Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Centerrek “Gastronomiako 100 Talentu Gazte” ekimenaren aurtengo edizioa aurkeztu du

25 Maiatza 2026

Basque Culinary Centerrek Gastronomiako 100 Talentu Gazte (100JTG) jardunaldiaren laugarren edizioa aurkezten du, diziplina anitzeko begirada modernoa lagun dutela gastronomian iraultza eragiten ari diren 30 urtetik beherako profesionalen bilduma bat. Gastronomiak hartzen duen eremu zabalaren erakusgarri dira profilok, eta sektorearen aldaketa sakona eragiten ari dira denak.

 

Gaur, maiatzak 25, aurtengo zerrendako kideak jardunaldi sutsu batean elkartuko dira Donostian, lehenik Basque Culinary Centerren, beren proiektuak, ideiak, burutazioak eta kezkak partekatzeko zenbait jarduera eta dinamikaren bidez, eta, ondoren, GOe Gastronomy Open Ecosystemen, hantxe amaituko baita topaketa, sari-banaketarekin. 

Basque Culinary Centerren ekimen hau 2020an sortu zen, orduan aurkeztu zen zerrendaren lehen edizioa. Bilduma honek ahots anitzak biltzen ditu; horien bidez, aukera mugagabeak eskaintzen dituen sektore baten etorkizuna zein izango den aztertzen da, jakinik etorkizun horren oinarria ideia berriak eta berekin dakartzaten ikuspegiak erakartzeko, integratzeko eta aprobetxatzeko abilezia dela. Bi urtetik behin ospatzen delarik, bilduma honen abiapuntua honako hau da: Basque Culinary Centerreko taldeak zenbait hilabetean zehar garatutako azterketa eta ikerketa baten bidez egindako profil-aukeraketa bat. Aurtengo edizioan, gainera, webguneko formulario baten bidez ere osatu da hautaketa. Bilduma horretan sartzeko izenak proposa zitzakeen sektoreko edonork izan du formularioa bidaltzeko aukera.

 

Zerrenda honetan kontsulta daitezke 2026an hautatutako 100 profilak: https://100jovenestalentos.bculinary.com. Zerrendako kideen artean, sektoreko hainbat profil daude, kategoria hauetan banatuta: Sukaldaritza, Ekoizpena, Ardoa eta Edariak, Dibulgazioa eta Komunikazioa, Startupak, Ikerketa, Okintza/Gozogintza eta profil profesional berriak.

 

“Ilusio handiz ari gara ospatzen edizio hau ere. Gaurko saioan, 30 urtetik beherako profesionalen berrikuntza, energia eta konpromisoa ari gara aintzatesten, ikusirik dagoeneko arrasto garrantzitsua ari direla uzten gastronomian. Topaketa honen helburua talentu gazteen komunitatea indartzen jarraitzea da, baita haien ikusgarritasuna eta aintzatespena ere. 2020ko lehen zerrenda hartatik gaur arte, talentu-belaunaldi bakoitza hazten, garatzen eta inpaktu positibo ukaezina ekartzen ikusi dugu. Hautaketa honek, gastronomiaren egungo bizitasuna islatzeaz gain, etorkizuna eta zabaltzen ari diren aukerak irudikatzeko gonbita egiten digu, espezializazio profesionalerako aukera ugari ari baitira agertzen sektorean”, adierazi du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerren zuzendari nagusiak.

 

Begirada berriak, dibertsifikazio handiagoa

 

Gastronomiako profesionalen belaunaldi berriak lanbide berrietara jotzen duela dirudi, rol konbentzionalagoetan aritu beharrean, eta horrek sektoreko aukera-mapa zabaltzen du. Gastronomiaren belaunaldi berriak gero eta profil-aniztasun handiagoa ageri du. 2022an eta 2024an detektatu zen jada joera hori, eta gero eta handiagoa da. 2020ko edizioan, bereziki jatetxeei eta sukaldaritzako eta aretoko rol nagusiei erreparatuz estreinatu zen zerrenda, eta, pixkanaka, aldatzen joan da egitura hori.

“Gastronomiako 100 Talentu Gazteak” zerrendaren laugarren edizioak berretsi du sukaldaritza-ekosistema errotik ari dela eraldatzen. Aurreko urteen aldean, protagonistak ez dira jatetxe-negozioetako liderrak bakarrik; aitzitik, sektorea dibertsifikatzen eta espazio berrietara hedatzen ari den belaunaldi bat agertu da. Berrikuntzara, komunikaziora eta ikerketara bideratutako profilak sendotzearen poderioz, panorama askoz anitzagoa eta dinamikoagoa ari da bihurtzen. Aldi berean, joera garaikideak ari dira finkatzen, hala nola, artisau-ikuspegikoa eta jasangarritasunarekiko benetako konpromisoa duen gastronomia informalagoa. Horrekin batera, gero eta garrantzi handiagoa dute dibulgazioak eta pentsamendu kritikoak, sektorearen barneko eraldaketa-motor gisa.

