Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Centerrek Pía León, Narda Lepes, Josh Niland eta Elena Reygadas gehitu ditu Nazioarteko Kontseilura

18 Maiatza 2022

Pía León (Peru), Narda Lepes (Argentina), Josh Niland (Australia) eta Elena Reygadas (Mexiko) sukaldariburuen belaunaldi berriko kideak dira, eta Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluan sartu dira. Mundu zabalean itzal handiena duten chef garrantzitsuenetako batzuek osatzen dute kontseilu hori, eta, erakundearen ikuspegi holistikoa indartzeaz gainera, munduko gastronomiaren bestelako ikuspegi bat dakarte, bakoitzaren esperientzia eta ikusmoldea aintzat harturik.

 

Sektore gastronomikoaren etorkizunak talentua integratzea eskatzen du, eta harekin etortzen dira balio, lehentasun eta behar berriak. Kontseiluaren eginkizuna Basque Culinary Centerri aholkularitza ematea da, erakundearen ikuspegi estrategikoa gaurkotua eta integratzailea izan dadin. Horretaz gainera, gastronomiaren bidez gure gizartean sor daitekeen inpaktua areagotzen ere jarduten du. Testuinguru horretan, Basque Culinary Centerrek bere think tankean sartu ditu sektorearen buru izatera deituak dauden diziplina anitzeko zenbait pertsona, kontuan izanik planetaren luze-zabalean errealitateak konektatzen jarraitzeko duten ikuspegi bereizgarria.

 

Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluko kideek nazioarteko ikuspegia ematen dute haien esperientzian oinarriturik. Joan Roca buru duen kontseiluko kide aktibo dira Gastón Acurio, Massimo Bottura, Enrique Olvera, Trine Hahnemann, Dominique Crenn eta Yoshihiro Narisawa; eta kontseiluaren bazkide fundatzaileak, berriz, Ferrán Adrià, Michel Bras, René Redzepi, Heston Blumenthal, Alex Atala eta Dan Barber izan ziren.

 

Nazioarteko Kontseiluak urteko bileran finkatzen ditu oinarriak. Bertan, izen handiko sukaldariak eta hainbat diziplinatako adituak urtero hiri batean elkartzen dira erronkak identifikatzeko, eztabaidak pizteko eta gastronomiaren sektorea bultzatzeko moduetan sakontzeko, betiere gastronomiaren 360º-ko ikuspegiarekin. 2022ko ekainean Gironan egingo den gailurrean aurkeztuko dira lau kontseilukide berriak, eta Nazioarteko Kontseiluaren lehen bileran parte hartuko dute. Era berean, Basque Culinary World Prizeko irabazlea hautatzeko epaimahaikide izango dira, eta aktiboki parte hartuko dute publikoari irekitako hausnarketa-jardunaldian, zeina ekainaren 21ean egingo baita.

 

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, Nazioarteko Kontseiluko kide berrien iragarpenaren aurrean, honako hau onartu du: “Izeneko eta eragin handiko chef ameslariak osatzen dute Nazioarteko Kontseilua, eta Basque Culinary Center sortu zenetik, gastronomiaren abangoardian mantentzeko gogoetak, ideiak eta lan-ildoak eman dizkigute. Gure Kontseiluak gure erakundea etengabe aldatzen, entzuten eta egokitzen ari den entitate aktiboa dela frogatzen du. Alde horretatik, funtsezkoa da berritzen eta ahots berriak batzen jarraitzea, gaur iragarri ditugunak bezalakoak, gastronomia ulertzeko hainbat modu sustatzen eta gastronomiak sektore estrategiko gisa duen rola indartzen lagunduko digutenak.

 

"Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko presidentea naizen aldetik, ohore handia da lau kide berriei ongietorria ematea” adierazi du Joan Rocak; “Gastronomiak batu egiten du, eta diziplina anitzeko fenomeno humanista da, ikuspegi, ahots eta gogoeta berriekin etengabe hazten dena. Pia, Josh, Narda eta Elenak Nazioarteko Kontseiluaren ikuspegi aberasgarria indartuko duen begirada berria ekarriko dute. Gironan izango gaituzue zain, bide partekatu bati ekiteko, gastronomiak fenomeno global gisa duen eragin positiboa areagotuko duena".


