Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluak —munduko chef ospetsuenetako batzuek osatua— Paranán (Brasil) egingo du lehen aldiz urteko bilera. Topaketa azaroaren 8an amaituko da, Curitiba Memorialean egingo den “Gastronomía, Identidade e Transformação” izeneko ekitaldiarekin. Herritar guztientzat irekita egongo den ekitaldi horretan, mundu osoko sukaldari erreferenteak bilduko dira, eta gastronomiak gaur egungo eta etorkizuneko erronketan zer eginkizun duen eztabaidatuko dute.
Topaketaren helburua da gastronomiak gaur egun dituen erronkei eta aukerei buruzko elkarrizketa sustatzea. Manu Buffara anfitrioi dela, Nazioarteko Kontseiluak sukaldaritzaren ahalmen eraldatzailea nabarmenduko du, baita etorkizun zaporetsuago, osasungarriago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko beharra ere.
BRASIL 2026
Belaunaldi berriak mugiarazten dituzten kezkekin bat etorriz, eta jakinik gastronomiaren esparrua erritmo bizian hazten ari dela eta audientziak eta beharrak etengabe aldatzen, Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluko kideak Brasilera joango dira, gaur egungo beharrei erantzuteko asmoz. Azaroaren 6tik 10era, sukaldaritzak etorkizun hobea eraikitzen nola lagundu dezakeen hausnartu eta eztabaidatuko dute —haietako askok lehen aldiz Paranán—, balio-kate osoa hartzen duen 360º-ko gastronomiaren ikuspegitik.
Oraingo honetan, Manu Buffara izango da goi-mailako topaketaren anfitrioia, Brasilgo gastronomiaren ordezkari nagusietako bat. Buffara elikadura-eredu osasungarriago eta jasangarriago baten alde duen konpromisoagatik da ezaguna, eta, gainera, hiri-baratzeen (urban gardening) defendatzaile sutsua da. Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluko kidea da, munduko gastronomian eragin gehien duten erreferenteetako batzuekin batera: Joan Roca, Kataluniako El Celler de Can Roca jatetxearen burua, zeina berrikuntzaren eta abangoardiaren sinonimoa baita; Michel Bras, azken berrogeita hamar urteetan gastronomian eragin gehien izan duen izenetako bat; Dominique Crenn, San Frantziskoko Atelier Crenn jatetxearekin hiru Michelin izar lortu dituen lehen emakumea; Pía León, Kjolle proiektuaren bidez Peruko orainaren eta antzinako tradizioen arteko elkarrizketa aldarrikatzen duen emakumea; Narda Lepes argentinarra, Latinoamerikan elikadura osasungarriaren defendatzaile nekaezina; Elena Reygadas, Rosetta jatetxearen arima eta Mexikoko sukaldaritza berriaren figura nagusia; Trine Hahnemann danimarkarra, sasoiko sukaldaritza jasangarriaren enbaxadorea; eta Josh Niland australiarra, zeinak, arraina aprobetxatzeko modu sortzaile eta ezezagunak proposatuz, itsasoarekiko harremana irauli baitu. Talde horri Alex Atala eta Brasil osoko beste chef ospetsu eta profesional nabarmen batzuk gehituko zaizkio, besteak beste, Rodrigo Bellora, Felipe Cavalcanti eta Pedro Soares. Guztiek aktiboki parte hartuko dute topaketan, ezagutza partekatuz, sukaldaritza erakusketak gauzatuz eta beste hainbat akzioen bidez.
Brasil funtsezko lurraldea da gastronomiaren inguruko gaur egungo eztabaidan, bere aniztasun kultural eta biologikoagatik eta sukaldaritzaren eszenan duen indarragatik. Izan ere, ideia berriak sortzen diren, premiazko gaiak eztabaidatzen diren eta mundua inspiratzen duten ereduak probatzen diren topagune gisa sendotu da. Horregatik, herrialde hori —eta bereziki Curitiba, etengabeko migrazio-fluxuek eta kultura-truke biziak markatutako hiria— eszenatoki ezin hobea da sektoreak bizi dituen erronkei buruz hausnartzeko eta gastronomiaren etorkizunari ikuspegi zabal eta eraldatzaile batetik heltzeko.
