Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

IJGFS Gastronomia goi-mailako kalitatezko aldizkari zientifikoen zerrendan sartzea lortu duen lehen aldizkaria

14 Urria 2020

Gastronomiak aurrerapauso handia eman du bere onarpen zientifikoan, izan ere, International Journal of Gastronomy and Food Science (IJGFS) aldizkariak inpaktu-indize historikoa lortu du, eta gastronomia argitalpen zientifikoen munduan sartzea lortu duen lehen aldizkari bihurtu da. Azken urtean aldizkariaren inpaktu-indizea % 65 baino gehiago handitu eta 2,186ko inpaktu-faktorea lortu ondoren, Elsevier argitaletxearen aldizkari gastronomiko-zientifikoak, gainditu egin du aldizkari zientifikoekin lehiatzeko erronka, eta ospe handia lortu du, gastronomia kalitate-maila horretan kokatu baitu. Aldizkariko argitaratzaileen burua Juan Carlos Arboleya da, Basque Culinary Centerreko irakaslea.
 
IJGFS 2012an sortu zen, Mugaritzek eta AZTIk sustatuta, eta Elsevier munduko literatura zientifikoko argitaletxerik handienak argitaratu zuen. Basque Culinary Center ere aldizkariaren sustatzaile bihurtu zenean, bost kontinenteetako sukaldari eta zientzialarientzako erreferentziazko komunikazio-gune izan nahi zuen, ikuspegi zientifikoa kontuan hartuta, eta badirudi azkenean lortu duela.
 
Hori dela eta, sustatzaileek eta argitaletxeak mintegi digital bat egingo dute urriaren 22an, aditu nabarmenen eskutik argitalpenaren historia ezagutzeko.
 
«International Journal of Gastronomy and Food Science: when culinary arts and research collide» izenburua du online egingo den ekitaldiak eta ingelesez eta gaztelaniaz aurkeztuko dute International Journal of Gastronomy and Food Science (IJGFS) aldizkariaren ibilbidea. Gastronomiaren eta elikagaien zientziaren elkarrekintzari buruzko ikerketa-aldizkari indexatu bakarra da, eta sektore gastronomiko-zientifikoko profesionalak, argitaratzaileak eta kolaboratzaileak biltzen ditu.
 
Hainbat adituk aldizkariaren jatorria, sorrera eta proiektua nola garatu zen azalduko dute, eta aldizkariaren egungo jarduna aurkeztuko da, argitalpen akademikoaren faktore garrantzitsuak nabarmenduta. Hauek dira parte hartuko duten adituak: Andoni Luis Aduriz, Mugaritz jatetxekoa eta IJGFSko ohorezko argitaratzailea; Rogelio Pozo, AZTIko zuzendari nagusia; Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia; Juan Carlos Arboleya, Basque Culinary Centerreko irakaslea eta IJGFS aldizkariko argitaratzaileen burua; Morgane Dagot, Elsevier argitaletxeko argitaratzailea; Dani Lasa Imago komunitateko kidea eta IJGFS aldizkariko argitaratzaileen buru ohia, Jorge Ruiz, Extremadurako Unibertsitatekoa eta IJGFSko argitaratzaile elkartua; Charles Spence, Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea eta IJGFSko argitaratzaile elkartua; Jozef Youssef, Kitchen Theoryko sukaldaria eta IJGFSko kidea; eta Julián Otero, Mugaritzeko I + G arloko kidea. Gainera, aurkezpenen ondoren, zientziaren eta gastronomiaren arteko elkarreraginaren etorkizunari buruzko eztabaida irekia egongo da, eta bertaratzen direnek hizlariei galderak egiteko aukera izango dute.           

Mintegiaren helburua, besteak beste, mundu zientifikoak zein gastronomikoak zientziaren eta sukaldaritzaren arteko elkarreragina nola alda dezakeen zehaztea izango da, eta horretarako aldizkariaren hainbat alderdi eztabaidatuko ditu, hala nola: ideia nola sortu zen, emandako pausoak, proiektuaren konplexutasuna, sarearen edo komunitatearen sorrera, jatetxeentzako eta mundu zientifikoarentzako dakartzan ondorioak, mundu akademikoa proiektuan sartzea eta inplikatzea edo aldizkariak Basque Culinary Centerrentzat duen garrantzia.
 
Horrez gain, IJGFS aldizkariko inpaktu-indizeak duen garrantziaren inguruan hitz egingo da. Bertan, parte-hartzaileek ikuspuntu teknikoak partekatuko dituzte, inpaktu-indizea indartzeko eta artikuluen kalitatea handitzeko ekintzak proposatzeaz gain. Azkenik, zientziaren eta sukaldaritzaren arteko harremanaren etorkizunari buruzko eztabaida irekia egingo da, eta eztabaidatu egingo da aldizkariak nola lagundu dezakeen harreman horretan eragiten.
 
International Journal of Gastronomy and Food Science: when culinary arts and research collide -  PROGRAMA
 
EGUNA: Urriaren 22a
Ordua: 17:00 (CEST)
Kanala: Zoom
Hizkuntzak: Ingelesa/Gaztelania (aldibereko itzulpena egongo da)
Moderatzailea: Juan Carlos Arboleya (BCC; IJGFS aldizkariko argitaratzaileen burua)
 
1. ZATIA: Erakundeen arteko eztabaida (30 minutu)
Parte-hartzaileak: Joxe Mari Aizega (BCC), Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Rogelio Pozo (AZTI), Morgane Dagot (Elsevier).
 
2. ZATIA: Aldizkariari buruzko eztabaida teknikoa (30 minutu)
Parte-hartzaileak: Dani Lasa (Imago), Jorge Ruiz (Extremadurako Unibertsitatea),
Julián Otero (Mugaritz), Jozef Youssef (Kitchen Theory) eta Charles Spence (Oxford University).
 
Eman izena dohainik hemen.
 

Desarrollado por: GureMedia