26 Apirila 2012
Basque Culinary Centerren Nazioarteko Aholku Batzordeko presidente Ferrán Adriák, munduko sukaldaririk onenetakoak, lehen aldiz bisitatu du BCC. Adriàk 200 lagun baino gehiago bildu ditu Basque Culinary Centerren Entzunaretoan: ehunen bat profesional eta beste horrenbeste BCCko graduko eta masterreko ikasle. Zehazki, bere sukaldaritza-filosofiari eta azken joera gastronomikoei buruz hitz egin du. Ondoren, El Bulliko arduradunak Basque Culinary Centerren instalazioak bisitatu ditu, Joxe Mari Aizega zuzendariak lagunduta. Bisitaldiaren ondoren emandako prentsaurrekoan, bere bisitaren arrazoiak eta bere hitzaldiko entzuleei azaldutakoa azpimarratu ditu sukaldariak.
Produktu bat berreskuratzeko lehiaketa
BCCk eta EROSKIk “Gure Zaporeak Sukaldean” I. Saria bultzatzen dute, tokiko eta eskualdeko produktuak sustatzeko.Nazioarteko sukaldariak, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegarekin eta Eroskiko presidente Agustín Marcaiderekin batera, “Gure Zaporeak Sukaldean” I Saria eman du ezagutzera. Sariak 12.000 euro eta goi sukaldaritzako jatetxe batean ikasteko egonaldia hartzen ditu barne. Bigarren saria 6.000 eurokoa da eta hirugarrena 3.000 eurokoa. Lehiaketaren helburua sukaldari profesional baten ekimenik onena saritzea da, bertako produktu edo produktu-barietate jakin bat egungo gustuetara egokituta berreskuratzeko eta, bere jatetxean erabiliz, balioa emateko.
Irailean Liman Basque Culinary Centerren Nazioarteko Aholku Batzordeak sinatu zuen "Biharko sukaldariari zuzendutako gutun irekia”n hartutako konpromisoari erantzun nahi dio sariak, baita tokiko eta eskualdeko produktuen kontsumoa sustatzeko EROSKIren konpromisoari ere. Hain zuzen, konpromiso horren helburua komunitatean aberastasuna sortzea eta aldi berean elikagai horiek eta horiekiko gustua berreskuratzea da. Halaber, gutunak sukaldeari eta sukaldeko profesionalei buruz hausnartzen du eta, bukaeran, sukaldariaren dekalogoa jasotzen du, elikaduraren eta gastronomiaren etorkizunean horrek ondorengo belaunaldiak inspiratzeko izango duen erantzukizuna azpimarratuz.
Izan ere, profesional horien iritziak sukaldaritzaz haratago iristen dira eta gizartean, joeretan eta prestakuntzan izaten dute eragina. “Biharko sukaldariari zuzendutako gutun irekia”k, munduko sukaldariaren eginkizun berria zehazteko ez ezik, sukaldeak eta sukaldariek elikaduran duten rola eta sukaldeko profesionalen gizarte-erantzukizuna aztertzeko balio izan zuen.
Aurkeztutako proposamen guztien artean, epaimahaiak 10 errezeta-produktu aukeratuko ditu, azken fasera pasatzeko. Epaimahaia BCCren Patronatuko sukaldari batzuek osatuko dute. Azken fasea Basque Culinary Centerren egingo da. Bertan, 10 sukaldari finalistek produktu espezifikoekin aurkeztutako errezetak prestatu beharko dituzte. Ondoren, epaimahaiak dastatu eta baloratu egingo dituzte.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek beren bideo-errezeta gora kargatu beharko dute www.cocinandonuestrossabores.com webgunean. Bertan, urratsez urrats adierazi beharko da nola prestatu errezeta, eta barne izango du errezetaren azken-aurkezpen bat, gehienez 5 minutukoa. Horretaz gain, web-orrian formulario bat bete beharko da, datu pertsonalak, erabilitako produktua eta prestatutako errezeta adieraziz. (Gehienez hiru proposamen sukaldari bakoitzeko). Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da.