2026ko hautaketak agerian uzten ditu gaur egun eszena gastronomiko gazteenean elkarrekin diharduten jarduerak, proiektu-estiloak eta negozio-ereduak. 2020ko lehenbiziko edizioaren ardatza jatetxeak eta sukaldaritzako eta aretoko rol klasikoak izan ziren; alabaina, egitura aldatzen joan da pixkanaka. 2026an, jatetxeak zerrendaren % 25 dira. Talde horretan sartzen dira jatetxe propioak ireki dituzten ekintzaileak eta ostalaritza-negozioetan lan egiten duten profesionalak —goi-sukaldaritzako espazioak barne, horietako batzuk hiru izar lortu dituztenak—, sukaldeko zein jangelako profilekin.

Bestalde, gazte ekintzaileek irekitako bost jatetxe-negozioek erakusten dute ez dagoela eredu jakinik jatetxe propio bat abian jartzeko: izan litezke formatu informalagoak, otordu berrinterpretatuak eskaintzen dituzten etxeak, edo formatu gertukoan eskainitako goi-sukaldaritzako proposamenak.

Ardoaren eta edarien sektorea % 21era iritsi da —2024an baino zazpi puntu gehiago—, eta, ardogileak, mahastizainak eta enologoak ez ezik, edari berrien sortzaileak, sommelierrak eta koktelgintzako profesionalak ere biltzen ditu. Ekoizleak, berriz, % 16 dira, aurreko edizioan halako bi, eta agerian gelditzen da lehen sektoreari lotutako gazte gehiago daudela. Okintzak eta gozogintzak % 8an jarraitzen dute, askotariko profilekin, hala nola goi-sukaldaritzako gozogileak, lantegi propioak dituzten ekintzaileak, eta are belaunaldi-erreleboak. 

Garrantzi berezia hartzen du profil profesional berrien kategoriak, % 15era iristen baita, eta agerian uzten du askotarikoak direla sortzen ari diren lanbideak: gastronomiari aplikatutako diseinua, ekitaldiak, aholkularitza, argazkilaritza gastronomikoa, artisautza, hartzituak negozio-eredu gisa, food planninga edo elikagaien kalitatea eta segurtasuna.

Dibulgazioa eta Komunikazioa, bestalde, kategoria independente gisa finkatu da, % 7arekin: gastronomia egungo hizkuntza zuzen eta irisgarriarekin komunikatzeko testuinguru, plataforma eta formatu berriak bilatzen ditu. Ildo horretan, rol gisa finkatu dira —baita espezializazio profesional gisa ere—, eduki-sortzaileak, tiktokerrak, podcasterrak, instagramerrak, hedabide propioen editoreak edo komunikazio-agentzietako kazetariak.

Gastronomiaren alderdi zientifiko eta teknologikoenak bi kategoria ditu zerrendan: Ikerketa atalaren barruan (% 5), ikertzaileak eta zientzialariak biltzen dira, besteak beste alderdi hauetan jarduten dutenak: nutrizioa eta dietetika, hartzituak, elikagaien analisi sentsoriala eta edari eta elikagai berrien sorkuntza, nekazaritzako elikagaien ingeniaritza edo irakaskuntza... Azkenik, startupak, % 3ko pisuarekin, ostalaritza kudeatzeari edo elikagai berriei lotutako askotariko proiektuen bidez.

Alderdi demografikoak 

2026ko zerrendan, % 57 gizonak eta % 43 emakumeak dira. Nabarmentzekoa da emakumeak gehiago direla dibulgazioarekin eta komunikazioarekin lotutako lanbide eta proiektuetan (% 57 dira emakumeak), ikerketan (% 60) eta profil profesional berrietan (% 60). Aldiz, gizonezkoak dira nagusi ekoizpenean (% 68,7), sukaldaritzan (% 72), ardogintza-sektorean (% 61,90) eta startupetan (% 75).

Ikuspegi geografikotik, autonomia-erkidego guztiak daude ordezkatuta zerrendan, gazteok lan egiten duten negozioak non dauden begiratzen badugu. Kataluniak du pisu handiena (22 profil orotara), eta jarraian ditu Madrilgo Erkidegoa (16), Euskal Autonomia Erkidegoa (15) eta Gaztela eta Leon (11). Horietaz aparte, badira Espainiatik kanpoko negozioetan lan egiten duten hiru gazte ere.

