Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Centerrek abian jarri du Gastronomia Zientzietako munduko lehen doktoregoa

09 Abendua 2019

Basque Culinary Centerrek, AZTI eta NEIKER zentro teknologikoekin batera, gastronomiaren arloko munduko lehen doktorego‑programa aurkeztu du, eta ikerketa gastronomikoan liderrak direla berretsi dute.

Zientzia Gastronomikoetako Doktorego Programaren lehen edizioa 2020ko urtarrilean hasiko da, zientzia gastronomikoen arloko ikertzaileak prestatzeko eta elikaduraren eta gastronomiaren balio-katea osatzen duten eragileei ezagutzak transferitzeko. Doktorego hori abian jartzeak Basque Culinary Centerrek ikasleek ikerketarako tresnak barneratu eta erabiltzeko duen interesari erantzuten dio. Tresna horiek sektoreari edozein alderditan aurrera egiten laguntzen diote.

Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak adierazi duen bezala, "hasieratik, proiektu traktore gisa aitortu dugu geure burua; gastronomiaren sektorean garapena eta berrikuntza bultzatuko dituen eta munduko ikerketa gastronomikoan buru izateko elikadura, sukaldaritza, zerbitzua, enpresa-kudeaketa eta zientziak uztartzen dituen eragile aktibo gisa. Gastronomian ikerketarako aukera asko daudela pentsatzen dugu. Horregatik, ikerketak eta doktorego-tesiak sustatzeaz gain, mundu osoko ikerlariak erakarri nahi ditugu”. Doktorego-programa martxan jartzeak jauzi kualitatiboa dakar Centerrera, eta gastronomiako lehen doktorego-tesiak egingo dituzten lehen doktoregaiak hartuko dituzte gainerako zentroek, gutxienez hiru urtez gastronomiarekin eta elikadurarekin zerikusia duen edozein alderdi ikertu ondoren.

Era berean, hau dio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek: “Elikaduraren balio-katean kalitatezko prestakuntza ematea, funtsezkoa da Eusko Jaurlaritzarentzat. NEIKER eta AZTI teknologia-zentroek funtsezko papera dute lan horretan; NEIKER bere nekazaritzaren gaineko ezagutzagatik eta AZTI elikagaigintza sektorean aditua den jakintzagatik. Ildo horretan, Basque Culinary Centerren gastronomiaren ikuspegiarekin bat egiten dute, elikatze-kateko eragile guztien lehiakortasuna hobetzeko.”

Hiru aldeko akordioa

Doktoregoa hiru euskal zentro teknologikoren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatu da: AZTI, Neiker eta BCC Innovation (Basque Culinary Centerren gastronomiako zentro teknologikoa). Zentro horiek doktorego-tesiak hartu eta zuzenduko dituzte beren ikerketa-ildoen testuinguruan. Programa Eusko Jaurlaritzaren Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta Kopenhageko Unibertsitateak ere parte hartzen du.

Gastronomia Zientzietako Doktoregoak hiru urteko iraupena izango du lanaldi osoan egiten bada. Epe hori bi urte gehiagoz luzatu ahal izango da, ohiz kanpo, eta bost urtez lanaldi partzialean egiten bada; halaber, epe hori beste hiru urtez luzatu ahal izango da, ohiz kanpo.          

Ikerketa-taldeak

Programak bi ikerketa-talde biltzen ditu: Elikadura Zientziak taldea eta Kudeaketa, Gizartea eta Kultura taldea. Lehenengoa jasangarritasunarekin, analisi sentsorialarekin eta osasunarekin (gastronomia pertsonalizatua) lotutako ikerketa-ildoek osatzen dute. Bigarrenean, gizarte eta kulturarekin eta enpresa gastronomikoen kudeaketa eta zuzendaritzarekin lotutako ikerketa-ildoak biltzen dira.

Ikerketa-taldeetan parte hartzen duten doktore ikertzaileak zientzia eta sukaldaritza binomioan espezializatuta daude. Esparru zientifikoenekin lotutako profilak dituzte (hala nola analisi sentsoriala), baita esparru humanistenekin (hala nola gizarte-zientziak) eta kudeaketarekin lotutakoak ere.

Informazio gehiago: https://www.bculinary.com/es/doctorado

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com