03 Azaroa 2025
Hamargarren edizioa izan du HOSTek, Basque Culinary Centerrek antolatutako Jantokiko eta Zerbitzuko Joera eta Berrikuntzei buruzko Biltzarrak, eta indartu egin da goi-mailako gastronomian zerbitzuaren bilakaeraz hausnartzeko nazioarteko erreferentziako gune gisa, gaur 200 pertsona ingururekin.
2014an lehen edizioa egin zenetik, HOSTek zerbitzuaren ikuspegi berritzailea duten profesionalen komunitatea sendotu du, eta ezagutza-trukea, inspirazioa eta berrikuntza sustatu ditu. Hamarkada honetan, biltzarrak bultzatu egin ditu, batetik, belaunaldien arteko elkarrizketa eta, bestetik, zerbitzuak gastronomiaren bizkarrezur gisa duen garrantzia ikusarazten lagundu duten esperientziak partekatzea. Aurtengo edizio berezian, produktutik, kontakizunetik eta lurraldetik abiatuta abegikortasuna nola berrasmatzen den aztertu dut HOSTek.
Goizean, sektoreko profesional ezagunen eskutik, produktuari, lurraldeari, sormenari eta kontakizunari buruzko ikusmoldeak jorratu dira, jantokiko zerbitzua ardatz hartuta, hitzaldi eta mahai-inguruetan.
Jardunaldia hasteko, “Jantokiko panoramika: begirada bat azken hamar urteetara” saioa egin dute. Sektoreko erreferentek lanbidearen bilakaerari, erronkei eta etorkizunari buruzko ikuspegia partekatu dute bertan: Xavi Alba (Enigma), JD Sandoval (Coque), Chefe Paniego (Portal Echaurren), Marta Campillo (DiverXO), Dimitris Leivadas (Delta Lambda Hospitality), Juan Mediavilla (UPPS), Marian Martínez (Cenador de Amós) eta Jaione Aizpurua (Kabo). Azpimarratu dute, pasioak ahalegina gozamen bihurtzen duela, egunero esperientzia gogoangarriak sortzeko aukera ematen duela, eta irribarrea eta emozioa direla loturak sortzeko tresnarik boteretsuenak. Gainera, hizlariek gogorarazi dute garrantzitsua dela bezeroaren beharrei aurrea hartzea, digitalizazioarekin batera bizitzea zerbitzuaren funtsa galdu gabe, eta gizakiaren eta ingurumenaren iraunkortasunaren aldeko apustua egitea sektorearen etorkizunaren parte gisa.
Aratz Bilbao sukaldari gazteak erakutsi du sukaldaritzako esperientzia bat konta daitekeela lurraldetik eta tradiziotik, oso errotuta dagoen zerbait abiapuntu hartuta (metalurgia, kasurako), eta BAKEAn ezarri duen filosofia partekatu du, non burdinarekiko, suarekiko eta gastronomiarekiko grina bateratzen baititu proposamen errotu batean. Bestalde, Kolonbiatik, El Chatoko Andrea Blancok gastronomia likidoan jarri du arreta, edarien bidez zaporeak nola eboluzionatzen diren aztertuz eta tokiko osagai eta askotariko produktuetatik abiatuta esperientzia sentsorial paregabeak nola sor daitezkeen aztertuz, trago bakoitza zapore eta sentsazioen narrazio bihurtuz.
Luxua produktu gisa gaia ere landu dute Rafa Bellidok (UES eta FAAS), Yoze Torresek (Ron Matusalem), Marta Campillok (DiverXO) eta Maria Torrek (Grupo Tomé). Adierazi dutenez, benetako luxua ez da soilik prezioagatik neurtzen, baizik eta esperientzia globalagatik eta bezeroa tratatzeko erabiltzen den sentsibilitateagatik. Gizartearen pertzepzioa aldatu dela alazdu dute, eta “luxua gaur beharra amaitzen den lekuan hasten dela”, eta orain kontsumitzaileek gertuko eta gogoangarriak diren esperientziak lehenesten dituztela.
