Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

‘Las huellas de elBulli’ filmarekin inauguratuko da Culinary Zinema

02 Iraila 2021

Las huellas de elBulli Ferran Adriàk zuzendutako jatetxeari buruzko filmaren mundu-estreinaldiak Culinary Zinema inauguratuko du, eta, halaber, Donostia Zinemaldiaren 69. edizio honetan ez-fikziozko beste hiru filmek ere mundu-estreinaldia izango dute: The Pursuit of Perfection, lau sukaldari japoniar ospetsu ezagutaraziko dituena; Reinventing Mirazur, Mauro Colagrecok gauzatutako berrasmatzearen berri emango diguna; eta Michelins Stars II: Nordic By Nature, Feroe uharteetako KOKS jatetxerako bisitaldi bat planteatuko digu. Délicieux / Delicioso filmak ‒arreta sukaldaritzan ipintzen duen garaiko fikzioak‒ sailari amaiera emango dio.

Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek gaur goizean aurkeztu dituzte sailaren edukiak; bost afari tematiko ere hartuko ditu Culinary Zinemak.

Iñigo Ruiz eta José Larraza kazetariek Las huellas de elBulli Movistar+ plataformaren jatorrizko dokumentalaren mundu-estreinaldia aurkeztuko digute. Ferran Adriàren irudi peliedriko bat erakusten da filmean, non agerian uzten baitzaigu duela hamar urte Girona probintzian zuzentzen zuen jatetxea itxi zuen sukaldari katalanaren ibilbideak zenbaterainoko eragina izan duen eta izaten jarraitzen duen, gastronomiaren munduan ez ezik, beste diziplina batzuetako sortzaileengan ere bai. Iruñean jaioa, Ruizek sukaldaritzarekin lotutako hainbat film zuzendu ditu film berri honen aurretik, eta Larrazak ere esperientzia handia du nola dokumentalaren alorrean hala telebistan.

Délicieux / Delicioso, Éric Besnard zinemagile frantziarraren filma, Culinary Zinema sailari Espainiako estreinaldi gisa amaiera emango diona, Frantziako Iraultzaren hasieran girotuta dago, eta noble batentzat lan egiten duen sukaldari batek bere lanbidearekiko zaletasuna galtzen duenean hasten da. Besnard gidoilari eta Ca$h (2008), 600 kilos d'or pur (2010) eta beste hainbat filmen zuzendariak Grégory Gadebois eta Isabelle Carré aktoreak izan ditu, besteak beste, bere film berriaren zerrendan, J'accuse (Roman Polanski, 2019) eta Marie Heurtin (Jean-Pierre Améris, 2014) filmetako antzezleak, hurrenez hurren.

Hainbat film labur zuzendu ondoren, Toshimichi Saitok The Pursuit of Perfectionlanarekin egin du debuta film luzeen zuzendaritzan; filmak sukaldaritza japoniarra aztertzen du herrialde hartako gastronomiaren lau chef garrantzitsuenen begiradaren bidez: guztiek perfekzioa bilatzen dute, baina ikuspegiak ezberdinak dituzte, are kontrakoak.

Culinary Zinema Michelin Stars-Tales from the Kitchen (2017) lanarekin inauguratu ondoren, Rasmus Dinesen, gastronomiari eta beste gai batzuei buruzko dokumentalen zuzendaria, telesail dokumental baten bigarren atalarekin itzuliko da; oraingoan, Michelin Stars II: Nordic by Nature lanaren bidez, Danimarkako errealizadorea KOKSen sartuko da, Feroe uharteetako paraje natural batean kokaturiko jatetxe ospetsuan, hain zuzen, Ipar Atlantikoaren erdian.

Franck Ribière eta Vérane Frédiani frantziarrek Reinventing Mirazur zuzendu dute, Mauro Colagreco sukaldari argentinarra deskribatzen duen filma, chefaren sukaldaritza naturako energiekin estuki lotuta dagoela transmititzen diguna. Mentonen (Frantzia) Mirazur jatetxearen arduraduna da Colagreco, eta film luzeak kontatuko digu konfinamendutik nola berpiztu zen, ilargiaren faseetan funtsatutako menu harrigarri batekin. Filmak Donostian izango du mundu-estreinaldia. Errealizadoreek beste dokumental batzuk ere zuzendu dituzte, besteak beste, Steak (r)évolution / Steak (R)evolution (2014), Culinary Zinema sailean parte hartu zuena.

Sailean bildutako bost film luzeekin batera, afari tematikoak ere antolatuko dira Basque Culinary Centerren irailaren 20tik 24ra. Emanaldiak eta afariak barne hartuko dituzten sarrerak irailaren 6an jarriko dira salgai, 09:00etan, eta 70 euroren balioko dute; Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan egongo dira salgai. Filmetarako bakarrik balioko duten sarrerak irailaren 13tik aurrera jarriko dira salgai eta 7,90 euroko prezioa izango dute.

Nespresso Culinary Zinema sailaren babeslea da. Aurten, gainera, kolaboratzaile gisa sartu da sailean ASICI, Asociación Interprofesional del Cerdo Ibérico.

