Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Fatmata Bintak Basque Culinary World Prize 2022 saria jasoko du

16 Azaroa 2022

Gaur arratsaldean, 18:30ean, Donostiako Miramar Jauregian izango da Basque Culinary World Prize 2022 saria Fatmata Binta chef afrikarrari emateko ekitaldia. Binta fulani sukaldaritza nomada modernoaren erreferentzia da, eta Afrikako tribu nomada handienaren sukaldaritza-kulturak duen potentziala ezagutarazteko eta garatzeko egiten ari den lana saritu nahi da.

Basque Culinary World Prize sari bakarra da, eta mundu-mailakoa, eta Eusko Jaurlaritzak (Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan) eta Basque Culinary Center-ek (gastronomian aitzindaria den erakunde akademikoa) ematen dute. Sariak askotariko arloetan (esaterako, berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikagaien industria, eta garapen sozial eta ekonomikoa) nabarmentzen du ekimen eraldatzaileak abian dituzten chefen lana. 

Euskadiko agintarien eta elikaduraren sektoreko pertsona ospetsuen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegiturako sailburu Arantxa Tapiak emango dio 100.000 euroan zenbatetsitako saria Fatmata Bintari. Saria emateko ekitaldiaren aurretik, hauek ere hitz egingo dute: Pedro Subijana, Basque Culinary Center-en Patronatuaren ordezkari gisa; Trine Hahnemann, Basque Culinary World Prize saria emateaz arduratzen den epaimahaiaren ordezkari gisa; eta Vicente Atxa, Basque Culinary Center-en Patronatuaren presidentea.

Binta chefa (horrela esaten diote) Sierra Leonakoa da, eta ahal duen guztia egiten du “Dine on a mat” ekimenaren bidez eta Fulani Kitchen Foundation-en bitartez, fulaniek dituzten ohiturak, zaporeak eta janariarekin erlazionatzeko moduak ezagutarazteko. Ekimenaren formatuari esker, hitz egiteko eta elkar ulertzeko, hezteko eta jardunbide jasangarriak erakusteko erabiltzen du mahaia. Bestalde, fundazio bat sustatzen hasi da, fonioa eta beste osagai batzuk landa-komunitateentzat diru-sarreren iturri izan daitezen. Fundazio horretan batez ere emakumeekin egiten du lan.

Ekimen horren harira egiten dituen afarietako askoren bidez, dirua biltzen du, eta komunitate-proiektuetara bideratzen. Bintaren arabera, proiektu hori Ghanako 12 komunitate eta 4 eskualdetako 300 familia baino gehiagorentzat da onuragarria. 

Horrez gain, Fulani Kitchen Foundation fundazioaren bidez, Bintak fulani eskualde guztietako emakume eta neskak hezi, trebatu eta ahaldundu nahi ditu. Hasteko, zentro bat eraikiko du, emakumeentzako santutegi gisa, gizarte-, hezkuntza- eta herri-beharrei erantzuteko; eta babesleku seguru bat ere izango da, mota askotako produktuak prozesatzeko eta ontziratzeko. 

Fundazioa lau hektareako eremu batean hasi da lanean, eta 500 hektareara iristea du helburu, Afrikako beste herrialde batzuetara eta atzerrira gutxienez 200 tona fonio (glutenik gabeko zereala) esportatu ahal izateko. Beti emakumeak integratzen ditu, eta erabiltzen ez diren eremuen produktibitatea handitzen saiatzen da, landa-komunitate horiei autonomia ekonomikoa, elikagai-segurtasuna eta enplegagarritasuna bermatzeko.

Basque Culinary World Prize sariaren 100.000 euroko zenbatekoari esker, mundu osoan ezagutaraziko da ekimena, eta proiektua gauzatu ahal izango da. Fatmata Bintak berak esan duenez: 

"Eskerrik asko, Basque Culinary World Prize, fonioa mundura zabaltzen hainbeste laguntzegatik. Eskerrik asko chefoi kezkatzen gaituzten gaien gaineko elkarrizketa esanguratsuak izateko aukera ematen diguten espazioak sortzeagatik. Txundituta naukate BCWP saria irabazita jaso dudan arretak eta fonioaren inguruan sortutako interesak. Eskerrak eman nahi dizkiet Basque Culinary Center-i eta Eusko Jaurlaritzari, nire ikuspegia emateko eta fulani komunitateen bitartekoak eta baliabideak hobetzen laguntzeko aukera eman didan espazio bat eskaintzeagatik”.

