Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

Nazioarteko erreferentzia gastronomiko bihurtuta, Basque Culinary Center-ek bere hamargarren urteurrena ospatu du

27 Iraila 2021

“Gastronomia gara” lelopean, Basque Culinary Centerrek hamargarren urteurrena ospatu du astelehen honetan, irailaren 27an, erakunde publiko, instituzio eta enpresetako ordezkariekin batera, bai eta sukaldari handien eta “BCC Komunitatea” osatzen duten gastronomiaren arloko profesionalen eskutik ere. Basque Culinary Center bultzatu, babestu eta beso zabalik hartu zuen komunitate gastronomiko horrek, duela hamar urte, 2021ko irailaren 26an ateak ireki zituenean, gune bat abian jarri zuen, gastronomiaren inguruko  prestakuntza, berrikuntza eta ekintzailetza etengabe bizikide izan eta garatzeko.

 

Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegaren hitzetan, “Gastronomiak lorrezinak ziruditen helburuak lortu ditu. Horregatik, gaur hamargarren urteurrena ospatzen dugu, ilusioz eta erronkaz beteta. Komunitate gastronomiko handi bateko kide gara  eta elkarrekin 10 urte zoragarri partekatu ditugu. Ekintzailetza eta berrikuntzako hamarkada bat unibertsitatearen eta ezagutzaren munduan, gastronomiaren zerbitzurako ekosistema bat sortzeko. Gaur, hori posible egin duten pertsona guztiekin batera eskuratutako lorpenak ospatuko ditugu; hainbat profesional, enpresa eta erakunderen grinarekin eta konpromisoarekin; konplizeak, bidelagunak, izarrak, gastronomiaren konstelazioa egunetik egunera indar handiagoz nabarmentzen lagundu dutenak, eta Basque Culinary Center nazioarteko ekosistema erreferente bihurtzen lagundu dutenak. Guztiei, eskerrik asko komunitate hau apartekoa egiteagatik”.

 

Basque Culinary Centerren izan diren agintari nabarmenen artean, honako hauek izan dira: Iñigo Urkullu, lehendakaria, erakunde-ekitaldiari amaiera eman diona, Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea,  Denis Itxaso, Gobernu ordezkaria, Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia, Donostiako alkatea, José Miguel Herrero,  Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Industrias Alimentarias-eko Zuzendari nagusia,  Miguel Sanz Turespaña-ko Zuzendari Nagusia  eta Elisa Carbonell ICEX-eko Enpresa Nazioarteratzearen Zuzendari Nagusia.  

 

Ekitaldian izan dira, halaber, Basque Culinary Centerreko patronatuko ordezkariak, Vicente Atxa (Mondragon Unibertsitatea), Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz, Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa, Hilario Arbelaiz eta Diego Guerrero sukaldariak, eta zentroa osatzen duten enpresen ordezkariak: Rogelio Pozo (Azti), Agustín Marcaide (Eroski), Joseba Martikorena (Martiko), Ricardo Delgado (Covap), Iker Alberdi (Fagor) eta Guillermo Arrieta (Mahou San Miguel).

 

Gainera, enpresa eta erakunde kolaboratzaile guztietako ordezkariak, sektoreko profesionalak eta estatuko eta nazioarteko gastronomiaren arloko pertsona ospetsuak bertaratu dira. Besteak beste, honako hauek: Gastón Acurio, Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko kidea; Xanty Elías, 2021eko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea; eta Quique Dacosta, Macarena de Castro, Paco Roncero, Pepe Solla, Fina Puigdeval, Javier Olleros, Nacho Manzano, Mario Sandoval eta Jesús Sánchez sukaldariak.

 

Erakunde-ekitaldia streaming bidez ikusi ahal izanda Basque Culinary Centerren Youtubeko kanalean (eskuragarri dago oraindik); 12:00etan hasi da Izaro Iraeta zeremonia-maisuaren ongietorriarekin. Bertan, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko patronatuko presidente eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu dute. 