Gastronomia garatzen lagunduko duten trukeak sustatzeko gogoak eta miresmenak bultzatuta, Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluak Iguazuko Parke Nazionala eta Curitiba hiria bisitatuko ditu urteko bilera honetan. Nazioarteko gastronomiari lotutako begirada eta ibilbide askotarikoak elkartuko dituen topaketa honek hainbat jarduera izango ditu hiru egunez: Kontseiluaren bilera, Basque Culinary World Prize 2026 sariaren irabazlea aukeratzeko ekitaldia, eta paisaia, kultura, jasangarritasuna eta sukaldaritzako berrikuntza lotuko dituzten hausnarketa-guneak.
Amaitzeko, Kontseiluko kideek herritar guztientzat zabaldutako eduki-jardunaldi batean parte hartuko dute Curitiban, azaroaren 8an, Curitiba Memorialean, non hitzaldiak, showcooking-saioak eta mahai-inguruak uztartuko baitira. “Gastronomia, Identidade e Transformação” izenburupean, topaketak hitzaldiak, eztabaidak eta sukaldaritza-erakustaldiak eskainiko ditu, elikaduraren orainari eta etorkizunari sormenez baina konpromisoz begiratzen lagunduko duten ezagutza, hausnarketak eta ikaskuntzak partekatzeko.
“2025ean Donostian bildu ondoren, Nazioarteko Kontseilua Brasilera doa bertako gastronomia-komunitate apartarekin elkartzera. Munduaren inspirazio-iturri jori izan diren paisaietan, usainetan eta zaporeetan barrena egindako ibilbide bat izango da. Curitiba, Paraná estatuko hiriburua, erreferentea da alderdi askotan: miresmenez begiratzen diogun lurralde askotarikoa da, eta Manu Buffararen eskutik ezagutuko dugu. Guretzat pribilegio handia da Kontseiluaren edizio berri hau hemen egitea”, adierazi du Joan Roca Nazioarteko Kontseiluko presidenteak.
Bestalde, topaketaren anfitrioiak, Manu Buffarak, honako hau adierazi du: “Sekulako ohorea da Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluari harrera egitea eta Curitibako ateak irekitzea; izan ere, Brasilgo aniztasuna eta indar komunitarioa islatzen dituen lurraldea da. Topaketa honek elkarlanean aritzeko, sektore gisa zer eraikitzen ari garen ulertzeko eta gure ekintzetan sakontzeko aukera emango digu. Espero dut gurekin izango direnek, asko ikasi eta hausnartzeaz gain, benetako lotura sentitzea hiriarekin eta bertako gastronomiaren indarrarekin”.
“2026an Curitibara joango gara pentsamendurako, ikaskuntza kolektiborako eta gastronomiari bultzada emateko guneetan lan egitera, elikaduraren etorkizunak planteatzen dituen erronkei erantzuteko. Topaketa hau zorrotz hausnartzeko, elkarrekin ikasteko eta lurraldeak eta komunitateak eraldatzen dituen gastronomia bultzatzen jarraitzeko gunea izango da, eta ekarpena egingo dio elikaduraren etorkizunari ”, adierazi du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak.
HAMASEIGARREN GASTRONOMIA-TOPAKETA
2026an, Basque Culinary Centerrek Nazioarteko Kontseiluaren hamaseigarren urteko bilera egingo du BrasilenXX testuinguru aparteko batean. Hala, jarraipena emango zaie aurretik hambost urtetan New Yorken, São Paulon, Liman, Mexiko Hirian, Modenan, San Frantziskon, Gironan, Tokion eta erreferentziazko beste jomuga gastronomiko batzuetan eginiko bilerei eta ekitaldiei; jardunaldi horietan, jasangarritasuna, biodibertsitatea, talentua eta gastronomia-sektorearen eraldaketa izan dira hizpide, diziplinarteko ikuspegi batetik.
Halaber, Basque Culinary World Prizeko epaimahaiaren beste bilera bat ere izango da ekitaldian, eta, beraz, sari horren hamargarren edizioaren irabazlea hautatuko eta aditzera emango da. Sari horrek gastronomiak duen eraldatzeko indarraren aldeko apustua egiten jarraitzen du, sukaldetik inpaktu sozialak eragiten dituzten profesionalen istorio inspiratzaileen bidez. Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek sortutako saria den hori “Gastronomiaren Nobel saritzat” dute hedabideek, eta nazioarteko ospe handiko akademiko eta adituen laguntza du.
