10 Ekaina 2025
Gaur, Basque Culinary Center eta AgroBank, CaixaBank-eko nekazal negozio lerroa, erakundeek Impulso Agro ekimenaren lehen belaunaldia iragarri dute (https://drive.google.com/drive/folders/1L66RfDeD-cBxRbeIPhaWyHP9Bu59WPVV?usp=drive_link). Baterako ekimen honen bidez, nekazaritzako elikagaien sektorearen eta sektore gastronomikoaren oraingo eta etorkizuneko erronka handiak talentuz, berrikuntzaz eta konpromisoz aurrera ateratzen ari diren 40 urtetik beherako 40 profesional aintzatetsi dira.
Nekazaritzako elikagaien sektorea goitik behera aldatzen ari dira 40 talentu gazte horiek beren ideia ausart, jasangarri eta eragin handikoekin —besteak beste, alkoholik gabeko ardoak, behientzako sentsore adimendunak eta beste proiektu asko garatu dituzte—. Hona hemen haien ekimenetako batzuk: erleentzako bioaterpeak sortzea, sagardoa eta artilea berrasmatzea, kombucha saridunak merkaturatzea, abeltegi adimendunak diseinatzea, pistatxo-laborantza bultzatzea Espainian, arraza autoktonoak berreskuratzea eta nekazaritza birsortzaileko proiektuak sortzea. Tradizioa, zientzia eta teknologia uztartzeko duten gaitasunari esker, landa-ingurunea suspertzen ari dira, eta, gainera, gizartearekin gero eta lotura estuagoa duen nekazaritzako elikagaien sistema berritzaile eta jasangarriago baterako bidea markatzen dihardute.
Impulso Agro ekimenaren parte gisa argitaratu da hautaketa, zeinaren helburua baita lehen sektorea eraldatzen ari diren proiektuak sortu dituzten gazteak ezagutaraztea eta babestea eta, aldi berean, eragile guztiak elkartuko dituen komunitate bat sustatzea. Hazteko, inspiratzeko eta sarean lan egiteko balioko du sare horrek.
Nekazaritzako elikagaien sektoreak funtsezko papera du garapen ekonomikoan eta sozialean, eta erronka ugariri egin behar die aurre: berrikuntza, klima-aldaketa, eraldaketa digitala, belaunaldien arteko erreleboa, profesionalizazioa, elikagai-segurtasuna, kontsumo-ohituren aldaketa, etab. Eta erronka horietako bakoitza aukera bat da sektore dinamiko, jasangarri eta lehiakorrago bat eraikitzeko. Testuinguru horretan, belaunaldi berriek funtsezko egitekoa dute sektorearen bilakaera eta erresilientzia bermatzeko. Horregatik, AgroBank eta Basque Culinary Center erakundeek bi urtez behingo ekimen hau bultzatu dute, jakin bai baitakite talentu gaztea babestea funtsezkoa dela sektorea eraldatzeko. Nekazaritzako elikagaien sektorea errotik eraldatu nahi da, ekoizteko, elikatzeko eta elkarrekin bizitzeko modu berriak eraikiz.
Jaime Campos, AgroBankeko zuzendariaren hitzetan: "AgroBanken uste dugu nekazaritza-elikadura sektorea funtsezkoa dela landa-eremuen garapen iraunkorrerako, eta gure gizartearentzat sektore estrategikoa dela ikuspegi ekonomiko, sozial eta ingurumenetik. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu sektore hau berritzen eta biziberritzen ari diren belaunaldi berriko profesionalak babestea eta ikusgai jartzea; lana, aberastasuna eta kultura sortzen ari dira. Harrotasun handiz abiarazten dugu proiektu hau Basque Culinary Center-ekin elkarlanean, gazteei laguntza eta babesa emateko, gauza horiek guztiak errealitate bihur ditzaten.”
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak azaldu duenez, “Basque Culinary Centerrek uste sendoa du belaunaldi berriek paper erabakigarria dutela nekazaritzako elikagaien sektorea eta sektore gastronomikoa eraldatzeko lanean. Horregatik, guretzat ekintza estrategikoa da AgroBank erakundearekin batera Impulso Agro ekimena garatzea, nekazaritzako elikagaien sektorean sortzen ari den talentua babesteko eta ezagutarazteko. Izan ere, lehenago egin ditugun beste ekimen batzuekin batera (adibidez, Gastronomiako 100 Talentu Gazte), sektorearen etorkizunarekiko dugun konpromisoa indartzen du”.
40 urtetik beherako 40 gazte
Impulso Agro ekimenaren lehen edizio honetan, nekazaritzako elikagaien kateko profil-espektro zabal bat ordezkatzen duten 40 profesional esanguratsu hautatu dira (ikusgai daude hemen: https://www.agrobankhub.es/actualidad/noticias/impulso-agro-2025.html?id=8261). Basque Culinary Center eta AgroBank erakundeetako profesionalek eta sektoreko beste eragile espezializatu batzuek osatutako aditu-batzordeak hilabeteetan egindako lan zorrotzaren emaitza da zerrenda hori.
