Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

Anthony Myint sukaldari estatubatuarrak irabazi du 2019ko Basque Culinary World Prize saria

17 Uztaila 2019

Anthony Myint sukaldariak irabazi du 2019ko Basque Culinary World Prize saria, gastronomia gizarteak dituen erronkarik premiazkoenetako bati, hau da, klima aldaketari aurre egiteko motor gisa erabiltzeagatik. Ikerketa eta tresna praktikoak konbinatuz, Myint jatetxeekin elkarlanean ari da ingurumenean duten inpaktua murrizteko neurrirako konponbideak aurkitzeko. Anthony Myintek 100.000 euro jasoko ditu, berak aukeratzen duen eta gastronomiaren ahalmen eraldatzailea adierazten duen proiektu batean erabiltzeko.

Bere ZeroFoodprint proiektuaren bitartez eta The Perennial Farming Initiative-ren bitartez, Myintek jatetxeen eta ingurumenaren arteko harremana esploratzen du. Elikagaien enpresei karbono aztarna murrizteko aukera bideragarriak gomendatzen dizkie, baita karbono igorpenei dagokienez neutrala izateko moduak ere. Gama handiko dozenaka jatetxe konbentzitu ditu mundu osoan, iraunkortasunaren alde berak gidatzen duen mugimenduarekin bat egin dezaten, tartean Noma (Danimarka) eta Benu (San Frantzisko) jatetxeak direla.

2019an, The Perennial Farming Initiative ekimenaren bitartez, Kaliforniako estatuarekin ere indarrak batu eta “Restore California” programa abiarazi zuen. Programa horrek jatetxeen ingurumeneko aztarnaren gaineko informazio gardena ematen die hornitzaile eta kontsumitzaileei, erabaki hobeak hartu ahal izateko. Zerrendako jatetxe guztiak neutroak izan daitezke karbonoan, edo tokiko nekazariei lagundu diezaiekete eguratseko karbono dioxidoa kentzen. 

Ekonomian eta Asiako Ikerketetan titulua edukita, Myintek, bere emazte Karen Leibowitz kazetariarekin batera, ingurumeneko aktibismoa eta aktibismo soziala sartu ditu bere ahaleginen artean, 2008an Mission Street Food jatetxe ospetsuan bere karrerari ekin zionetik. Basque Culinary World Prize saria bakarra eta orokorra da, Eusko Jaurlaritzak ‒Euskadi-Basque Country estrategia integralaren esparruan‒eta Basque Culinary Centerrek ‒gastronomian liderra den erakunde akademikoa‒ emandakoa. Garaikur honek ekimen eraldatzaileak gauzatzen dituzten chefen lana aitortzen du, hainbat arlotan: berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikadura industria eta gizarte eta ekonomiaren garapena.

Munduan eragin handienekoak diren zenbait chef eta adituk osatutako epaimahaiak Anthony Myint aukeratu du irabazle, hamar finalisten artean. Epaimahai horren buru Joan Roca sukaldaria izan da (El Celler de Can Roca), eta harekin batera beste pertsona ezagun hauek: Massimo Bottura (Osteria Francescana), Manu Buffara (Manu), Eneko Atxa (Azurmendi), Dominique Crenn (Atelier Crenn), Yoshihiro Narisawa (Narisawa), Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Enrique Olvera (Pujol), Trine Hahnemann (Hahnemanns Køkken), Katina eta Kyle Connaughton (SingleThread), Tucker Taylor (Jackson Family Wines) eta Jock Zonfrillo (Orana), 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea. Hauek izan ziren Basque Culinary World Prize sariaren hamar sukaldari finalistak: Selassie Atadika (Ghana), Siew-Chinn Chin (Malaysia/ Estatu Batuak) Giovanni Cuocci (Italia), Mario Castrellon (Panama), Xanty Elias (Espainia), Virgilio Martinez (Peru), Cristina Martinez (Mexiko/ Estatu Batuak), Douglas McMaster (Erresuma Batua), Anthony Myint (Estatu Batuak) eta Lars Williams (Estatu Batuak/ Danimarka). Hautapen horrek argi erakuksten du zenbaterainokoa den nazioarteko mugimendu biderkatzaile honek gaur egun duen irismena, zenbait aitzindarik hainbat hamarkadatan lan eraldatzailea egin izanaren fruitua, inondik inora; hala nola Dan Barber, Rene Redzepi, Jamie Oliver, Alice Waters eta José Andrés, inspirazio iturri izan diren beste pertsona batzuekin batera.

2018an, Eskoziako Jock Zonfrillo chefak eskuratu zuen Basque Culinary World Prize saria. Australiako jatorrizko herrixken elikadura oroimena gordetzeko ari da lanean, eta kultura zahar hori ezagutzeko eta aldarrikatzeko zereginean dabil buru-belarri. Kolonbiako Leonor Espinosa chefak eskuratu zuen saria 2017an, Funleo fundazioaren bidez Kolonbiako herrixken aspaldiko jakintza aldarrikatzeagatik. Inaugurazio urtean, berriz, Venezuelako María Fernanda di Giacobbe chefak jaso zuen saria, hezkuntzan, ekintzailetzan, ikerketan eta garapenean oinarritutako ekimen bati esker. Kakaoa zeukan ekimenak ardatz, Venezuelako nortasun, kultura eta aberastasun ekonomikoaren iturri gisa.

Euskadi Basque Country estrategia Irabazlea iragartzeko ekitaldiko buru Bittor Oroz izan da, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, eta nabarmendu nahi izan du sari “bakar eta orokor hau Eusko Jaurlaritzaren EUSKADI-BASQUE COUNTRY Estrategiaren baitakoa” dela; “sari inklusibo eta handinahia da, jakin bai baitakigu soilik lankidetzatik irabazi ahal izango dugula gure espazio propioa munduan, eta soilik horren bidez indartu ahal izango dugula Euskadi nazioarteko erreferentziazko lurralde gisa. Munduari beti ateak zabaldu izan dizkion herrialde baten ibilbide eta eskarmentu egiaztatua daukagu, eta, gainera, euskal komunitate aktiboen sare propio bat dugu atzerrian, Euskadi nazioartekotzeko erronkarekin erabateko konpromisoa duena. BCWP eta pareko ekimenen bidez, gizarte eredu bidezkoago eta iraunkorrago bat osatzen laguntzen dugu, zeina pertsonen zerbitzura egongo den”.

Anthony Myintek, 2019ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazleak, honela esan du: “Sukaldaritzan hasi nintzen jatetxeek mundua leku hobeago bat bihurtu dezaketelakoan, eta orain zazpi urte aita egitea inspirazioa izan zen niretzat aztertzeko nola egin diezaioketen aurre sukaldariek klima aldaketari. Harrez gero, zientzialariek berretsi dute lurra osasuntsu edukita eta nekazaritzan egoki jardunda beroketa globala konpondu daitekeela. Benetan hunkituta nago Basque Culinary World Prize sariak elikaduraren munduaren barruko irtenbide baikorretan fokua ipini duelako, eta oso ohore handia da niretzat mugimendu handiago baten hasiera izango dela espero dudan honen ordezkari izatea. Nire ustez, elikaduraren munduko osagai guztiek, hau da, sukaldariek, mahaikideek, baserritarrek eta legegileek beren indarrak batu ditzakete elikadura sistema berriztagarri bat sortzeko. Lurrean zegoen karbono guztia leheneratu eta berreskuratzeko aukera dute jatetxeek".

Desarrollado por: www.dedomultimedia.com