Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

GOe - Gastronomy Open Ecosystem, hiria, natura eta biodibertsitatea konektatuz

22 Uztaila 2025

Basque Culinary Centerrek GOe - Gastronomy Open Ecosystemen paisaia-proiektua aurkeztu du. Planteamendu horretan, Donostiako hiri-sare berdean integratutako espazio ekologiko biodibertsitatedun bilakatzen da eraikina. Aurkezpenean parte hartu dute Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, Paz Simón Basque Culinary Centerreko Eragiketetako zuzendariak eta Iñigo Segurola paisajista eta proiektuaren arduradunak (Lur Paisajistak estudioa).

Elementu arkitektoniko bat baino askoz gehiago da GOe; izan ere, eraikina bere ingurune naturalarekin konektatzen duen ikuspegi jasangarri eta berritzaile baten bidez gauzatzen da. Donostiako Udaleko Parke eta Lorategi Sailarekin koordinazioan garatu da paisaia-proiektua, Azpiegitura Berdearen Planaren eta BOTANIKA Donostiako Zuhaitzen Plan Zuzentzailearen testuinguruan (Nafarroa etorbidea Ategorrieta-Ulia, Egia eta Gros auzoak hondartzarekin lortzen dituen funtsezko korridore berde gisa planteatzen du).

GOe konektore berde bat da, natura eta hiria lotzen dituen zubi bat, non tokiko ezaugarri espezifikoak jasaten dituzten espezieak landatzen baitira. Hala, natura-kantitate handiagoa sartzen da hirian, eta, horri esker, biodibertsitatea hobetzen da eta ingurune aberats eta osasungarriagoa sortzen da landare, animalia eta pertsonentzat.

Parke eta Lorategi Sailak definitutako eta bi planetan jasotako eskakizunak betetzen ditu GOe-ren jarduera-eremuan sortutako espazio publikoak; nazioarteko, estatuko eta Europako erreferentziazko araudiekin bat datoz eskakizun horiek, kontuan hartzen baitute hiri-jasangarritasuna. 

Modu horretan, konektagarritasun ekologikoa indartzen duen, hiri-fauna babestea bultzatzen duen eta paisaia-integrazioa sustatzen duen erreferentzia-puntu bilakatu da GOe, plan horietan ezarritako irizpideak betez, betiere. Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “Gastronomiak, jasangarritasunak eta ikerketak bat egingo duten etorkizuna lortu nahi dugu GOe ekimenaren bidez. Paisaia-proiektu honekin, ingurunea errespetatzen duen eta pertsonen ongizatea lortzeko konpromisoa duen berrikuntza-eredu baterantz gerturatzen ari gara”.

Ekosistema berde bihurtzen den eraikina

Eraikinaren landare-estalkiak eta urbanizazio osagarrian txertatutako landarediak osatzen dute paisaia-proiektua; biak pentsatu dira azpiegitura ekologiko koherente, askotariko, funtzional eta oso gisa. Gune berdeek 3.600 m² hartzen dute, eta horrek ingurunea iraunkortasunez eta paisaian ongi integratuta garatzeko konpromisoa berresten du. Gros auzoaren konektagarritasun berdea indartzen duen sare bat eratzen dute biek batera, eta Nafarroa etorbideak korridore natural gisa duen papera indartzen du. Paz Simón Basque Culinary Centerreko Eragiketetako zuzendariak azaldu duenez, “Jasangarritasuna eta ingurunearekiko errespetua izan dira Goe-ren eraikinaren diseinua eta eraikuntza gidatu dituzten ardatzak. Konpromiso horren isla da paisaia-proiektu hau, alderdi funtzionalaz gainera ingurumenaren eta gizartearen ikuspegia ere kontuan hartu dituena”.

Estalki berdeak 1.329 m²-ko landaketa-eremua hartzen du, eraikinaren arkitekturan integratutako ekosistema bizidun bilakatuz. Guztira, 6.216 ale landatu dira, 26 espezie desberdinetakoak; bizikorak, zuhaixkak eta gramineak. Espezie hauek ur-beharrizan txikia dutelako, klima atlantikoarekiko egokitasunagatik eta urte-sasoiaren arabera duten erakargarritasunagatik hautatu dira.