Basque Culinary Centerrek antolatutako ekitaldia da, Manu Buffara anfitrioi dela, SEBRAE, Grupo Belmot, Nomma Hotel eta Instituto Manu Buffararen laguntzarekin.
Programari eta edukiei buruzko berritasunak Basque Culinary Centerren eta parte hartzen duten erakundeen webgunearen eta sare sozialen bidez emango dira ezagutzera.
Manu Buffara
Manu Buffara gastronomia garaikideko ahots nagusietako bat da. 2011n Manu laborategi-jatetxea ireki zuenetik, lurraldeari, tokiko ekoizleei eta Brasilgo biodibertsitateari hertsiki lotutako egile-sukaldaritza garatu du. Curitibako paisaiekin —kostaldea, Mata Atlantikoa eta landa-eremuak— duen loturari esker, nazioarteko aitortza jaso du; besteak beste, Latinoamerikako Emakume Chef Onenaren saria (2022) eta The Best Chef Awards sarietako hiru aizto (2024 eta 2025).
Orain arte gutxi landutako osagaiak eta teknikak txertatu ditu goi-mailako sukaldaritzan; besteak beste, basa-perretxikoak, eskualdeko bibalboak, berak bildutako algak eta bertako erleen eztia. Landareekiko duen ikuspegi sentikorrari esker, dastatze-menu bat azenario batekin amaitzea lortu duen Brasilgo lehen chefa izan da.
Bere lana ez da sukaldean amaitzen: telebistan ere parte hartzen du, liburuak argitaratzen ditu —Receitas e Histórias do Meu Brasil (Phaidon), esaterako—, eta gastronomia, memoria eta sormena lotzen dituzten proiektuak sortzen ditu. Azken urteotan, bere unibertsoa zabaldu du Exímia Bar-eko menuarekin eta Casa Manu jatetxearekin, zeinak bizitzeko modu bat aldarrikatzen baitu.
Eragin soziala bere ibilbidearen ardatzetako bat da. Manu Buffara Institutuaren bidez, elikadura-hezkuntzako, inklusioko eta komunitate ahulenetan elikagaiak banatzeko ekimenak bultzatzen ditu. Gaur egun, Brasilgo egile-sukaldaritza garaikideko erreferente nagusietako bat da Buffara.
BASQUE CULINARY CENTERREN NAZIOARTEKO KONTSEILUA
Funtsezko erakundea da Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseilua, gaur egungo sukaldari garrantzitsuenetako batzuek osatua. Haren ardura da Basque Culinary Centerren lan estrategikoetarako aholkuak ematea; ahaleginak bideratzea; aukerak identifikatzen laguntzea; eta gastronomiari aurrera egiten lagunduko dioten eztabaida- eta ekintza-esparruak irekitzea. Haren kideen kezkak eta ikuspegiak munduko alde ugaritan lantzen direnen antzekoak dira.
Laguntzaileen artean maila handiko pertsonen parte-hartzeak dakarren zorteaz jabetuta, Basque Culinary Centerren asmoa da loturak sendotzea elkarrekiko aliantza biderkatzaileak sortzeko. Hori lortzeko, kideak gastronomiarako esanguratsuak diren lekuetan urtean behin biltzeko asmoa du.
Honako hauek izan ziren fundatzaileak: Ferran Adrià (Espainia), Joan Roca (Espainia), Gastón Acurio (Perú), Massimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), Heston Blumenthal (Erresuma Batua), Alex Atala (Brasil), Dan Barber (AEB) eta Yukio Hattori (Japonia). Denboran zehar, honako hauek gehitu zaizkie: Enrique Olvera (Mexiko), Mauro Colagreco (Argentina/Frantzia), Manu Buffara (Brasil), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Trine Hahnemann (Danimarka), Dominique Crenn (Frantzia/AEB), Pia León (Perú), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina), Elena Reigadas (Mexiko) eta Ton Tassanakajohn (Thailandia).