Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

Jock Zonfrillok jaso du 2018ko Basque Culinary World Prize saria

26 Azaroa 2018

Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egin zen Azaroaren 22an, 2018ko Basque Culinary World Prize sari-banaketa. Jock Zonfrillo chef eskoziarrak jaso du saria, Australiako herri natiboen kulturaren defentsan egin duen lanagatik eta sukaldaritzako tradizio aborigena babesteko egindako lanagatik.

Sari berezi eta global hori Eusko Jaurlaritzak Basque Culinary Centerrekin lankidetzan sortu eta ematen du, eta ekimen eraldatzaileak edo gizartean eragin positiboa dutenak abian jartzen dituzten chefak saritzen ditu, hain zuzen. Era horretan, helburua da erakustea gastronomiak balio dezakeela hainbat arlotan –berrikuntzan, hezkuntzan, ingurumenean, gizarte- edo ekonomia-garapenean edota osasunean, besteak beste– aldaketa bultzatzeko.

Saria Euskadi-Basque Country estrategia integralaren barnean dago. Herrialde-marka horrek, indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen du Euskadi, bikaintasunaren, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu, herrialde berritzaile eta lehiakor egiteaz gain. Euskal gizartearen balio komunak –hala nola ahaleginaren kultura, konpromisoa, hobetzeko gaitasuna, eraldatzearen aldeko bokazioa, emakume eta gizonentzako aukera-berdintasuna– Euskadiren irudiari lotzea da xedea, nazioarteko gure bisita-txartela izan daitezen.

Hainbat agintari eta pertsona entzutetsuren aurrean, Arantxa Tapia sailburuak saria eman dio Jock Zonfrillo chef eskoziarrari, Australiako herri natiboen kulturaren defentsan egin duen lanagatik eta sukaldaritzako tradizio aborigena babesteko egindako lanagatik.

Australian, egungo gastronomiaren apustu interesgarrienetako bat sustatzen du Zonfrillok: munduko kulturarik zaharrenetako bat ikertu eta sustatzen du, Australiako jatorrizko herrien kultura. Trukea eta ikerketa oinarritzat dituen ikuspegi batetik, Orana jatetxea baliatzen du orain arte ezezaguna izan den herentzia baten sukaldaritza-potentziala sustatzeko, osagaiak eta tradizioak identifikatuz, baina, batik bat, ezagutza komunitate horiek garatzeko aukera bihurtuz.

 

2000. urtean Australiara bizitzera joan zenetik, Jock Zonfrillok hirietatik urrun dauden komunitateak bisitatu ditu, sukaldaritzari ateak ireki diezazkioketen tradizio natiboen ezagutzan sakontzeko. Orana fundazioa sortu zuenetik, ezezagunak ziren hainbat osagai aztertu eta dokumentatu ditu. Bertako unibertsitate eta erakundeekin lankidetzan, datu-base bat eraikitzea sustatzen du. Datu-base horretan, egun, sukaldaritzako potentziala duten 2.000 produktu baino gehiago daude erregistratuta.

 

Basque Culinary World Prize sariaren 100.000 euroko diru-sariak datu-base hori garatzeko balioko du. Helburua da datu-base horretan 15.000 osagai jangarri erregistratzea, eta horrek ahalbidetuko du produktu horiek ekoitzi eta merkaturatzea, bai eta komunitate indigenentzako enpresa berriak sortzea ere.

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com