Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Ausolan Fundazioak, Ausolanek eta Basque Culinary Centerrek Sukaldean Sortzaile izeneko lehiaketa gastronomikoa antolatu dute, gazteak eta adinekoak e

06 Urria 2021

Ausolan Fundazioak −Ausolan Taldearen irabazi-asmorik gabeko erakundea− eta Basque Culinary Centerrek −gastronomia eta elikadurako erakunde akademikoa, mundu mailan aitzindaria− Sukaldean Sortzaile ekimenaren beste edizio bat jarri dute martxan.

Ausolan Fundazioaren Gozatu Osasuna izeneko proiektuaren barneko ekimena da, familietan bizimodu osasungarri batentzako hezkuntza sustatzen duena “gastronomiak gure kulturan duen garrantzia gogoratuz eta gazteak euren aitona-amonen betiko plateretan oinarritutako errezeta osasungarriak egitera gonbidatuz”, adierazi du Ausolan Fundazioak.

Sukaldean Sortzaile proiektua ikasturteko lehen hiruhilekoan egingo da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailatik hasi eta Batxilergoko 2. mailara arteko ikasleei zuzenduta dago. Ausolanen Hezkuntza Proiektuaren barruan, ekimen honen helburua “ohitura osasungarriak sustatzea eta gure adinekoekin denbora gehiago igarotzea da, ezagutzaren eta jardunbide egokien iturri naturala baitira”, adierazi du Ausolanek Euskal Herrian duen Hezkuntza Proiektuko taldeak. Proiektu honek, haurtzarotik hasita, bizimodu osasungarria izateko ardura irakasten die ikasleei, pertsona afektiboak, errespetuzkoak eta solidarioak izateko hezten laguntzen die, bai eta behar sozial eta kulturalei erantzuten ere.

Basque Culinary Centerrek nabarmendu du lehiaketa honen helburua dela “ekimena piztea, gure gastronomia, sormena, berrikuntza eta gure gazteek egiten duten talde lana hobeto ezagutzea”, eta, gainera, erronka honen bidez, belaunaldien arteko loturak ezarri nahi dira, familiak, oro har, eta aitona-amonak, bereziki, partaide eginez.

Lehiaketan parte hartzeko epea gaur hasiko da eta azaroaren 12ra arte egongo da zabalik, SukaldeanSortzaile webgunearen bidez. “Ikastetxeek aukera izango dute beren taldeak sortzeko —gutxienez adin bereko hiru kidekoak— aitona-amonen errezeta bat sortu eta berridazteko eta bideo bat grabatzeko, honako hauek azalduz: errezetaren jatorria, zergatik hautatu duten, zer urrats egin behar dituzten eta zer tresna erabili dituzten. Gainera, platera erabat bukatuta aurkeztu beharko dute", zehaztu du Ausolanek.

Behin izena emateko epea amaituta, lehiaketako bideorik onenak hautatzeko lau fase egongo dira:

1. fasea.- Publikoaren balorazioa, YouTube kanalaren bidez. Ikastetxe bakoitzeko bideo bakarra pasako da hurrengo fasera –jasotako “atsegin dut” kopurua kontuan hartuta–, bai eta bisita gehien izan dituen bideoa ere.
2. fasea.- Ikastetxeen balorazioa. Beren eskualdeko bideo bat bozkatuko dute, zeina hurrengo fasera igaroko den. Ezin izango dute beren ikastetxearena bozkatu.
3. fasea.- BCC Culinary Club eta Ausolaneko adituen batzorde batek aukeratuko ditu finalistak, probintziaren arabera.
Azken fasea.- Finalistak lehiaketaren azken ekitaldira joango dira, Basque Culinary Centerren, eta han izendatuko dituzte txapeldunak.

Final handia abenduaren 10ean izango da eta  eskaintza gastronomiko ezberdinez gozatu ahal izateko ospakizun hunkigarria izango da. Aurten, Basque Culinary Centerrek 10. urteurrena ospatzen du eta ekimen hau ospakizun hauen baitan sartzen da.

Ekimen honen bidez, Ausolan Fundazioak Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzen lagundu nahi du, zehazki, Osasun eta Ongizateari buruzko helburua. “Ekimenaren xedea da, hain zuzen, txiki-txikitatik erakustea zer-nolako garrantzia duen menu askotarikoak eta orekatuak diseinatzeak, tokiko osagai eta produktuen aukeraketa eginda, nola platerak hala lan egiteko modua ingurumenarekiko jasangarriak izan daitezen”, zehaztu du Fundazioak.

Ausolan, Ausolan Fundazioa eta BCC lankidetzan hasi ziren 2019an. Harrezkero, hainbat proiektu garatu dituzte, kolektiboentzako sukaldaritzaren sektoreari zuzendutako kalitatezko sukaldaritza proposamen berriak, osasungarriak, seguruak, jasangarriak eta zaporetsuak gauzatzeko.

Desarrollado por: GureMedia