 

AFARI TEMATIKOAK

Afari tematikoak irailaren 20an hasiko dira inaugurazio-afari batekin, Las huellas de elBullifilmarekin lotuta eta Ferran Adriàren jatetxe iraultzailearen sukaldean lan egin zuten hiru sukaldarik prestatua. Zehazki, hiru Xef hauek Ferranen sukaldaritzan zeharreko ibilbide gastronomiko bat egingo dute: A Pluma jatetxeko Eugeni De Diego; Dos Palilloseko Albert Raurich; eta Luis Arrufat, Basque Culinary Centerreko Master eta Ikastaroen arloko chef koordinatzaile eta irakaslea; hala, Adriáren sukaldaritza-ibilbidea, sormenean eta bikaintasunean oinarritua eta XX. mendeko itzal handienetakotzat jotakoa, xefaren historiako plater enblematikoen bitartez islatuko da inaugurazio-afarian. Ekitaldian izango dira, halaber, osatutako CXC (Castro Xatruch Casañas) taldeko zenbait kide; taldea, Oriol Castro, Eduard Xatruch eta Mateu Casañas sukaldariek osatzen dutena, eta denon artean 15 urteko esperientzia dute elBulliko sukaldeburu gisa.

Irailaren 21eko gau-ospakizuna lau eskuz prestatutako afari batekin girotuko dute, batetik, Paulo Airaudo sukaldari argentinarrak, Michelin izar bat duen Donostiako Amelia jatetxearen jabeak, eta, bestetik, Ignacio Echapresto Errioxako Venta Moncalvillo jatetxe izardunaren sukaldari autodidaktak. Leire Echaide Basque Culinary Centerreko baratzeko proiektuaren arduradunaren eta bertako produktuen ekarpena ere izango du afariak, baita Carlos Echapresto sommelierraren eta Venta Moncalvilloko upeltegiko ardoen ekarpena ere. Mauro Colagrecori eta bere jatetxeari eskainitako Reinventing Mirazur filmean islatutako aniztasuna eta kulturartekotasuna islatzen saiatuko da menua. Hiru Michelin izar ditu Colagrecoren jatetxeak eta The World's 50 Best Restaurants zerrendan lehen postua lortu zuen 2019an.
Hirugarren gaua eskandinaviar sukaldaritzari eta Feroe uharteen identitate eta kulturari buruzkoa izango da. Poul Andrias Ziska KOKS jatetxeko (Feroe Uharteak, Danimarka) sukaldeburua izango da afariko anfitrioia, plater bakoitzean Ipar Atlantikoko paisaiaren zaporea eta aroma jariatuko dituena. Horretarako, bere proposamena antzinako eta lurrekoa izanik garaikidea, fina eta osasuntsua ere baden sukaldaritzan oinarrituko du, eta zaporeak eta usainak uztartuko ditu antzinako osagaiak modu burutsu eta zirraragarrian konbinatuko dituzten platerak sortzeko. KOKSek bi Michelin izar ditu eta 2020an Jasangarritasunaren Michelin Sari berrien bidez aitorturiko lehen jatetxeetako bat da.

Irailaren 23a Yong Wu Nagahira Ikigai jatetxeko (Madril) sukaldariarekin sukaldaritzako "perfekzioaren bila joateko” unea izango da. Jatorri txinatar eta japoniarrekin Parisen jaioa, gastronomia-fusio bat interpretatzen du oso modu pertsonalean, non, prestatzen dituen plateren bidez, bere bizi-esperientziak adierazten baititu sukaldaritza japoniar, frantziar eta espainiarraren bitartez. Irailaren 23ko afariak chefaren proposamen fresko eta lasaiaren isla eskainiko du, hein batean, Cristina Lirola Basque Culinary Centerreko sukaldari eta gozogilearen parte-hartzeari esker ere bai.

Azken afaria gastronomiaren alorrean etorkizun handia duten hiru chef gaztek prestatuko dute: Lara Rodríguez, Kraken (Gijón) jatetxeko chefa, bere irudimenarekin eta sukaldaritza-estilo propio eta ausartarekin jolastuko da, Asturiaseko sukaldaritza munduko beste sukaldaritza batzuekin uztartuta, oso bisualak diren platerak prestatzeko. Bere ondoan egongo da Antonio Belotti Casa 887 jatetxeko (Donostia) sukaldaria, zeina bere eskola izandako sukaldeetara itzuliko baita, , bere gaur egungo gastronomia erakusteko, sentsibilitatean, tokiko produkturik onenean, prozesu tradizionalenetan eta errezeta autentikoenetan oinarrituta. Beste talentu berri batekin egingo dute hori, Lucía Fuentes Rodríguez 4OjosWines etxearen jabe eta sommelierrarekin; talentu gazte eta sommelierrak lagunduko dio; Fuentesek bere lurraldeko (Cádiz) boterearen adierazgarri diren eta Culinary Zinemaren hamaikagarren edizioari amaiera emango dion menu gozo-gozoarekin ezin sintonia hobea duten artisau-ardoen hautaketa batekin aberastuko du afaria.

Afariak segurtasun- eta higiene-protokolo zorrotz baten arabera diseinatu dira, covid-19ari aurre egiteko. Edukiera ere indarreko araudira egokitu da, eta mahaiak erreserben arabera osatuko dira, gomendatutako distantzia gordeta betiere.

Desarrollado por: GureMedia