«Comida que acoge» – Girona 2022

Bi urtez kontseilua aurrez aurre elkartu gabe egon ondoren –pandemia dela eta–, goi-mailako gogoeta sustatzeko gailur bat antolatu du BBCk Gironan, eta, haren bidez, ikuspegi sortzailearekin helduko zaie sektorearen erronkei eta aukerei. Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseilua aurrez aurre elkartuko da berriro Gastronomiaren Gailurrean. Gironan izango da ekitaldi hori, ekinaren 19tik 21era bitartean, eta «Comida que acoge» izango du lelo.

 

Saio horietan, kontseilukide berriek bat egingo dute gainerako sukaldariburuekin, eta, sektoreari eta gizarte osoari eragiten dioten errealitatearekin kezkaturik, jakintza-trukerako eta eztabaidarako saioetan parte hartuko dute.  

 

Pía León Kjolle jatetxearen sukaldariburu  eta jabe perutarrak erakutsiko du nola dibertsifikatu daitezkeen sukaldaritzako diskurtsoak eta formatuak, taldeak eta talentua kudeatzeko eredu berrien bidez. Narda Lepes sukaldariburu argentinar polifazetikoak, berriz, azalduko du «janaria» kontzeptu ikergaitz bilakatu dela, eta azalduko du, orobat, garrantzitsua dela sukaldariek eta, oro har, alor horretan zeresana duten eragileek esku hartzea, jatetxeetatik kanpoko publikoak ere jaten dutenaren gaineko kontzientzia hartzeko, sukaldean aritzea sustatzeko, edo mahai publikoaren atzean dagoen errealitatearen gainean gehiago jakiteko. Elena Reygadas Mexiko aldetik joango da Gironara, eta garatu duen zigilu bereziki pertsonalaren inguruko ikaskuntzak partekatuko ditu bertaratuekin. Reygadasen zigilu pertsonala ez dago barrukoarekin bakarrik loturik, baizik eta bere lurraldearekin ere bai. Nola lor dezake gastronomiako ekintzaile batek halako emaitza bikaina, hain garai konplexuan? Azkenik, Josh Niland australiarraren txanda izango da, eta bertaratuen aurrean azalduko du zer-nola ulertzen duen berrikuntza eta nola lotzen duen ikuspegi hori egungo munduarekin. Nilandek itsas produktuekin lan egin du bere herrialdean, eta lengoaia propioa eraiki du produktu horien inguruan.

 

Publikoari irekitako hausnarketa-jardunaldiotan, besteak beste, aztertuko dute zer dinamizazio-gaitasun dituen sukaldaritzak mahai baten inguruan, inspirazio-iturri berriak beharrezkoak diren garaiotan, jakinik premiazkoak direla adierazpide berriak eta bestelako moldeak gure garaiotako aldaketak integratzeko, hala nola ingurumenarekin loturikoak, ekonomikoak eta kulturalak. Topaketa horretan, ekosistema gastronomikoaren lehen mailako eragileek (sukaldariburuak, hedabideak eta adituak) gastronomia sektore estrategiko gisa sustatzeko ikuspegiak eta hausnarketak partekatuko dituzte, eta begirada sortzaileak eskainiko dituzte. Gironako Gastronomia Gailurrari buruzko informazio gehiago eskuratzeko eta hausnarketa-jardunaldian izena emateko: girona2022.bculinary.com

 

BASQUE CULINARY CENTERREN NAZIOARTEKO KONTSEILUKO KIDE BERRIAK:

 

Pía León (Kjolle - Peru)

 

Oinarrizko ikasketak amaitu ondotik, Limako Cordon Bleu ikastegian graduatu zen. Prestakuntza lortzeko jatetxe askotan lan egin ondoren, New Yorkeko Ritz hotelean eta Gastón Acurio eta Astrid Gutscheren Astrid&Gastón jatetxean egin zituen praktikak.

 

2008an, Limako Central jatetxean hasi zuen karrera, eta lehenbiziko emakumea izan zen Barranco barrutian dagoen jatetxe horretako sukaldari-taldean. Virgilio Martínez Véliz sukaldariburuaren jabetzako establezimendu horretan, Peruko produktu indigenekin eginiko ikerketa konbinatzen dute. Virgilio eta biak bikote dira 2010etik, eta establezimenduaren jabekide izatera heldu zen León.

