22 Urria 2025
Leticia Landak irabazi du Basque Culinary World Prize 2025 saria, La Cocina proiektuan egin duen lanagatik. Proiektu horrek 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta talentua duten eta San Frantziskoko sukaldaritza-sektorean modu formalean integratu nahi duten pertsonak prestatzeko, inkubatzeko eta laguntzeko aukerak sortzea du helburu. Xedea da pertsona horiek, bazterketa-egoeran dauden komunitateetatik abiaturik, beren negozioen buru izan daitezen, errentagarri bihur daitezen, eta, azkenik, gastronomia produktiboaren bihotzaren bidez beren inguruneak eralda ditzaten.
Texasen jaioa da, Estatu Batuetako etorkin mexikar batzuen alaba. Hurbiletik ezagutzen du zer den bereaz bestelako komunitate batean sartzea lanaren eta hezkuntzaren bidez. Bere denbora sukaldeen eta boluntariotza-ekimenen artean banatzen zuen bitartean, Antropologia ikasi zuen. 2015ean, La Cocinan hasi zen, eta haren jarduna funtsezkoa izan da gaur egun 100 bat negozio dituen proiektu baten bilakaeran; proiektu horien artean, badira inkubazioan daudenak eta jada graduatuak.
“Atsegin dugu Leticia Landaren hautaketa, erakusten baitu sukaldaritza tresna indartsua izan daitekeela inklusiorako, independentzia ekonomikorako eta duintasunerako. Eta bide egiten lagundu diezaiekeela lanaren, talentuaren eta elkartasunaren bidez beren patua aldatzea amesten dutenei”, aldeztu du Joan Rocak, Basque Culinary World Prizeko epaimahaiburuak.
Saria jaso ondoren, Leticia Landak aitortu du: “Lorpen honek pertsona askok 20 urtetan zehar La Cocinaren misioa bultzatzeko egin duten ahalegina adierazten du. Sari honek lan kolektiboa aitortzen du, baliabide- eta laguntza-ekosistema batek babestua, eta aukera ematen dio sukaldari eta ekintzaile komunitate harrigarri honi bere gastronomia partekatzeko ez ezik, bere talentutik bizitzeko eta bere komunitateetan enplegu-aukerak sortzeko ere. Ohore bat da sari hau onartzea La Cocinan lan egin dugun guztiengatik eta hemen hasi diren negozio guztiengatik.”
San Frantziskoko badian 40 jatetxe, kafetegi eta kiosko baino gehiago daude martxan. Lorpen handienen artean, Landak nabarmentzen du parte-hartzaileen % 70ek negozioak aktibo izaten dituela graduatu eta 10 urtera. Haietako batzuk aipatzearren: Reem Assil (Reem's California, Arabiyya: Recipes from the Life of an Arab in Diaspora liburuaren egilea); Fernay McPherson (Minnie Bell's, “Rising Star Chefs” San Frantziskon); Nite Yun (Kanbodiako errefuxiatua, gaur egun Lunette jatetxearen jabea; zenbait telesailetan nabarmendua, hala nola Chef’s Table (Netflix)), edo Koji Kanematsu (Onigillyko burua, janari japoniarreko 6 jatetxe dituena hirian).
Basque Culinary World Prize sari berezia da, sari aitzindari bat, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila ematen duena, Euskadi-Basque Country estrategia integralari jarraituz, Basque Culinary Centerrekin batera, ekosistema berezi bat, prestakuntza, berrikuntza, ikerkuntza eta ekintzailetza bateratzen dituena gastronomia garatzeko eta sustatzeko,. Sari horren bidez, beren ezagutza, talentua, sormena eta indarra baliatuz gure gizarteak eskatzen dituen aldaketak bultzatzen dituzten sukaldariak aintzatesten dira. Saria 100.000 €-koa da, eta irabazleak hautatutako proiektu batera bideratu behar dira.
Testuinguru horretan, Basque Culinary World Prize sariketak irabazle bat eta bi aipamen berezi iragarri ditu gaur. Modu horretan, gastronomiaren alorreko erronkak ezagutarazten dituzten historia eta kasu inspiratzaileak ikusgai egiteko duen interesa erakusten jarraitu du. 2024an sukaldaritzak laguntza humanitarioan duen zeregina azpimarratu ondoren, 2025ean gastronomiak dauzkan eraldaketarako boterea, irismena eta gizartean eragiteko gaitasuna indartu eta goratu nahi izan ditu Basque Culinary World Prizek.