Loratuta dagoen azalera handia da hau, eta bere egitura zuhaixka iraunkorren banda puntualen landaketaren bidez antolatzen da. Landare hauek hosto iraunkorra dutelako eta baldintza gaziak jasateko duten gaitasunagatik hautatu dira. Nabarmendu beharreko espezieen artean daude Pittosporum tobira “Nana” eta Diosma pulcherrima, erritmoa, testura-kontrastea eta ikusgarritasuna ematen baitituzte neguan zehar. Zuhaixken banda hauek bost loraketa-bandarekin txandakatzen dira, urte osoan zehar kolore-aniztasuna eta dibertsitate ekologikoa ekartzen dituztenak.

Lehen banda hau loraketa zuriek nagusitzen dute, eta honako espezieek osatzen dute: Gaura lindheimerii, Pennisetum villosum, Erigeron karvinskianus eta itsas ingurunera egokitua dagoen Leymus arenarius. Bigarren bandan kolore urdin eta moreek hartzen dute protagonismoa, Verbena bonariensis, Tulbaghia violacea, Perovskia atriplicifolia eta Pennisetum alopecuroides landareekin. Hirugarren bandak tonu horiak ditu nagusi, Rudbeckia fulgida, Hemerocallis (egun bateko lilioak) eta Lysimachia clethroides bezalako espezieei esker.

Laugarren bandan ingurune hezeetako bertako landareak sartzen dira, hala nola Lythrum salicaria (salikaria), Filipendula ulmaria eta Persicaria microcephala “Red Dragon”. Bosgarren bandan, berriz, Carex pendula eta Iris pseudacorus espezieak txandakatzen dira, biak ere Atlantikoko inguru hezeetako landare bereizgarriak.

Zuhaixka iraunkorren eta bost bizikorreko banda tematikoen arteko txandakatzearen bidez, mosaiko begetal aberats eta dinamikoa sortzen da, loraketak, testura arinak eta urtaro-aldaketak uztartzen dituena. Diseinu honek ez du soilik multzoaren estetika aberasten, baizik eta biodibertsitatea sustatzen du, intsektu polinizatzaileentzako elikagai-iturriak eta hiri-faunaren hainbat espezierentzako babeslekuak eskainiz. Horrez gain, herritarrei landare-esperientzia bizia, aldakorra eta funtzionala eskaintzen die.

Gainazal berde honek, eraikinaren isolamendu termikoa eta akustikoa hobetzeaz gainera, intsektu polinizatzaile, hegazti eta ugaztun txikientzako habitat gisa balio du. Horregatik, hiriko faunaren presentzia eta biodibertsitatea sustatzen ditu. 

Gainera, drainatze jasangarriko sistema bat ere bada Drenatura euskal enpresarekin batera diseinatutako estalkia: euri-ura jaso eta atxikitzen du, eta ureztatze-sistema pasibo baten bidez berrerabiltzen da; ez du kanpoko energiarik behar eta edateko uraren kontsumoa murrizten du. Iragazki naturalaren lana egiten du landare-multzoak, eta airearen tenperatura 2-5 gradu murrizten laguntzen du; hala, “bero-uhartea”ren efektua arintzen du Manteo inguruan, euri-ura lurrunduz. 

Estalkiak eraikinaren jokaera energetikoa hobetzen du eta uraren kudeaketa jasangarrian laguntzen du; gainera, herritarrentzat irekita dago, espazio publiko publiko aktibo gisa. Eraikinak forma uhinduak ditu, terraza mailakatuetan egituratuak: eraikina ingurunearekin lotzen duen aire libreko espazioen segida bat osatzen dute, barrualdearen eta kanpoaldearen arteko mugak ezabatzen baitituzte. Modu horretan, estalkia paisaia bizigarri bihurtu du GOe-k, eta erakutsi du arkitektura aldi berean euskarri ekologiko eta hiria eraldatzeko motor izan daitekeela.

