Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Erreferentziazko bi gune, aurtengo udan sukaldean aritzeko, ikasteko eta gozatzeko

26 Martxoa 2026

Aurtengo udan ere, Basque Culinary Centerrek dibulgazio gastronomikoaren aldeko apustua egingo du. Ildo horretan, uda-programa berritu, zabal eta askotariko bat diseinatu du, sukaldaritza adin guztietako pertsonei hurbiltzeko. Erakundeak prestaturiko programazioan, konbinaturik ageri dira sukaldaritzazale gazte eta helduentzako ikastaroak, tailer tematikoak eta txikienentzako udaleku gastronomikoak. Hala, sendotu egin du prestakuntza eskuragarri eta sortzailearekin duen konpromisoa, betiere gastronomia garaikidearen balioekin lerrokatuta.

 

Jarduerak ekainaren 29tik uztailaren 16ra bitartean egingo dira bi gunetan: batetik, Basque Culinary Centerren instalazioetan, eta, bestetik, GOe – Gastronomy Open Ecosystem hiriko berrikuntza gastronomikorako gune berrian. Jasangarritasuna, elikadura osasungarria eta ongizatea dira eduki-proposamenaren ardatza, eta sektorearen etorkizuna markatzen ari diren joerak islatzen ditu.


 

Zaleentzako ikastaroak: gastronomia, ongizatea eta jasangarritasuna

 

Berritasun gisa, GOe- Gastronomy Open Ecosystem guneak ikastaro- eta tailer-sorta zabal bat izango du aurtengo udan, bereziki pentsatua sukaldean aritzeko trebetasunak hobetu edo egunerokoan ohitura osasungarri eta jasangarriagoak txertatu nahi dituzten zaleentzat. Askotariko proposamenak izango dira: produktuak ardatz dituztenak —hala nola Itsasotik Lapikora—, ikastaro trinkoak eta tailer tematikoak (bermuta eta pintxoak, xerra tartariarra, Zero Waste pintxoak, postreak eta udako platerak, euskal sukaldaritza, koktelak, brunch osasungarriak edo biziraute-sukaldaritza bidaietarako). Programazio zabal horrek sukaldaritza-teknika eta -modu berriak aztertzeko gonbita egiten du, sormenarekin eta ingurumen-kontzientziarekin betiere.


 

Udaleku gastronomikoak: sukaldean umetatik ikasten

Aurten ere, Txikichef udalekuek sukaldean modu dibertigarri eta praktikoan murgiltzeko aukera eskainiko diete 9 eta 13 urte bitarteko haurrei. Ekainaren 29tik uztailaren 4ra, parte-hartzaileak GOe ikasgela espezializatuetan arituko dira: oinarrizko teknikak ikasteaz gainera, osagai berriekin esperimentatu eta beraiek prestaturiko platerak dastatuko dituzte. Gune horretan bertan egingo dira lehen aldiz Udaleku Gastronomiko Osasungarriak, nutrizioan oinarritutako ikuspegiarekin. Bi txanda izango dira: lehenengoa 9 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendua (uztailaren 6tik 10era), eta bigarrena, berriz, 13 eta 17 urte bitartekoei (ekainaren 29tik uztailaren 3ra). Partaidetzan oinarritutako dinamiken bidez, gazteek beren elikadurari eta ongizateari buruzko erabaki informatuak hartzeko trebetasunak eskuratuko dituzte, eta, horretarako, gastronomiaren eta osasunaren arteko harremana aztertuko dute, bai eta errezeta-sorta orekatu bat landu ere.

Basque Culinary Centerren, bestalde, Sukaldari Gazteentzako Murgiltze Programak esperientzia sakonago bat eskainiko du uztailaren 6tik 11ra. 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduak dira, eta irakasle adituek gidatuak. Saio horietan, sukaldaritzaren oinarriak landuko dituzte: sukaldaritzari eta elikadura osasungarriari buruzko eduki espezifikoak jorratzeaz gainera, ohitura arduratsu eta kontzienteekiko begirada ere zabalduko dute.

 

Sekula kale egiten ez duten klasikoak

 

Basque Culinary Centerren instalazioetan aurten ere izango dira eskari handiena duten ikastaroak, urtez urte plaza guztiak agortzen dituztenak: txingarrak, paellak, eta, oro har, uda gastronomikoaren ezinbesteko bilakatu diren beste proposamen batzuk.


 

Basque Culinary Centerrek, gastronomian aitzindaria eta nazioarteko erreferentzia den heinean, kalitatezko prestakuntzaren aldeko apustuari eusten dio. Hori horrela, aurten ere ospe handiko irakasle-talde bat izango da gure erakunde akademikoan. Zaleentzako ikastaroak eta tailerrak teknologia aurreratuarekin hornitutako espazioetan egingo dira, bai Basque Culinary Centerren, bai GOe Gastronomy Open Ecosystem gunean, eta ikasteko giro murgiltzaile eta praktiko bat eratuko da, oso espezializatua.

 

Aurtengo udan ere, erakundeak prestakuntza-esperientzia eraldatzaile bilakatuko du gastronomiarako grina, eta zabalik dago sukaldaritzaren unibertsoan ikasi, gozatu eta bilakatzen jarraitu nahi duten guztientzat.

Aurtengo udarako zaleentzat antolatutako prestakuntza-eskaintzari buruz informazio gehiago eskuratzeko: www.bculinaryclub.com

 

Desarrollado por: GureMedia