 

2018an goi-sukaldaritzako jatetxe bat inauguratu zuen, Kjolle. Bertan Leónek bere ideiak lantzen ditu, sukaldaritza ireki, sortzaile, aske, perutar, fresko eta modernoaren bidez. Urte horretan bertan, Latinoamerikako sukaldari onen izendatu zuten Latam 50 zerrendan (Latinoamerikako 50 Jatetxerik Onenak). 2021ean, berriz, munduko sukaldari onenaren saria eskuratu zuen Munduko 50 Jatetxerik Onenen zerrendan, zeina gastronomia globalean gailentzen diren sukaldariak aitortzen baititu.

 

Narda Lepes (Narda Comedor - Argentina)

 

Narda Argentinako sukaldariburu aitortuenetako bat da, eta, horretaz gainera, komunikatzailea, ekintzailea eta nazioarteko figura handi bat. El Gourmet kanalean eginiko debutaren ondotik, karrera arrakastatsua izan du, bai telebistan, bai irratian. Zenbait liburu idatzi ditu, hala nola Comer y pasarla bien, Ñam ñam, Manual para alimentar a un pequeño omnívoro eta 201 tips para no comer como el or**. 2017an, Narda Comedor jatetxea inauguratu zuen, eta 2020an Latinoamerikako 50 Jatetxerik Onenen zerrendan sartu zuten. Buru-belarri parte hartu du ACELGA, MIGA eta halako elkarte eta proiektuak sortzen, baita Masticar azoka sustatzen ere, zeinean elikadura-ohiturak aldatzea bultzatzen baitu, fruta eta barazkiei protagonismoa emanez. Horretaz gainera, Argentinako Unión de Trabajadores de la Tierra erakundearekin lan egiten du, ekoizleek bitartekorik gabe sal ditzaten produktuak.

 

2020ko azaroan, Munduko 50 Onenen zerrenda itzaltsuak Latinoamerikako Emakumezko Sukaldariburu Onenaren saria eman zion.

 

Josh Niland (Fish Butchery - Australia)

 

17 urte zituela hasi zen bere sukaldaritza-filosofia berezia osatzen Sydneyko jatetxe ospetsuetan, eta, gaur egun, itsas produktuen ebanjelio erradikal berri baten «profetatzat» jotzen dute.

 

Saint Peter jatetxearen jabe eta bertako sukaldariburu izateaz gainera, Nilandek Fish Butchery ere sortu du; txikizkako saltoki hori Australiako lehen arrandegi jasangarri bihurtu da, eta itsas produktu ezohiko ugari eskaintzen ditu. Nilandek goitik behera aldatu du arraina produktu gisa ulertzeko modua. Chef australiarrak arrain eta itsaskien unibertsoa berrasmatzea lortu du mundu zabalean, eta eraldatu egin du jendeak itsasoko plater tradizionalei buruz duen ustea: hari zor zaizkio prestakinak maneiatzeko modu berriak eta berritzaileak, produktuaren zati guztiak ahalik eta ondoen aprobetxatzen dituzten sukaldaritza-teknikak, eta biltegiratze-metodo abangoardistak.

 

2019an, The Whole Fish Cookbook: New Ways to Cook, Eat and Think  sukaldaritza-liburua argitaratu zuen sukaldariak. Argitalpen berezi horretan, teknika berritzaileak ez ezik, bere esperientzia ere ematen du aditzera, jakintza eta zapore berriak batzen baititu errezeta eta plater formatuan.

 

Elena Reygadas (Rosetta - Mexiko)

 

Elena Reygadas talentu eta sormen handiko emakumea da, bai eta Mexikoko gastronomiako figurarik garrantzitsuenetako bat ere; egiazko erreferentea Latinoamerikan. Sukaldariburua eta jatetxe- eta okindegi-talde ezagun baten jabea da: Rosetta, la Panadería de Rosetta, Lardo eta Café Nin. 

 

Reygadas, era berean, sukaldari konprometitua da, eta, Mexikoko toki-produktuak ez ezik, elikadura osasungarri eta jasangarria sustatzeko zenbait gizarte-ekimen ere babesten ditu. 2019an argitaratu zuen lehen liburua: Rosetta (Sexto Piso argitaletxea). Sari eta aintzatespen ugari jaso ditu, besteak beste, Latinoamerikako emakumezko sukaldariburu onenari emaniko Veuve Clicquot saria (2014), zeinaren bidez aitortzen baitira Reygadasen lan bikaina eta jatetxeko bisitarien zerbitzura ipinitako berrikuntza eta sormena.

Desarrollado por: GureMedia