Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Mondragon Unibertsitatearen 2021-2022 ikasturte akademikoari hasiera emateko ekitaldia izan da Basque Culinary Centerren

17 Iraila 2021

Mondragon Unibertsitateak gaur egin du 2021-2022 ikasturtearen hasiera-ekitaldi ofiziala, aurten 10 urte bete dituen Basque Culinary Center - Gastronomia Zientzien Fakultatean. Aurtengoan ere, COVID-19a dela eta, partaideen kopurua mugatua izan da eta ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera egon da.

Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera ofiziala ikasturteari. Lehendakariak hitza hartu aurretik, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak joan den ikasturteko memoria akademikoa azaldu du, Basque Culinary Center - Gastronomia Zientzien Fakultateko doktore eta Basque Culinary Centerreko teknologia-zentroko (BCC Innovationeko) ikertzailea den Usune Etxeberriak «Osasuna eta gastronomia. Gizarte-eraldaketarako agertokia» eskola magistrala eman du eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak ikasturte berrirako sarrera-hitzaldia eskaini du.  

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxaren hitzaldiak hiru ardatz izan ditu: 10 urte bete dituen Basque Culinary Center proiektua, COVID-19a eta unibertsitateak goi-mailako prestakuntzarekin duen konpromisoa, eta unibertsitatearen erronkak pandemia-osteko etorkizunari begira.

 

Basque Culinary Centerrek 10 urte

Errektoreak gogoratu duenez, Basque Culinary Center, Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Zientzien Fakultatea, orain 10 urte jarri zen martxan: «Gure herentzia eta euskal sukaldari handien jakinduria aprobetxatuz, eta Mondragon Unibertsitatearen lidergoarekin, prestakuntza-zentro hau nazioarteko erreferentzia bilakatu da 10 urtean». Basque Culinary Centerren prestakuntza aurreratuko eredua eta kalitatezko ikaskuntza praktikoa azpimarratu ditu Vicente Atxak: eginez ikasten dela bertan. «Mondragon Unibertsitatea harro dago Basque Culinary Center bultzatu izanaz. Duela 10 urte, unibertsitate-mundura ekarri genuen gastronomiako prestakuntza, eta, horri esker, gaur egun 30 herrialde baino gehiagoko ikasleak trebatzen ditugu bertan», adierazi du.

10 urteotan, graduko, masterreko eta doktoregoko programak jarri dira abian Gastronomia Zientzien Fakultatean, eta, horiekin batera, baita profesionalentzako prestakuntza ere. Hala, 2.000tik gora ikasle eta sektoreko profesional trebatu dira bertan. Gainera, BCC Innovation sortu da, gastronomiako teknologia-zentroa. Egun, 50 enpresa baino gehiagorekin batera dihardu lanean hainbat jardueratan.

Eta, BCCri buruzko atala bukatzeko, Basque Culinary Centerren hurrengo erronka aipatu du: Gastronomy Open Ecosystem proiektua. Errektorearen hitzetan, «gastronomiaren enpresa-sektorean, Euskadi munduko berrikuntzaren erdigunean kokatuko du proiektu horrek, Donostiatik abiatuta». Egitasmoaren helburua da «sektoreko balio-kate osoan berrikuntzaren katalizatzaile izatea, eta, horretarako, prestakuntza aurreratua eskaintzea eta ekintzailetza-komunitate global bat sortzea: produktu berriak garatuko dituzten start-upak eta enpresak».

 

Prestakuntzarekiko konpromisoa eta COVID-19a

Errektoreak iazko martxoan bizitako egoera ekarri du gogora; alegia, pandemia agertu zenean, unibertsitateak asteburu bat izan zuela ikasleen eta irakasleen etxeak campus birtual bihurtzeko. Eta lortu egin zen. Irakaskuntza % 100 onlineko bihurtzea bikain egin zen, eta jarduera akademikoari eutsi zitzaion. «Baina ez zen hori gure ikasleek nahi zuten unibertsitate-esperientzia, ezta guk Mondragon Unibertsitatetik eskaini nahi genuena ere. Eta, horregatik, apustu handia egin genuen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 2020ko irailetik aurrera jarduera akademiko guztietan presentzialtasuna eskaintzeko, ahalik eta neurririk handienean». Hala, joan den ikasturtearen amaieran, eskola-jardunaren % 85 inguru aurrez aurrekoa izan zen gradurik eta masterrik gehienetan. «Presentzialtasun-ratio horiek munduko unibertsitate gutxik berdindu ditzaketela uste dut», azpimarratu du.

Eta gauza bera gertatu da nazioarteko mugikortasunarekin: «Proposatutako programetatik % 90 gauzatu ditugu, eta, bestalde, egoerarik okerrenetan ere, eutsi egin dieguprograma dualei eta praktikei».

Gaur abiatzen den ikasturteari dagokionez, errektorea baikor azaldu da: «6.000 ikasle baino gehiago dira guztira, 2.000 berriak, eta gehienek prestakuntza erabat presentziala jasoko dute». Unibertsitateko kide guztien jarduna «txerto-ondorengo garai honetan edo aurrean dugun agertoki berrian» berriro ere erabat aurrez aurrekoa izango delakoan dago.

 

Etorkizuneko erronkak

Unibertsitatearen etorkizuneko erronkak xehatu aurretik, gure gizarteak, herrialdeak eta Europak aurrean dituzten erronka batzuen inguruko gogoeta egin du errektoreak. «Gero eta globalagoa den testuinguru honetan, Europak eta Euskadik gizarte-lidergoari eta enpresa-lehiakortasunari eusteko erronka dute aurrean, eta Mondragon Unibertsitateak kalitatezkoa eta pertsonalizatua den unibertsitate-prestakuntza eskaintzeko konpromisoa du. Balioak landuko dituen prestakuntza, puntako ezagutza sortu eta enpresa-sareari transferitzea sustatuko duena, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatuko dituena», nabarmendu du.

