria eraikitzeko. Bere hitzaldian, elikagaiak, ura eta oinarrizko zerbitzuak eskuragarri izateko beharra azpimarratu dute, bai eta belaunaldi berrien ongizatea eta garapen integrala bultzatuko dituen dieta osasungarri bat sustatzeko beharra ere.

 

 

 

Torresek azaldu duenez, “Aitorpen hura bultzada erabakigarria izan da nire ibilbidean: BCWPa jasotzean ikusi dut Global Humanitariaren buru gisa egiten dugun lanak ikusgarritasuna duela nazioartean, eta horrek ateak ireki dizkie lankidetza globalei. Gainera, herrialde askotan azaldu dugu eta azaldu dezakegu gure ekintza humanitarioa; horrek aukera ematen digu gure programen eragina biderkatzeko eta gastronomia gizartea eraldatzeko tresna gisa finkatzeko".

 


Bestalde, sarituen artean, aipatzekoak dira, gaurko ekitaldira etorri ezin izan diren arren, nazioarteko gastronomiako hiru pertsona eta haien proiektuak, zeinak eragin sozial eta humanitario handia izan baitute.

 

Alde batetik, Jock Zonfrillo, 2018an irabazle izendatua, Australiako jatorrizko herrien elikadura-memoria zaintzen egindako lan nekaezinagatik. 2023an hil zen arte, milaka urteko kultura baten antzinako jakintzak erreskatatzen, babesten eta zabaltzen aritu zen, eta, horrela, kontinentearen sustrai gastronomikoak balioesten eta errespetatzen lagundu zuen.

 

Eta, bestetik, José Andrés —World Central Kitchen erakundearen bidez COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren aurrean emandako erantzun irmo, global eta inspiratzaileagatik jaso zuen BCWP saria 2020an—. Haren proiektuak erakutsi du zenbaterainoko indar eraldatzailea duen gastronomiak giza laguntza emateko, larrialdi-egoeretan elikadura bermatzeko eta mundu osoan hondamendiek kaltetutako komunitateetan itxaropena sortzeko.

 

Xanty Elías chef espainiarrak irabazi zuen 2021eko Basque Culinary World Prize saria, haurren elikadura-heziketan eragiteagatik. “Los Niños Se Comen el Futuro” ekimenarekin, 2018tik ari da lanean lehen hezkuntzako eskoletan Kultura Gastronomikoko ikasgai bat sartzeko, oso garrantzitsua baita sukaldaritzaren eta kontsumo kontzientearen inguruko kultura heztea. “BCWPa energiaz betetako birika bat izan zen. Pandemiaren ondoren, gizartea nora zihoan argi ez geneukan urte hartan, inoiz baino zentzu handiagoa izan zuen gure bidea ameskeria hutsa ez zela jakiteak. Ikusgarritasun eta irismen aparta eman zigun, eta BCCko taldearen babesa funtsezkoa izan zen. Ate gehiago ireki zizkigun eta garai hartan izan genezakeen aurkezpen-gutunik onena izan zen guretzat. Proiektuaren balioa aitortzea funtsezkoa izan zen”, dio Xanty Eliasek.

Desarrollado por: GureMedia