 

Ekitaldi hunkigarria Maite Larburu biolin-jotzaile eta kantautorearen musikarekin eta Pablo Mendez Performancesen akrobaziekin girotu da. Gainera, Alumni kolektiboko pertsona batzuek solasaldi bat egin dute eta sektore gastronomikoa osatzen duten profil profesionalak askotarikoak direla erakutsi dute. Besteak beste, Javi Riverok (Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduko 2. promozioko ikaslea eta AMA Tolosa eta ENEA-Donostia jatetxeetako sukaldeburua), Carlos Casillasek (Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduko 6. promozioko ikaslea), Elena Romeok (BBC Innovation zentroko ikertzailea eta Basque Culinary Centerreko doktoregaia) eta Joseba Lazkanok (Sommelierrean eta Enomarketing-eko Masterreko ikasle ohia eta Gaintza Txakolindegiko zuzendaria) hainbat alderdiri buruzko gogoeta egin dute, esperientziak partekatu dituzte eta gastronomiaren 360º-ko ikuspegiari balioa eman diote; hain zuzen, ikusmolde horrek gastronomiaren definizio integrala defendatzen du.

 

Erakunde-ekitaldia amaitu ondoren, Basque Culinary Centerreko irakasleek eta ikasleek prestatutako otordua egin da. Ekitaldi horretan, bertaratuek azken hamar urteotan bizitako esperientziak eta erdietsitako lorpenak partekatzeko eta gogoratzeko aukera izan dute eta, aldez aurretik, erakundearen hamargarren urteurrenerako argitaratutako liburu berezi bat jaso dute: "Gastronomía. Diálogos en torno a la cocina de hoy y de mañana”. Liburua liburu-dendetan eta BCC Store webgunean eskuratu ahal izango da urriaren 20tik aurrera. Lan hori urteotan Basque Culinary Center eraiki dutenen begiradatik idatzita dago, eta sektore gastronomikoaren egungo ikuspegitik; hain zuzen, ikuspegi hori gastronomia goi-mailako sukaldaritzaren arloan sailkatzetik aldentzen da eta sektore horren aberastasuna, konplexutasuna, eraldatzeko gaitasuna eta aukerak nabarmentzen ditu.

 

Ospakizuna eta ondorengo bazkaria COVID-19aren protokoloak betez egin dira. Bazkariko menua, ikasleek prestatu dute COVAP, Martiko eta Bacalao Giraldo marketako premium produktuekin, eta Mahou San Miguel-eko garagardo aukera batekin eta Bodegas Valdemar-eko ardoekin.   Gainera, honako enpresa hauen lankidetza izan du: Aquanaria, Cafés Baqué, Agua de Insalus eta Koppert Cress.

 

 

Basque Culinary Centerren 10. urteurrena

 

2021ean, Basque Culinary Centerrek 10. urteurrena ospatuko du. Sortu zenetik, erakundeak 360º-ko gastronomiaren ikuspegia garatu du hainbat ekimen eta proiekturen bitartez. Aurten, erdietsitako lorpenak eta etorkizuneko erronkak ospatuko dira, betiere erakundearen balioetan oinarrituta: pasioa, bikaintasuna, berrikuntza eta gizarte-konpromisoa.

 

Topaketak, eztabaida-mahaiak, eduki esklusiboak... horiek dira urteurreneko urte honetan garatzen ari diren ekimenetako batzuk; hain justu ere, egitasmo horiekin ari da Basque Culinary Center egin duen 10 urteko ibilbidea ospatzen. Etengabeko jarduera-programa izan da, eta Basque Culinary Centerren ibilbidean presente egon diren eragile eta kolektibo guztiek parte hartu dute, hala nola: erakundeak eta enpresak, Alumni kolektiboa, patronatuko kideak, nazioarteko aholkularitza-batzordea, Basque Culinary Center osatzen duten pertsonak, egungo ikasleak edo sektoreko pertsona aipagarriak.

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com