13 Urria 2025
EDA Drinks & Wine Campusek, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera, Wine Shapers - International Wine Young Talents Summit nazioarteko biltzarra aurkeztu du; mahastizaintzaren eta ardogintzaren nazioarteko komunitate gaztea indartzea eta Gasteiz eta Arabako Errioxa ardoaren talentu gaztearen mundu mailako ardatz bilakatzea oinarri dituen biltzarra. Haren helburu nagusia da foro honetan ardoaren sektorearen erronkez eta aukerez hitz egiteko tokia aurkituko duten ardogile gazteen komunitate bat sortzen jarraitzea. Biltzarra 2026ko martxoaren 5etik 7ra egingo da.
Mundu guztiko eskualde eta herrialde ardogileetako (besteak beste, Bordele, Borgoina, Loira, Champagne, Piamonte, Douro, Napa Valley, Argentina, Txile, Australia) 40 urtetik beherako 200 ardogile izango dira Wine Shapers ekimenean; ardoa nola ulertzen duten, nola komunikatzen duten eta audientzia eta merkatu berrietara nola bideratzen duten adieraziko digute ikuspegi bereizgarri batetik. Klima-aldaketa, digitalizazioa, globalizazioa eta bestelako erronka batzuk ikuspegi fresko eta disruptiboekin kudeatzen dituen belaunaldi baten dibertsitatea, sormena eta espiritu ekintzailea ordezkatzen dituzte gazte profesional horiek.
Wine Shapersek egitarau bete-betea antolatu du Arabako Errioxan eta Gasteizen 2026ko martxoaren 5etik 7ra. Izan ere, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak, nazioarteko dastatzeak eta esperientzia enoturistikoak egingo dira. Ardogile gazteen ardoak eta proiektuak eta haien lurraldeak eta kultura ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Nazioarteko aditu eta talentudunen hitzaldiak, jasangarritasunari, kontsumoari eta merkatuko joerei buruzko eztabaidak eta upategi eta mahastietarako bisitak egingo dira. Gainera, afariak ere eskainiko dira: Mantala ekimenak sustatutako ArabaKO Kolektiboko kide diren zenbait chef arabarrek mundu guztiko ardoekin harmonizatuko dituzte beren platerak; Mantala ekimenaren xedea da euskal gastronomia sustatu eta garatzea, ezagutzaren trukea eta baterako sorkuntza sustatuz.
Horrekin guztiarekin, erreferentziazko elkargunea izan nahi du nazioartean ekimen honek, datozen urteetan sektorearen etorkizuna markatuko duten esperientzia, ikaskuntza eta joerak partekatuz. EDA Drinks & Wine Campusek aldez aurretik antolatu dituen Ardoaren Talentu Gaztearen beste topagune batzuek markatutako ildoari jarraituko dio Wine Shapersek, zeinaren helburua baita komunitatea eta sinergiak sortzen jarraitzea.
Wine Shapers ekimenaren bidez, EDA Drinks & Wine Campusek ardoaren eta edarien esparruan ezagutza, berrikuntza eta prestakuntza bultzatzeko ekimen gisa duen papera indartu du. Ekimenaren helburua da Araba eta Euskadi ardogintzaren eta mahastizaintzaren nazioarteko mapan nabarmentzea, eta, lan horretan, profesional gazteak, hedabide espezializatuak, iritzi-liderrak eta sektoreko funtsezko eragileak erakarri nahi ditu. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesa bultzada erabakigarria izan da talentua, landa-eremuaren garapena, enpresa-lehiakortasuna eta lurraldearen nazioartekotzea babesteko estrategia instituzionalekin bat egiten duen proposamen hau sendotzeko.
Testuinguru horretan, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak zera adierazi du: “Wine Shapers aukera bat da ardogintzaren munduko talentu gazteak erdigunean jartzeko. Beste urrats bat bide horretan, ardoaren munduan belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko. Gure sailak helburu gisa jarri du erronka hori, eta aspalditik ari gara horretan lanean. Sektorearekin konprometituta dauden euskal gazteen belaunaldi berriei ikusgarritasuna emateko eta bultzatzeko balioko duen ekitaldia da. Mahastizainen belaunaldi berri bat, ardoaren munduan berrikuntzarekin jarraituko duena, bikaintasuna eta jasangarritasuna bezalako balioak nabarmenduz”. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak azaldu duenez, “Arabak talentu gaztearekin eta ardoaren munduaren eremuko berrikuntzarekin duen konpromisoa erakusten du Wine Shapers ekimenak. Arabako Errioxako mahastizaintzaren eta ardogintzaren dinamismoa eta nazioartean duen ospea islatzen ditu, zeinak funtsezko faktoreak baitira eskualdearen etorkizunerako. Historiatik eta tradiziotik, Arabako Errioxak aukera berriak sortu ditu ezagutza-trukearen eta baterako sorkuntzaren bidez”.
Elisa Ucar EDA Drinks & Wine Campuseko zuzendariak nabarmendu duenez, Wine Shapers “ez da biltzar huts bat; ardoaren munduan arauak birdefinitzen ari diren ardogileen belaunaldi berri bat nazioartean sustatzeko plataforma bat ere bada”. Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, ardogintzaren sektorea bultzatu nahi izan du ardoaren talentu gazteen kolektibotik. "Gazteen talentua, energia transformatzailea eta ardoaren munduarentzat etorkizun jasangarriago eta zirraragarriago bat irudikatzeko gaitasuna ospatzeko ere izango da nazioarteko topaketa hau. Elkarrekin, komunitatea sortuz, ikuspegi positibo bat eraikiko dugu, estrategia eta elkarlanerako modu berriak inspiratuko dituena eta ardoak kulturaren, konexioaren eta sormenaren ikur gisa duen papera indartuko duena", azaldu du.
2026ko martxoaren 5eko jardunaldirako (Gasteizen egingo da) izena eman dezakete, dagoeneko, ekimenean parte hartu nahi duten 40 urtetik beherako ardogile guztiek. Izena eman esteka honen bidez. Diam Bouchage izango da ekimenaren babesleetako bat.