Mahou San Migueleko marketin alorreko berrikuntza-kudeatzaile Antonio Ortiz de Jaének, I+G+b-ko teknikari Virginia Ayusok eta Gonzalo Jiménez garagardo-sommelierrak, aldiz, erakutsi dute nola garatu sormena eguneroko edari batetik abiatuta, garagardotik, hain zuzen. Kontsumitzaileei modu aktiboan entzunez haien gustuak eta lehentasunak ulertzeko, etxeak elaborazio-prozesu bat sortzea lortu du, bezero potentzialen nahiak betetzeko garagardoak garatzea ahalbidetzen diona.
HOST AWARDS
Goiza amaitzeko, HOST Awards sarien 4. edizioa ere egin da. 2019an sortutako estatu-mailako sari berezi batzuk dira, jantokia eta zerbitzua profesionaltasunez eta lehiakortasunez hornitzeko helburua dutenak. Horretarako, jantokiko, zerbitzuko eta bezeroarentzako arretako pertsona edo proiektu inspiratzaile edo eraldatzaileen lorpenak aintzatesten dituzte.
Oraingo honetan, HOST Awards sariek sektoreko 5 profesionalen lana aintzatetsi dute: Arrantzale Gastrotabernako Jeru Gómezek saria jaso du Mahou San Miguelen eskutik, EDARIEN ALORREKO PROFESIONAL gisa eginiko lan apartagatik; Silvia Garcíak, Mandarín Orientaleko sommelier buruak, URTEKO ANFITRIOIAren kategoriako saria jaso du; La Lobita jatetxea JANTOKIKO ZERBITZUAren kategorian hautatu dute; Desde 1991 jatetxeko Zerbitzuko arduradun Abel Valverdek JANTOKIKO ZABALKUNDEaren kategoriako saria jaso du; eta UPPSko Juan Mediavillak bizi osoko dedikazioaren aintzatespena jaso du IBILBIDE PROFESIONALAren kategorian.
Arratsaldez, bazkalondoa Lavazza kafeak gozatuko du, eta Michelle Pulche produktu horren jasangarritasunaz arituko da; izan ere, kafea boladan dago, produktuaren jatorritik bertatik hasita. Halaber, Giacomo Gianottik produktuaren bidez kontakizun bat helarazteaz hitz egingo du; Gianotti Paradisoren fundatzailea da, zeina 2022ko Munduko Tabernarik Onena izendatu baitzuten.
Gainera, jardunaldira bertaratzen direnek parte hartzeko tartea ere izango dute, “Mikro irekia: jantokia vs jantokiko profesionalak” izeneko ekitaldian. Basque Culinary Centerreko Eduardo Serranok eta Xabi Iturraldek moderatuko dute, eta gaur egungo erronkei, prestakuntzari eta profesionalen aintzatespenari buruz eztabaidatzeko gonbita egingo dute Dmitris Leivadas, Marta Campillo, Juan Mediavilla, eta Marian Martínezekin batera.
Edizio berezi hau amaitzeko, Elsa Yranzo food designerrak (Creative Food Studio) Produktu bat esperientzia gisa diseinatzea hitzaldia emango du, azken ospakizun-brindisari ekin aurretik.
Hamargarren edizio honetan, Basque Culinary Centerrek jantokiko zerbitzuaren profesionalizazioarekin, jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa berretsi du, eta esperientzia gastronomiko gogoangarriak eraikitzeko funtsezkoa den ofizio horren ikusgaitasuna eta aintzatespena bultzatu du.
HOST 2025 jantokiko zerbitzuaren eta bezeroaren arretaren kudeaketan urrats bat aurrera egin nahi dutenentzat egin da, eta, horretarako, talentua, esperientzia, sormena eta emozioa elkarrekin konektatzeko eta gastronomiaren zerbitzura jartzeko ikaskuntza- eta hausnarketa-gune bat eskaini ditu.Hagargarren edizio honek, Mahou San Miguel eta Lavazza-ren babesa izan du.