Kontuan hartu beharreko beste datu bat da 100JT zerrendako % 21 Basque Culinary Centerreko ikasleak izanak direla, hau da, zentroan trebatutako profesionalak. Profil-sorta zabal horretatik abiatuta, “Gastronomiako 100 Talentu Gazteak” zerrendaren 2026ko edizioa sektore gastronomikoaren belaunaldi berriaren erradiografiatzat har liteke, eta esan liteke, orobat, nolabaiteko erretratua egiten diela Espainiako gastronomiaren etorkizuna moldekatzen eta are berrasmatzen ari diren profilei.

 

Komunitate handi bat

 

Laugarren edizio honekin, dagoeneko 400 gaztek osatzen dute talentu-komunitate hori: hazten, dibertsifikatzen eta sendotzen ari da, eta Espainiako bilakaera gastronomikoaren termometro gisa funtzionatzen du. Aurreko urteetako “Gastronomiako 100 Talentu Gazteak” zerrendek, belaunaldi berrien potentziala irudikatzeaz gainera, aurrea hartu zieten gaur egun inpaktu handiko aintzatespen eta proiektuekin sendotuta dauden ibilbideei. 

 

Etengabe eraldatzen ari den talentu-metaketa askotariko eta dinamiko horren ondorioz, mapa bizi bilakatu dira lau zerrenda horiek, sektorea birdefinitzen ari diren gazteon sormenaren eta eraldaketa-gaitasunaren mapa, alegia.

 

Talentua konektatzeko topaketa bat

Zerrendako kideak topaketa batean elkartuko dira gaur, zeina bereziki sortua baita aurreko edizioetako partaideekin esperientziak partekatzeko eta belaunaldien arteko elkarrizketa-gune bat irekitzeko. Jardunaldian, zenbait dinamikatan parte hartuko dute, helburu gisa harturik sektorearen erronkak eta aukerak aztertzea, joera berriak arakatzea eta etengabe eraldatzen ari den ekosistema gastronomiko batera nola egokitu hausnartzea.

Iritsiko da adimen artifiziala menuak diseinatzera? Zer eraikitzeko ametsa dute belaunaldi berriek? Nolakoak dira gastronomiaren alorreko profil profesional berriak? Zer aldatu nahi dute eta zer eginkizun dute gaur egun sare sozialek profil horien garapenean? Galdera horiek eta beste batzuek gidatuko dute gaurko jardunaldia, eta 2026ko gastronomiako 100 talentu gazteak izango dira protagonista, baita haien proiektuak, ideiak eta ikuspegiak ere.

Ekitaldia amaitzeko, gainera, gala bat egingo da GOe - Gastronomy Open Ecosystemen, eta aintzatespen bat emango zaie zerrendako 100 talentu gazteei.

 

Ekimena ahalbidetzen duten partnerrak

 

Hauek dira Gastronomiako 100 Talentu Gazte 2026 ekimenari lagundu dioten erakunde nagusiak: AgroBank, Belcolade, COVAP, Mahou San Miguel, Martiko, Lavazza eta Tenerife Turismo. Babeslea, berriz, Araven da. Nahitaezkoa izan da guztien laguntza gastronomiako talentu berriak ezagutarazteko. Nabarmentzekoa da aipatutako erakundeek jardunaldian izandako parte-hartze aktiboa, belaunaldi berriekin konektatzeko esperientzia eta aktibazio desberdinak eskainiz.

 

AgroBankek nekazaritzako elikagaien talentu gazteetan oinarritutako tailer bat bultzatuko du; COVAPek La Picaeta podcastaren eduki berezi batean parte hartuko du, belaunaldien arteko erreleboari eta sektorearen etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko; Turismo Tenerifek uharteko aberastasun gastronomikoa helaraziko die bertaratzen direnei; eta Lavazzak kafea, musika eta networkinga uztartuko dituen Coffee Rave bat egingo du. GOe Gastronomy Open Ecosystem-en, Martikok bere produktuekin egindako proposamenak aurkezteko espazio gastronomiko propioa izango du, eta Belcoladek haien txokolatearekin egindako postre izoztu batekin amaiera gozoa emango dio gauari. Bestalde, Mahou San Miguelek topaketaren hainbat une sormenarekin, ospakizunarekin eta komunitatearen eraikuntzarekin lotutako esperientziekin lagunduko ditu, laugarren edizio honen amaiera jaiarekin amaituz.

 

Desarrollado por: GureMedia