Halaber, landaredia txertatu du eraikinaren inguruko urbanizazio osagarrian, horietako 2.271 m² berdeguneak dira. Gune hauetan 1.293 ale landatuko dira, 25 espezie desberdinetakoak —zuhaitzak, zuhaixkak eta bizikorak barne—, inguruneari biodibertsitatea eta paisaia-balioa emanez.

Nafarroa etorbidean, txorko jarraituak barne hartzen dituen diseinu bat egin da, landare-jarraitutasuna eta azalera iragazkor handiagoa lortzeko. Lorategi-zerrenda horri esker, euri-urak hartzen eta iragazten dira, eta, hala, uraren kudeaketa jasangarriaren alde egiten da; metro bateko zabalera eta metro bateko lodierako substratua ditu lorategi-zerrendak. Espazio horretan, landaketa-eskema misto eta askotarikoak garatu dira, eta zuhaitzak, zuhaixkak eta landare bizikorrak bateratzen dituen landare-lerro bikoitz bat jarri da. Modu horretan, biodibertsitatea babestu da, hiri-paisaia aberastu da eta polinizatzaile, hegazti eta ugaztun txikientzako habitat funtzionalak sortu dira.

Donostiako estrategia berdearen esparruan, Nafarroa etorbideak korridore ekologiko gisa duen papera indartu da, hiru geruzatan antolatutako landare-zerrenda gisa egituratu baita. Zuhaitz-geruza 10 metrotik behin landatutako zumarren (Ulmus sp.) ilara batek eratuko du; itzala eta jarraitutasun bisuala emango dizkio pasealekuari. Galtzadatik gertueneko zerrenda zuhaixkek eratuko dute, eta tamaina ertaineko espezieak jarriko dira, hala nola Arbutus unedo (gurbitza), Callistemon laevis, Cordyline australis, Phillyrea angustifolia, Vitex agnus-castus “Delta Blue” eta Pittosporum tenuifolium “Irish Luck”. Izan ere, testura, kolorea eta landare-egitura ematen dituzte urte guztian.

Espaloiaren ondoan ikusiko dugu geruza baxuena, zeinean zuhaixka txikiak (besteak beste,  Diosma hirsuta “Pink Fountain” eta Rhaphiolepis x delacourii “Coates Crimson”) landare bizikorrekin (adibidez, Dietes bicolor, Ceratostigma willmottianum eta Alstroemeria rivale) konbinatuko baitira; haien ezaugarri landatarrak, apaintzeko ahalmena eta biodibertsitateari egiten dioten ekarpena kontuan hartuta hautatu dira. Landaredi sarri eta jarraitu bat da konbinazio horren emaitza, eta irizpide funtzional, ekologiko eta estetikoetan oinarritzen da. Horrekin guztiarekin, hiri-paisaia erresiliente, eroso eta ekosistema naturalekin konektatuagoa lortzen da.

Urtaro bakoitzean paisaia-balioak helarazten dituzten forma, testura, kolore eta loraldiak dituzte sortutako giroek, eta, hala, ingurunearen balio eszenikoa areagotzen da. Espezie-mota ugari eta tamaina eta altuera desberdinetakoak erabiltzeak jarraitutasun bertikala eta horizontala eratzen dituzte, , eta, hala, espezieen arteko interakzioak bultzatzen dira. Gainera, espezie hostoerorkorren eta hosto iraunkorreko espezieen arteko proportzio orekatua bilatu da (espezie jangarriak ere erabili dira), paisaia erakargarria lortzeko urte osoan, hiriko kondizio bioklimatikoak hobetzeko eta jarraitutasun ekologikoa sendotzeko, faunaren babesleku eta elikatze-iturri gisa.

