Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

TELEFÓNICA BASQUE CULINARY CENTER-EN, MUNDUKO PRESTAKUNTZA- ETA IKERKETA-ZENTRO AITZINDARIAREN, BAZKIDE TEKNOLOGIKOA IZANGO DA

22 Iraila 2017

Telefónicak eta Basque Culinary Centerrek (BCC), Espainiako Zientzia Gastronomikoetako lehen fakultateak eta esparru horretan munduko erreferentzia denak, hitzarmen bat sinatu dute; horren arabera, telekomunikazio-konpainia Basque Culinary Center (BCC) Fundazioaren Patronatuan sartuko da, bazkide teknologiko gisa. Joxe Mari Aizegak, BCC-ko zuzendari orokorrak, eta Luis Miguel Gilpérezek, Telefonicako presidenteak, hitzarmena errubrikatu dute.

Hitzarmenaren ondorioz, bat egingo dute esparru gastronomikoak eta teknologikoak, bi erakunde liderren bitartez, bi esparruetan sinergiak eta lankidetza identifikatzeko eta indartzeko helburuarekin. BCCk, sektore gastronomiko guztiak bezala, iraultza digital geldiezin batean murgilduta, hemendik aurrera, Telefónicaren laguntza teknologikoa izango du, gastronomian eta elikaduran ikerketa- eta berrikuntza-zentro gisa indartzeko.

Bi erakundeek elkarrekin egingo duten lehen jarduera jatetxeei eta teknologiari buruzko kongresu bat izango da: garatzen ari diren aurrerapen teknologikoetan sakonduko da eta, aldi berean, etorkizuneko teknologia berriak aztertuko dira arretaz. Sinposioa aurtengo azken hiruhilekoan izango da, Donostian, eta bertan chefek, sektoreko adituek, ekintzaile teknologikoek eta jatetxe-taldeetako enpresaburuek parte hartuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izango du. 

Egokierak sortzea

Egokiera berriak sortzea bi erakundeek partekatutako beste helburu bat izango da. Telefónicak ibilbide luzea du startupei laguntzen, hainbat programaren eta Espainia guztian banatutako abiada hartzeko espazioen bidez. Horri Basque Culinary Centerren esperientzia gehituko zaio, haren Culinary Action inkubagailuan, gastronomiaren munduan startupei laguntzen landutakoa. Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak dioen bezala, «ezagutza gastronomikoaren eta teknologikoaren arteko sinbiosiari esker, ekimen hau zein BCCren ekosistemako beste batzuk lehiakorragoak izango dira, eta aukera gehiago sortuko zaizkie».

Bestalde, Telefónica Españako lehendakari Luis Miguel Gilpérezek adierazi duenez, «ez da lehen aldia Telefónicak berrikuntza ardatz duen gastronomiaren munduaren aldeko apustua egiten duela, eta horren froga da Ferran Adriàrekin dugun lankidetza estua haren elBulliFoundation proiektuan eta 2010etik Telefónicako enbaxadore gisa duen zereginean».

Hain zuzen ere, Telefónica munduko onenetakotzat hartzen den Kataluniako chefean oinarrituko da, BCCrekin duen aliantza horretako helburu zehatzak eta nabarmenak lortzeko. Fokua berrikuntza irekian, ekintzailetzan, enplegua sortzean eta talentua erakartzean jartzea da asmoa.

«BCCrekin aliantza teknologiko hori egin dugu, besteak beste, Telefónicaren beraren interesarekin bat datorrelako, alegia, gastronomia eta teknologia nazioarteko ikuspegia duen –arreta Latinoamerikan jarrita– proiektu komun batean bultzatzea», esan du Telefónica Españako lehendakariak.  

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com