Horrexegatik, Leticia)z gain, epaimahaiak beste bi sukaldariren lanari egin dio aitortza, eta aipamen bereziak eman dizkie: Joao Diamante eta Matthew Evans-i.
Epaimahaiak, zeina Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseilua ordezkatzen duten munduko sukaldaririk ospetsuenetako batzuek osatzen baitute, Leticia Landa aukeratu du irabazle. Joan Roca chefa (Espainia-El Celler de Can Roca) izan da epaimahaiko burua, eta beste chef entzutetsu batzuek ere parte hartu dute; besteak beste: Gastón Acurio (Peru), Pía León (Peru), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Manu Buffara (Brasil), Elena Reygadas (Mexiko), Trine Hahnemann (Danimarka), Thitid Tassanakajohn (Thailandia), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina) eta Mauro Colagreco (Argentina/Frantzia). Eta aurten, Elena Arzak, Diego Guerrero eta Aitor Arregi batu dira erabaki bilerara.
Iragarpena Talaian egin da, GOe - Gastronomy Open Ecosystemen egindako ekitaldi batean. GOe Basque Culinary Centerren proiektu estrategiko bat da, ikerkuntza, ekintzailetza eta talentuaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren bidezko prestakuntza aurreratua sustatuz gastronomiaren esparrutik etorkizun gozo-gozo bati ekarpena egiteko sortua. Garai berri horren sinbolo dugu haren egoitza, Bjyarke Ingels arkitekto sonatuak diseinatutako eraikin inauguratu berria.
Han, gastronomiatik itsasora murgil egin dugu, kozinatzen eta jaten dugunari eta horrek guztiak dakarrenaren eraginari buruzko eztabaida sustatuz. Oraingo honetan, Nazioarteko Kontseiluak, mundu osoan ospetsuak diren chefekin batera eta zenbait diziplinatako eta erakundetako profesionalekin batera, etorkizunera begiratu du, eta bide berriak esploratu ditu etorkizuneko gastronomiarentzat, ideia eraldatzaileen artean nabigatuz eta iraganera begiratu ondoren aukeraz beteriko etorkizun berri bat eraikitzeko helburua duten proiektuak partekatuz. Aukera paregabea da jakiteko zer aurrerapen egin diren arrantza jasangarriaren, akuikultura birsortzailearen, labore berritzaileen, itsas ekosistema berezien, ondare mugikorren, antzinako jakintza berreskuratzearen eta I+G ekimenen alorrean, aditu askoren ahotik, esaterako, Ángel León (Aponiente) eta Aitor Arregirenetik (Elkano).
Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, honako hau azpimarratu nahi izan du: “BCWP sari bat baino gehiago da; mundu mailako sare bat irudikatzen du, euskal kulturari hertsiki lotutako balioak hezurmamitzen dituzten pertsona inspiratzaileek osatua. Irabazleen, finalisten eta izendatuen bitartez, ekimenak agerian utzi du gastronomiak zer garrantzi duen aldaketa-eragile gisa eta kulturen eta lurraldeen artean zubiak eraikitzeko gai den hizkera komun gisa. BCWPk, zeina Euskadi Basque Country estrategian txertatuta baitago, lurraldearen nazioarteko proiekzioa indartzen du, eta argi eta garbi uzten du euskal gastronomia berrikuntza- eta lidergo-iturri bat dela oraindik ere, tradizio luzekoa eta ospe handikoa izateaz gain.
Bestalde, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak hau adierazi du: “Sortu zenetik, Basque Culinary World Prizek agerian utzi du eraldatzeko gaitasun hori, eta aitortza egin die haien talentua hezkuntzaren, ingurumenaren, gizartearen edo osasunaren alorretan aldaketak lortzeko erabiltzen dutenei. Hamar edizio geroago, saria plataforma global bihurtu da, konpromisorako, zerbitzurako eta berrikuntzarako bokazioari gorazarre egitekoa. Horrexen adibide paregabea da Leticia Landa, eta bere La Cocina ekimena. Zorionak, bihotzez, gure aipamen bereziei ere: João Diamante eta Matthew Evans-i. BCWPren komunitatearekin bat egin dute, lanaren bitartez aldaketa biderkatzaile baten inspirazio-iturri direnek osatzen duten komunitatea”.