Espezieak aukeratzeko garaian, kontuan hartu dira ur gutxi behar dutela eta lehortea ondo jasaten dutela, mantentze-lan gutxi behar dituztela eta gai direla urtaro-aldaketak islatzeko. Hiri-paisaiaren barruan gune gizatiar bat osatuko duten espazioak sortzea da  helburua, bai eta esperientzia eroso, jasangarri eta klimara egokituago bat sortzea ere.

Eraikinaren inguruan zuhaitzak eta berdeguneak egoteak onura horiek indartzen ditu: adaburuek ura jasotzen dute aldi batez, sustraiak onuragarriak dira infiltraziorako eta haien jarduera biologikoak lurzoruaren eta airearen kalitatea hobetzen du. Modu horretan, ingurumenaren aldetik sistema eraginkorra, erresilientea eta hirirako onuragarria eratzen da. Iñigo Segurola paisajista eta proiektuaren arduradunak (Lur Paisajistak estudioa) adierazi duenez, “Ingurune berde erresiliente eta dinamikoa diseinatu nahi izan dugu, irizpide ekologikoen araberakoa eta, halaber, herritarren esperientzia hobetuko duena eta inguruko paisaia naturalarekiko lotura berreskuratuko duena”.

Eraikina Manteo auzoarekin lotuko duen goialdeko parkeari dagokionez, 2.200 m2-ko lorategi-ibilbide bat izango da. Kostaldera egokitutako espezieak erabili dira eremu horretan (tamarindoak, heriotzorriak eta itsas pinuak, besteak beste), itzala, dibertsitate kromatikoa eta haizearekiko eta gazitasunarekiko erresistentzia emateko. Irizpide bateratuarekin landareztatuko da parkeko bidearen ondoko eremu horizontala: soropil-oinarri ireki bati itzala eta berdetasuna emango dizkion pasealeku zuhaiztun bat eratuko da, paisaia naturalarekiko harmonian. Lorategi-eremu hori osatzeko, enbor garatuko (14-16 cm-ko perimetroa) 18 ale Schinus molle (piper-landare aizuna) landatuko dira, jarraitutasun berdearen sentsazioa indartzeko eta ibilbideari goxotasuna eta itzala emateko, mendi-hegalaren landare-ingurunearekin harmonian.

Manteoko ikastolara ematen duen ezpondan, haizea ongi jasaten duten zuhaitzak eta lorez hornitutako zelai bat jarriko da. Horrekin guztiarekin, eremuko biodibertsitatea eta paisaia naturala indartuko dira.

GOe paisaia-proiektuaren diseinuan eta garapenean hartutako neurri guztiak klima-aldaketaren efektuak arintzeko eta hartara egokitzeko premiaren testuinguruan ere hartu dira. Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, gero eta ugariagoak dira bero-boladak, lehorteak, uholdeak eta beste fenomeno batzuk, eta soluzio zehatzak eman behar dira hiri-diseinuan.

Gaur egun, lorategiz hornitutako estalkiaren eskala txikiko simulazio bat egiten ari dira, paisaia-proiektua inguruneari nola egokitzen zaion ebaluatzeko. Pilotu horrek aukera ematen du ingurumen-bideragarritasunari eta aurreikusitako soluzioen bideragarritasun teknikoari buruzko probak egiteko, hala, hiri-multzoan ongi txertatzen dela bermatzeko.

Paisaia-proiektu honen bidez, GOe-k, eraikin bat ekosistema bilakatzeaz gainera, ingurumen-erronkei aurre egiteko gai den azpiegitura-eredu inspiratzaile bat planteatu du. Izan ere, larrialdi klimatikoari zuzenean erantzuten dio proiektuaren diseinuak eta biodibertsitate handiagoko hiria lortzera ere bideratzen da. Natura, paisaia eta arkitektura integratuz, GOe-k erakutsi du posible dela bizi-kalitatea hobetzen duten, hiri-ekosistemak indartzen dituzten eta pertsonak ingurunearekin konektatzen dituzten ingurune erresilienteak eraikitzea. Modu horretan, Donostiak erreferentziazko beste urrats bat egin du hiri berde eta jasangarriago bat lortzeko bidean.

 

Desarrollado por: GureMedia