04 Abendua 2009
Gastronomia zientziak, elikadura eta elikagaien teknologia esparruetako ikerketa eta garapen teknologikoa helburutzat dituen elkarlan-hitzarmena sinatuz, AZTI-Tecnalia Basque Culinary Center (BCC) fundazioaren patronatuko kide bihurtu da. Hitzarmena AZTI-Tecnaliako zuzendari nagusiak, Rogelio Pozok, eta Basque Culinary Centereko zuzendariak, Joxe Mari Aizeagak, sinatu dute. Euskal zentro teknologikoak elikagaien ikerketa alorrean duen ezagutza zientifiko guztia eskainiko dio proiektuari, eta bere instalazio teknologikoak utziko dizkie BCCko ikasleei, ikerketa-proiektuetarako, nahiz ikasketa-amaierako proiektu edo doktore-tesietarako. AZTI-Tecnaliak honako baliabide hauek ipiniko ditu, besteak beste, fundazioaren esku: elikadura-prozesuak industria mailara heldu aurretik berregiteko planta pilotua, mikroegituren laborategiak, analisi sentsorialaren laborategi bat eta sukaldaritzako teknologia berrien garapenerako prestatutako esperimentu-gune bat.