Azken finean, Atxak esan duenez, «unibertsitateok egiteko garrantzitsua dugu bi erronka handi horiek —gizarte-mailakoa eta balioen ingurukoa— sendotzeko eta ekonomiaren eta lehiakortasunaren aldeko apustuei eusteko».

Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateak ahalik eta eragin ekonomikorik handiena sorraraziko duten proiektuen alde egiten jarraituko duela azaldu du. Hiru proiektu aipatu ditu.

Lehena, Bilbao AS Fabrik prestakuntza-, ekintzailetza- eta berrikuntza-proiektua. 2021eko urtarrilean jarri zen martxan, Bilboko Udalaren lankidetzarekin. Unibertsitatearen helburua da urtero 1.000 ikasle, profesional eta ekintzaile zenbait arlotan trebatzea: negozioetan, datu handietan (big data), robotikan eta digitalizazioak humanitateetan eta hezkuntzan duen inpaktuan, besteak beste. Bigarrena ELAB proiektua da, Arrasaten garatuko dutena. «Azpiegitura industrial bat birmoldatu eta berreraikiko dugu, berrikuntza-zentroa egiteko; bertan, industria-dibertsifikazioarekin eta industria-jarduera jasangarri berriak sortzearekin lotutako proiektuak landuko dira». Zentroak enpresen, ekintzaileen eta teknologia-eragileen arteko diziplinarteko lankidetza sustatuko du, industria-irtenbide jasangarriak garatzeko.

Errektoreak aipatu duen hirugarren proiektua Ekintzailetzako Plataforma Digital Irekiari buruzkoa da. Erdigunea Euskadin izango duen ingurune digital bat garatzea da proiektuaren helburu nagusia, aukerak erakarri eta munduko ekosistema eta pertsona ekintzaileak konektatuko dituen ingurunea, alegia.

Bukatzeko, Atxak Mondragon ziurtatu duenez, unibertsitateak gauzatu egingo ditu proiektu horiek, «ez dut batere zalantzarik; Bilbao AS Fabrik, ELAB, GOE eta plataforma digitala bat datoz next-generation programen estrategiekin eta helburuekin, eta espero dut gogotsu eta behar den abiaduran ekingo diegula, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, beti egin izan dugunez».

 

2020-2021 ikasturteko memoria

Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak, berriz, 202021 ikasturteko Memoria Akademikoa aurkeztu du. Ezer baino lehen, eskerrak eman dizkie unibertsitatea osatzen duten pertsona guztiei, COVID-19ak eragindako gorabeherei erantzuteko gai izan direlako. Idoia Peñacobak azpimarratu duenez, Mondragon Unibertsitateak graduko 17 titulu eskaini zituen, horietako bat erabat berritzailea eta aitzindaria Euskadin: Humanitate Digital Globaletako Gradua. Urtarrilean irekitako Bilbao AS Fabrik campus berrian jarri zuten martxan.  Hala, Zorrotzaurreko campus berrian, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua (myGADE), Mekatronikako Ingeniaritza Gradua, Humanitate Digital Globaletako Gradua eta Ikaskuntza Errazteko eta Berrikuntzako Masterra eskaintzen dira. Guztira 394 ikasle egon dira matrikulatuta Bilboko egoitzetan (Bilbao Berrikuntza Faktorian eta Bilbao AS Fabriken). Graduondoko eskaintzari erreparatuta, 2020-2021 ikasturtean 15 unibertsitate-master ofizial eta 4 doktorego-programa eskaini dira.

2020-2021 ikasturteko matrikulazioei buruzko azterketa baten arabera, 5.979 ikaslek eman zuten izena, aurreko ikasturtean baino % 8,4 gehiagok, eta graduondoko ikasleen kopurua gehituz gero, 6.200 ikasle egon dira guztira MUn matrikulatuta.

Ikasleen mugikortasunari dagokionez, nazioartekoari eutsi egin ahal izan zaioneurri handi batean, eta 954ikasle egon dira atzerrian, aurreko urtean baino % 18 gutxiago besterik ez. Baina pandemiak eragin handia izan du gurera etorri diren atzerriko ikasleen kopuruan.

Ikerketa eta transferentziaren eremuan ere, unibertsitatearen jarduera nabarmena izan da 2020-2021 ikasturtean: 545 proiektu egin dira, pandemiaren eragina nabaritu den arren; izan ere, enpresa batzuek zailtasunak izan dituzte Ikerketa eta Garapeneko baliabideei eusteko. Nolanahi ere, 1.175 ikaslek egin dute gradu-amaierako proiektua, eta beste 2.631 praktiketan egon dira enpresetan eta beste zentro batzuetan, aurreko ikasturtean baino % 4,2 ikasle gehiago. Profesionalen prestakuntzari dagokionez, joan den ikasturtean 7.522 langilek egin zuten unibertsitateko ikastaro, master edo tituluren bat, aurreko ikasturtean baino % 7 gehiagok.

Aurten, 6.022 ikasle izango ditu Mondragon Unibertsitateak ikasketa ofizialetan matrikulatuta. Horietatik, 5.255 gradukoak dira, joan den ikasturtean baino % 4,4 gehiago. Aurten matrikulatutako ikasle berriak 2.039 dira, eta horietatik 1.543 gradukoak.

Desarrollado por: GureMedia