Fatmata Binta munduan eragin handiena duten chefetako batzuek aukeratu dute. Chef horiek Basque Culinary Center-en Nazioarteko Kontseiluaren ordezkari dira. Joan Roca chefa (Espainia -El Celler de Can Roca) izan da epaimahaiburua, eta, harekin batera, beste chef ezagun hauek osatu dute epaimahaia: Gastón Acurio (Peru), Michel Bras (Frantzia), Manu Buffara (Brasil), Mauro Colagreco (Argentina/Frantzia), Dominique Crenn (Frantzia/AEB), Trine Hahnemann (Danimarka), Enrique Olvera (Mexiko), Pia Leon (Peru), Narda Lepes (Argentina), Elena Reygadas (Mexiko) eta Josh Niland (Australia).


Ekimen eraldatzaile bat

Basque Culinary World Prize saria 2016an eman zen lehen aldiz, gastronomiak nola eralda dezakeen erakusten duten lekukotzak biltzeko. Sariak bikaintasunerako bokazioa duten gizon eta emakume ekintzaileen lana nabarmentzen du; berritzaileak eta sortzaileak dira, saiatuak, baina, batez ere, gizartearekin konprometituta daude.

Orduz geroztik, sariak 42 herrialdetako 1.000 hautagaitza baino gehiago jaso ditu, eta 700 bat chef izendatu izan ditu. Sarirako hautagai izateko, chefak egun gastronomiaren munduan lanean ari den beste profesional batek izendatu behar ditu.

Aurreko urteetan bezala, 2022an ere, hiru hilabetez, industriako profesional eta erakundeek askotariko arloetan gastronomia aldaketa-eragile izan daitekeela erakusten duten mundu osoko chefak izendatu zituzten.

Ekainaren 21ean, Basque Culinary World Prize-k iragarri zuen Fatmata Binta izan zela Basque Culinary World Prize 2022 sariaren irabazlea, eta bi aipamen berezi ere egin zituen. Horrela, berriz ere agerian utzi zuen gaur egungo erronkak ikusgai jarri nahi dituela, eta bikaintasunerako bokazioa duten chef ekintzaileen profilak identifikatu: chef berritzaileak, sortzaileak eta saiatuak, beren komunitatearekin konprometituak eta gastronomiaren fenomeno iradokitzaile eta kutsakorraren adibide direnak.

Hori dela eta, Fatmata Bintarena ez ezik, epaimahaiak beste bi chefen lana ere saritu du, eta aipamen bereziak eman dizkie Douglas McMasterri (Erresuma Batua) eta Edson Leiteri (Brasil). Lehenak, sormena erabiliz, “zero waste” sustatu du Zero Waste Cooking School eta antzeko beste ekimen batzuen bidez (ekimen hori konfinamendu-garaian sortu zen, filosofia hori bultzatzeko eta gizartea hurbiletik eta sormena erabiliz ohartarazteko elikagaiak alferrik galtzearen arazoaz). Bigarrenak sukaldaritzan trebatzeko eta laguntzeko programak diseinatu ditu lan-aukeren bila dabiltzan gazteentzat, 2012an sortu zuen Gastronomiako Eskola Periferikoaren bidez.

Urtero, Basque Culinary World Prize-k, irabazlearen eta aipamen berezien bidez, mezu bat bidaltzen du, jende guztia kontura dadin zenbat arlotan lagun dezaketen sukaldariek. Aurten, elikagaien segurtasuna izan da hizpide, baita immigrazioarekin lotutako gizarteratzea eta talentuaren dibertsifikazioa ere, besteak beste.

Zuzenean ikusi ahal izango da Basque Culinary World Prize-ren saria emateko ekitaldia, 18:30etik aurrera, Basque Culinary World Prize-ren YouTube-ko kanalean. 

 

Desarrollado por: GureMedia