Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Aurreikusitakoaren arabera doaz Guardian EDA Drinks & Wine Campus berria eraikitzeko lanak

10 Iraila 2026

 Guardiako EDA Drinks & Wine Campusen obren aurrerapena mugarri bat da ardoaren inguruko prestakuntzarako espazio honen eraikuntzan. Gero eta nabarmenagoa da eraikinak izango duen itxura, eta proiektua sustatu duten erakundeen baterako bultzada islatzen du, gaur Guardian antolatu den bisitan ikusi denez. Bisita hasi aurretik Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak nabarmendu duenez, “Guardiako EDA Drinks & Wine Campus sendo ari da aurre egiten, eta gero eta errealitate egiazkoagoa da. Pozarren gaude, obren aurrerapenak proiektuaren sendotasuna islatzen duela ikusi baitugu; gainera, gero eta gertuago dugu ardoaren eta edarien sektoreko prestakuntzan eta garapenean eragin erabakigarria izango duen campusa”.

Joxe Mari Aizegarekin batera, beste hauek parte hartu dute bisitan: Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Elisa Ucar EDA Drinks & Wine Campuseko zuzendaria eta Paz Simón Basque Culinary Centerreko Eragiketetako zuzendaria. Ekitaldian, prestakuntza-zentro berri honen jardueretarako espazioak ezagutu dituzte guztiek: produkzio-prozesu errealetarako erabiliko den instalazio pilotua, laborategi esperimentalak, zentzumenen inguruko jarduera eta esperientzietarako auditorio bat, ekintzaileentzako espazioak (showroom gisa planteatuak) eta publikoarentzat irekitako wine bar bat, besteak beste.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak azaldu duenez, “gaur egiaztatu dugu EDAren alde egin genuen erronka forma hartzen eta aurrera egiten ari dela. Campus hau azpiegitura berri bat baino askoz gehiago da: ezagutza, talentua eta berrikuntza ardatz dituen inbertsio estrategiko bat da, ardogintzaren eta mahastizaintzaren sektorea eta nekazaritzako elikagaien sektorea indartzera bideratua. Guardian ezagutza sortzea, sektorearen aldaketa zuzenduko duten profesionalak heztea eta Arabako Errioxa, Araba eta Euskadi nazioartean zabaltzea: hori da gure nahia”.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek nabarmendu duenez, “EDA Drinks & Wine Campus funtsezko pieza izango da Arabako Errioxaren eraldaketa prozesuan, eta gaur egiaztatu ahal izan dugu proiektu hori gero eta hurbilago dagoela errealitate bihurtzetik. Eskualdearen etorkizunerako ekimen estrategiko bat da, aukera berriak sortzeko, Arabako Errioxaren posizionamendua indartzeko eta ardoaren sektoreari aurrean dituen erronka garrantzitsuei erantzuten laguntzeko gai izango dena”.

Eraikuntza-lanen prozesua aurreikusitako planaren arabera doa, eta eraikinaren egitura amaitu ondoren, barrualdea prestatzen ari dira: instalazioen itxiturak, zatiketak eta akaberak; kanpoaldean, berriz, landare-estalkiari eta fatxadari ekin zaie.

Guardiako EDA Drinks & Wine Campus ardoaren inguruko prestakuntzarako diseinatu da, eta talentua sustatzeko helburua du, lurraldean sustrai sendoak dituen sektorea eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren tradizioa bultzatzeko. Bost eremu nagusitan egituratzen da: prestakuntza, ekintzailetza, wine bara, ikerketa eta ekitaldiak. Gutxi gorabehera 3.300 metro karratu eraiki izango ditu, eta ardogintzan zentratutako instalazio pilotu bat izango du, bai eta ekintzaileentzako 6 espazio, 3 ikasgela/lantegi, 2 laborategi —erabaki hori hartu zen, azalera murriztu gabe prozesuak bi espaziotan banatzea gomendatu zuen balorazio tekniko baten ondoren—, zentzumenen areto bat, auditorio bat eta wine bar esperimental bat. 

Instalazio pilotuan, learning by doing metodologiari jarraituz, sagardoa eta ardoa ekoizteko prozesu errealak garatuko dituzte ikasleek. Bi laborategi esperimentaletan, prestakuntzari eta praktikari lotutako prozesu analitikoak egingo dira. Askotariko metodologiak lantzea da ikasgela eta lantegien helburua , eta dastatze-saioak egingo dira zentzumenen aretoan (bai gradukoak, bai etengabeko prestakuntzakoak), campusaren irismena zabaltzeko. Auditorioak aukera emango du eraikinaren filosofiarekin bat datozen ekimen eta esperientziak sustatzeko, eta ekintzailetzako sei espazioak, berriz, showroom gisa erabiliko dira. Azkenik, wine bara —publikoari irekia eta irakaskuntza-lantegi gisa pentsatua— esperimentatzeko, praktikak egiteko eta elkartzeko espazio bat izango da.

Basque Culinary Centerren proiektu estrategikoetako bat da EDA Drinks & Wine Campus; erakunde horren helburua da etorkizun gozo-gozo bat garatzen laguntzea gastronomiaren alorrean, ardoa eta edariak sukaldaritzaren kulturaren funtsezko osagai gisa integratuz. Testuinguru horretan, talentua, bikaintasuna eta arlo akademikoaren eta produkzioaren sektorearen arteko lotura sustatzeko espazio sendoa da EDA Drinks & Wine Campus, eta prestakuntzako, ekintzailetzako eta ikerketako erreferentziazko proiektu gisa duen posizioa indartu du, baita nazioartean ere . 

Atelier Carvalho Araújo estudio entzutetsuak diseinatu du Mugarik Gabe proiektua, eta Construcciones Amenábar enpresak eraiki du.

Desarrollado por: GureMedia