AIPAMEN BEREZIAK
João Diamante (Brasil)
Bahian sortua, João Diamante Rio de Janeiroko favela batean hazi zen, pobreziaz eta indarkeriaz inguratuta, baina inspiratu zuten gizarte-proiektu batzuk ere izan zituen gertu: ondo ezagutu du zein zaila den bazterketa-testuinguruak gainditzea eta zein garrantzitsua den norbaitek laguntzea, berari gertatu zitzaion bezala, laguntza publikoei esker Parisko Alain Ducasseren eskolan sukaldari gisa trebatzeko aukera izan zuenean. Horrek guztiak eragina izan zuen Brasilera itzuli eta Diamantes na Cozinha sortzeko erabakian. Proiektu horrek gastronomiako formakuntza erabiltzen du hobetzeko tresna gisa, eta prestakuntza-tailerrak eskaintzen dizkie gehien behar dutenei: doako sukaldaritza-, okintza-, gozogintza- edo barra-ikastaroak, prestakuntza teorikoa eta praktikoa konbinatuz establezimendu laguntzaileetako esperientzia errealarekin. Horri esker, ikasleak gai dira enplegua aurkitzeko edo beren erkidegoetan beren negozioak irekitzeko. João ziur dago gastronomiak pertsonen bizitza aldatu dezakeela “ezagutzaren demokratizazioaren bidez” (“nire herrialdean gutxi batzuen pribilegioa izaten jarraitzen du”, dio), eta bere antolakuntzarekin hori erakusten ari da bere Dois de Fevereiro jatetxean, non sukaldaritza erabiltzen baitu bere gizarte-proiektuaren erakusleiho gisa eta afrobrasildar nortasunaren eta erresistentziaren ikur gisa.
Matthew Evans (Gales-Australia)
Sukaldari eta kritikari gastronomiko izan ondoren baserritar bihurtua, Matthew Evans Australiako ahotsik eraginkorrenetako bat izatera iritsi da, gastronomiarekin zerikusia duten gaien dibulgatzaile gisa, telebista-programen, dokumentalen eta liburuen bidez. Haietan, elikagaiak modu etiko eta jasangarrian ekoiztearen erronkak azaltzen ditu lehen pertsonan, eta saiatzen da ikusleek elikagai-iturriez duten pertzepzioa molda dezaten, elikadura-sistemen argi-ilunak eta itzalak kontuan hartuz, lehen sektoreko lanak balora ditzaten eta jabetu daitezen zenbateko eragina duten erosketak egiteko, janaria prestatzeko eta jateko orduan egindako hautuek. Sydney Morning Heraldeko kritikari ohia, lan hori utzi zuen “azenario batek beste batek baino zapore hobea zergatik duen” jakiteko, eta horretarako Fat Pig Farm (Tasmania) etxaldea sortzea erabaki zuen, non nekazaritza birsortzailea praktikatzen baitu eta zortzi urtez paddock to plate jatetxe bat mantendu baitzuen. Bere ikasketa-prozesuak berak zabalkunde proiektu bat ekarri zion; hor sar daitezke Gourmet Farmer telebista programaren bost denboraldiak, What’s the Catch dokumental-saila eta beste, eta On Eating Meat eta Milk liburuak, adibidez. The Truth, the Lies and the Unbelievable Story of the Original Superfood.
Hautatze-prozesua
Prentsak “Gastronomiaren Nobel Saria” deritzon honen garrantziaren erakusgarri dira orain arte egindako 1.250 izendapen baino gehiago, 42 herrialdetako 850 izendatu inguru eta askotariko nazionalitateetako irabazleak, esaterako, Venezuela, Kolonbia, Australia, AEB, Espainia, Sierra Leona eta Turkiakoak; sariak, gainera, ospe handiko nazioarteko akademikoen eta adituen babesa du, hala nola gure garaiko sukaldari onenetako batzuena.
Gastronomia hainbat arloren —gizarteratzearena, jasangarritasunarena eta hezkuntzarena, besteak beste— motor izan daitekeela erakusten duten mundu osoko chefak izendatzen bi hilabetez jardun zuten industriako eta sektoreko profesionalek eta erakundeek. Basque Culinary Centerrek, berriz, lantalde bat jarri zuen abian, hainbat profil bilatzeko eta egiaztatzeko prozesu sakon bat egin zezan.