23 Urtarrila 2026
Biasteri, 2026ko urtarrilaren 23a
EDA Drinks & Wine Campus Basque Culinary Centerren ardoari eta edariei buruzko prestakuntza-proiektu estrategikoak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatua, etapa berri bati ekin dio gaur egoitzak eraikitzen hasita. Biasterin egin den ekitaldi baten bidez hasi dira obrak, eta, hala, funtsezko mugarri bat ezarri da sektorearentzat estrategikoa den proiektu honen ibilbidean. Han izan dira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritza Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Ramiro González Arabako diputatu nagusia eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia.
Sinbolismoz beteriko ekitaldian, Arabako Errioxako upeltegietako ordezkariak ere izan dira, baita mahastizaintza eta ardogintzari lotutako zenbait elkarte eta erakundetakoak ere. Edarien eta ardoaren inguruko prestakuntzan, berrikuntzan eta ezagutzan erreferente bihurtzeko helburua duen ekimenari babesa adierazi nahi izan diote guztiek.
EDA Drinks & Wine Campus proiektuaren Biasteriko egoitza hartuko duen lursailean jarri da lehen harria. Talentua, bikaintasuna eta mundu akademikoaren eta produkzio-sektorearen arteko lotura bultzatzeko xedea du gune horrek. Hala, lehenengo harria sinadura-liburu batek irudikatu du, non jaso baitira ekitaldian parte hartu dutenek nazioarteko bokazioarekin eta sektore osorako irekitasunarekin sortu den proiektuaren inguruan dituzten desioak, pentsamenduak eta gogoetak. Eraikina altxatuko den lurrak eman zuen azken uztako ardo-botila batekin batera lurperatu dute liburua lursailean; sinbolismoz beteriko ekintza izan da, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko lotura irudikatuz egina.
Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak erabaki sakonak hartzen jarraituko du sektoreak dituen zailtasunei aurre egiteko, zuen ahotsa Europara eramanez eta euskal NPB indartua eta deszentralizatua eskatuz”. Gainera, azpimarratu duenez, "Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizuna bikaintasunetik eta berrikuntzatik igaro behar da”. Horrela, Barredosek gaineratu duenez, "hemendik, Biasteriko EDAtik, Euskadin ardoaren sektorearen eraldaketa gidatuko duten pertsonak aterako dira. Produktu, zerbitzu eta negozio-eredu berriak garatuko dituzten profesionalak. Hemen sortuko den ezagutzak gure sektoreari aukera emango dio lehiakortasuna indartzeko egungo exijentzia handiko testuinguruan, baita merkatu berriak irekitzeko ere.
Bestalde, hona Ramiro González Arabako diputatu nagusiak azpimarratu duena: “Eraikiko den hau eraikin bat baino gehiago izango da. Kultura-proiekzioaren eta ezagutzaren sinbolo bat izango da Arabako Errioxarako. Dagoeneko bagarenaren eboluzio-urrats bat da EDA; izan ere, nortasun propioa duen eskualdea gara, paisaiaren, kulturaren eta bizimoduaren arteko harreman estua duena. Campus honek mundurako ate bat irekiko digu, baina gure nortasuna ahalik eta gehien errespetatuz betiere”. Gainera, adierazi duenez, “arkitekturak, mahastian integratuta eta lur honen historiarekin elkarrizketan, ondo adierazten du proiektuaren asmoa: gure berezitasuna proiektatzea, urardotu diluitu gabe, tokiko nortasuna indartzea, eta ziurtatzea ardoaren ezagutzak eta etorkizunak belaunaldiz belaunaldi posible egin duenari lotuta jarraituko dutela”.
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, “EDA Drinks & Wine Campuseko obren hasiera mugarri estrategiko bat da Basque Culinary Centerrentzat eta edarien eta ardoaren sektore osoarentzat. Proiektu hau prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetzan nazioarteko erreferente bihurtzeko bokazioarekin sortu da, ezagutza, lurraldea eta ardoaren eta edarien sektorea elkarrekin lotuz”. Gaineratu duenez, “EDA gune paregabe eta irekia izango da etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, talentua bultzatzeko eta ikuspegi global eta jasangarri batetik eragin ekonomiko, sozial eta kulturala sortzeko”.
Mugarri berri honekin, indartu egin da EDA Drinks & Wine Campusek erreferentziazko prestakuntza-, ekintzailetza- eta ikerketa-proiektu gisa duen posizionamendua; irmoki errotua dago lurraldean eta hango mahastizaintza- eta ardogintza-tradizioan, eta nazioarteko proiekzio argia du gainera. Biasteriko 3.000 metro karratu inguruko eraikinak 3 laborategi, 4 tailer, gela sentsorial bat, ekintzaileentzako inkubagailu bat eta startup-ak bultzatzeko 6 gela izango ditu, baita ardogintzan zentratutako solairu pilotu bat eta wine bar esperimental bat ere. Gainera, proiektua jarduera betean da dagoeneko, eta zenbait prestakuntza-programa eta ekimen daude martxan. Aurreikusitakoaren arabera, lanak 2027ko udazkenean amaituko dira, eta 2027-2028 ikasturtearen hasieran helduko dira lehen ikasleak.
Ekitaldia Arabako Errioxaren bihotzean egin bada ere, Gasteizen eta Biasterin aldi berean eraikiko dituzte bi egoitzak. Laster lehen harria jartzeko ekitaldi bat egingo da Gasteizko hiriburuan ere.