Helburua izan da nekazaritzako elikagaien sistemaren etorkizuna aldatzeko ahalmena duten proiektu eraldatzaileak zuzentzen dituzten gazteak (40 urtetik beherakoak) identifikatzea. Diziplina anitzeko ikuspuntua eduki behar dute, ekoizpena, elaborazioa, banaketa, merkaturatzea eta gastronomiarekiko lotura barne hartzen dituena, besteak beste.
Gaur egungo nekazaritzako elikagaien sektorearen erronka eta aukera nagusien isla diren kategoriatan multzokatu dira hautatutako profilak: gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuna, belaunaldien arteko erreleboa, berrikuntza eta ikerketa, ekintzailetza eta sektorearen profesionalizazioa, eraldatze digitala, kontsumo-ohituren bilakaera eta produktuaren eta gastronomiaren arteko lotura. Aniztasun horren bitartez, elikadura, premia gisa ez ezik, balioa, lurralde-garapena eta ongizate soziala sortzeko bide gisa ulertzen duen belaunaldi berri baten konpromisoa ordezkatzen dute proiektuek.
Landa-ingurunearen dinamismoaren eta belaunaldi berrien energia eraldatzailearen isla dira hautatutako 40 gazteak. Guztiek dute konbikzio bera: elikadurak, bere alderdi guztietan —osasuna, kultura, tradizioa, gozamena, historia—, funtsezko papera duela pertsonen bizitzan. Hamarkadaz hamarkada elikagaien segurtasuna eta eskuragarritasuna bermatu dituen elikadura-sistema baten testuinguruan, aintzatespena berreskuratzeko ari dira lanean gazte horietako asko, eredu jasangarriagoak, kontzienteagoak eta gizarteari lotuagoak garatuz.
Jasangarritasunaren kategorian izan da ordezkari gehien. Bistan da, beraz, gero eta kezka handiagoa dagoela alderdi ekonomikoaren, alderdi sozialaren eta ingurumen-alderdiaren arteko oreka lortzearen inguruan. Belaunaldien arteko erreleboaren inguruko proiektuak ere ugari dira, hura baita sektorean premia handienetarikoa duen alderdietako bat, eta, azkenik, profil ekintzaileen partaidetza ere nabarmena da; izan ere, nekazaritzaren sektoreari ikuspegi berritzailea ematen ari zaizkio.
Gainera, Impulso Agro ekimenaren lehen belaunaldi honek datu esanguratsu bat utzi digu: hautatutako pertsona gehienak emakumezkoak dira; beraz, joera aldatuz doa landa-ingurunean, emakume askok erabaki baitu han garatzea beren bizitza eta ibilbide profesionala, aurreko hamarkadetan izan zen emakumezkoen exodoaren aldean.
Bestalde, berrikuntza zeharka hartzen dute hautatutako proiektu gehienek, ikerketaren edo digitalizazioaren kategorietatik harago. Joera orokorra da: produzitzeko, eraldatzeko, merkaturatzeko eta dibulgatzeko modu berriak bilatu nahi dira, nekazaritzako elikagaien sektorea ikuspegi guztietatik hobetzeko. Besteak beste, nekazaritza birsortzaileko teknikak aplikatzen dira, itsasoko edo landa-eremuko azpiproduktuen balioa handitzen da, labore berrien alde egiten da, eta elikagai osasungarri eta jasangarriagoak sortzen dira.
Jatorri geografikoari dagokionez, Gaztela eta Leonekoak eta Andaluziakoak dira nagusi, nekazaritzako elikagaien sektoreak lurralde horien ekonomian duen pisuarekin bat etorriz; baina posizio nabarmena dute, halaber, Nafarroak, Murtziak, Errioxak, Gaztela-Mantxak eta Galiziak ere, zeinetan elikagaien ekoizpena, nekazaritzako elikagaien industria eta gastronomia funtsezko ardatzak baitira, garapen ekonomikoaz eta sozialaz ari garela.
Talentua ezagutzeko hitzordua
Gaur, ekainak 10, zerrenda berri honetako profesionalak Basque Culinary Centerreko jardunaldi batean elkartuko dira, beren proiektu, ideia eta jakin-minen berri zabaltzeko zenbait dinamikatan. Mahai-inguruak, hitzaldiak, proiektuak aurkezteko txandak eta sormen-lantegiak antolatu dira, proposamen berritzaile, jasangarri eta lurraldera errotutakoen bidez lehen sektorea eraldatzen ari diren 40 profesional gazte hauentzat.
Gai garrantzitsuak landuko dira jardunaldian, hala nola eraldaketa digitala eta adimen artifiziala nekazaritzan, klima-aldaketaren erronkak, emakumeen lidergoa nekazaritzan eta kontsumo-ohituren bilakaera. Gainera, proiektu aipagarriak aurkeztuko dira txandaka, hitzaldi inspiratzaileak izango ditugu (adibidez, Cañitas Maite jatetxeari buruzkoa) eta David Mola lore-artistak sormen-lantegi bat emango du. Ekitaldia amaitzeko, sariak banatuko zaizkie 2025eko Impulso Agro ekimenean hautatutako 40 gazteei, sektorean aldaketak bultzatzeko motor gisa duten papera aintzatesteko.