Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Centerrek eta Euro-Toquesek “Jatetxe-zerbitzuen COVID- 19aren aurreko prebentzio eta segurtasuneko protokolo berezia” eguneratu dute

11 Martxoa 2021

“Jatetxe-zerbitzuen COVID-19aren aurreko prebentzio eta segurtasuneko protokolo berezia” 2020ko maiatzean egin zuen Basque Culinary Center eta Euro-Toques zentroetako adituek osatutako diziplinarteko talde batek. Esparru-dokumentu horrek hainbat jarraibide eta neurri zehaztu zituen, bezeroek eta establezimenduetako langileek kutsatzeko dituzten arriskuak ahalik eta gehien saihesteko. Ahalik eta segurtasun eta higiene handiena bermatzeko neurriak dira, jatetxeetako lan-prozesu guztiei eragiten dietenak, bai sukaldean, bai gelan.

Hamar hilabete geroago, jatetxeen sektoreak beste egoera bati aurre egin behar dio, eta Basque Culinary Centerrek eta Euro-Toquesek COVID-19aren aurreko protokoloaren eguneratzea aurkeztu dute. Protokolo horrek pilatutako esperientzia eta jatetxeetako segurtasuna indartzeko ezagutza berriak uztartzen ditu. Egungo dokumentua egiteko, hainbat metodologia hartu dira oinarritzat. Hainbat jatetxe-tipologiei inkestak egin zaizkie eta, horrez gain, osasun-erakundeek argitaratutako gomendio publikoak sakon aztertu dira eta bibliografia zientifikoa berrikusi da.

Hainbat tipologiako ostalaritza-establezimenduen artean inkesta bat egin ondoren, ekintza-protokoloa eguneratzeko beharra eragin duten zenbait ondorio atera dira. Sektoreak ahalegin handia egin du COVID-19aren neurriak jatetxeko hainbat arlotan aplikatzeko, eta arreta handiagoa jarri du langileak babesteko neurrietan, higienean eta garbiketan. Sukaldariengandik jasotzen diren kezka nagusiak dira bezeroek ez dituztela protokoloak aplikatzen, baita duela urtebetetik dituzten zailtasun ekonomiko, administratibo edo aldartekoak ere.

Bestalde, aireztapen-sistemen ezarpen-maila txikia da, batez ere sukaldeetan eta aldageletan (~ % 30), eta ez da ikusten segurtasuna hobetzeko eragin-neurri gisa. Era berean, inkestatuen % 51k adierazi du mahaikideen arteko urruntze-neurriak aplikatu ahal izan dituela, eta % 44k ez du neurri hori aplikatu.

Protokoloaren eguneratze honetan jasotzen diren berritasun nagusiak aerosolez kutsatzeko arriskua murrizteko neurriak dira, maskarak egoki erabiltzearen eta barruko guneak behar bezala aireztatzearen bidez.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak dioen moduan, “COVID-19aren protokolo berezi bat egin eta hura jatetxeetan aplikatzeari buruzko hainbat prestakuntza abian jarri ondoren (hainbat profesionalek aitortu dute baliagarria dela), alde batetik, esperientzia eta, bestetik, kutsaduraren prebentzioari buruz ezagutu ditugun aurrerapen berriak batu nahi izan ditugu, aireztapenean eta jatetxeen barruko airearen kalitatean arreta handia jarriz. Eguneratze horren helburua protokoloa etengabe garatzen ari den gida bizia izatea da; erreferentzia zorrotza, jatetxeek bezeroen eta langileen segurtasuna indartu ahal izateko”.

Bestalde, Andoni Luis Aduriz Euro-Toques Españako presidente eta Mugaritzeko chefak adierazi du, “establezimendu askok oso serio hartu dute bezeroen eta langileen segurtasuna, eta helburu hori betetzeko ekintzak eta guneak balioetsi behar ditugu. Ildo horretan, administrazio publikoarekin lanean hasi nahi dugu, jatetxeen sektoreak konpromiso handia erakutsi baitu neurriak ezartzeko eta bezeroen segurtasunaren alde lan egiteko”.

Testuinguru horretan, “garrantzi handiagoa eman behar diogu gure jantokietan aerosolak aireztatzeari eta ezabatzeari, eta pertsonen arteko distantzia lehenesteari, mahaien artean eta mahaian, edukiera ehuneko jakin batera murriztu beharrean. Edukiera bermatu daitekeen distantziaren arabera ezarri beharko litzateke. Gainera, beharrezkoa da administrazioek sektorearekin deseskaladarako estrategiak eta prozesuak adostea, sektoreak jakin dezan nola hartuko diren erabakiak eta horretarako prestatu dadin”, ziurtatu du Maca de Castrok, Euro-Toqueseko zuzendaritza batzordeko kideak.

DESKARGATU PROTOKOLOAREN BERTSIO EGUNERATUA

Jatetxe-zerbitzuen COVID-19aren aurreko prebentzio eta segurtasuneko protokolo berezia

Basque Culinary Centerrek eta Euro-Toquesek 2020ko maiatzean egindako “Jatetxe-zerbitzuen COVID-19aren aurreko prebentzio eta segurtasuneko protokolo bereziak” estandar zorrotzak ezartzen ditu eta jatetxeko arlo guztietan eragiten du. Jatetxe edo establezimendu bakoitzak, bere gaitasunen arabera, bere errealitatera egokitu dezake. Ildo horretan, nabarmendu da transmisioa prebenitzeko modurik egokiena prebentzio-neurri guztiak konbinatzea dela, ez bakarrik norbera babesteko ekipamenduak (NBE). Segurtasun-neurrien konbinazio bat aplikatzeak babes-maila gehigarri bat eman dezake. Protokoloan azaltzen diren neurriak honako alderdi hauei buruzkoak dira: jatetxeko higiene-neurriak, langileen higiene-neurri orokorrak, ordainketa-sistemak, esperientzia gastronomikoa eta jatetxeen antolamendu-neurriak, besteak beste, edukierari, urruntze fisikoari, gelari, barrari, sukaldeari, komunei, lehengaiak jasotzeari, eta abarrei eragiten dietenak.

Desarrollado por: GureMedia