Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Center-en Patronatuak 2021-2024 Plan Estrategiko berria onetsi du hamargarren urteurrenaren testuinguruan

17 Ekaina 2021

Basque Culinary Centerrek 10. urteurrena ospatu du Patronatuarekin eta hura osatzen duten erakundeekin hainbat ekitaldi eginez. Eguna hasteko, prentsaurrekoa eman dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Pedro Subijana Akelarre jatetxeko sukaldariak eta Basque Culinary Centerreko patronoak, Mikel Larrea, Eroskiko Idazkari Nagusia, Vicente Atxa Basque Culinary Centerreko Patronatuaren presidenteak eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak. Prentsaurrekoan Basque Culinary Centerrek gastronomian izan duen rol eragilea azpimarratu da. Prentsaurrekoaren ondoren, Basque Culinary Centerren Patronatuaren bilera egin da, erakundearen organo goren gisa. Jorratutako gaien artean 2021-2024 Plan Estrategiko berriaren aurkezpena nabarmentzen da, zeinak Basque Culinary Centerrek datozen urteetan jarraituko duen bidea zehaztuko duen, baita GOe (Gastronomy Open Ecosystem) bezalako proiektuak ere.

Topaketaren ondoren, bazkari berezia egin da, zeinetan parte hartu duten sukaldariek, enpresek, patronatua osatzen duten erakundeek eta zuzendaritza-taldeak. Janaria Zientzien Fakultateko ikasle ohiek prestatu dute.

Hamar urteko ibilbide biziaren ondoren, 2021-2024 aldian Basque Culinary Centerrek “gehiago eta hobeto” bidearekin jarraituko du, sendotzeko eta bikaintasunera bideratutako etapa berrian, zeinak hiru lehentasunezko ardatz estrategiko eta zeharkako bat izango dituen: bikaintasuna, espiritu berritzaile eta ekintzailea, nazioarteko eragin, hedapen eta proiekzioa eta garapen iraunkorra (zeharkako ardatz gisa). Zutabe horiek gidatuko dute zentroaren garapena, zeina berrikuntza gastronomikoaren burua izan den.

Basque Culinary Centerrek abian jarri du plan estrategiko berri bat, jauzi kualitatibo bat emateko erakundearen proiekzioan, kalitate eta exijentziaren estandar handiak indartuz. Eraldaketa horrek digitalizazioaren aldeko apustua egitea dakar, baita etengabeko berrikuntzarena ere ezagutzaren eta egiteko moduen arloetan, esplorazio- eta haustura-maila batekin. Horrez gain, talentu gaztearen sustapena eta Gastronomia 360º ikuspegiko garapen iraunkorra ere landu nahi dira, efizientziarekin, prestakuntza-jardueren nazioartekotzearekin, I+G-rekin, ekintzailetzarekin, balioa sortzeko formula berrien konbinazioarekin eta lan egiteko modu eta prozesu malgu eta ekintzaileen optimizazioarekin batera.

Arlo akademikoan, Gastronomia 360º deritzonaren unibertsitateko prestakuntza-aukera onena izaten jarraitu nahi du, diziplina anitzeko premium hezkuntza-eredu berritzailearekin, irakaskuntzaren kalitatea eta ikasleen esperientzia azpimarratuz. Gainera, profesionalentzako prestakuntza-eskaintza zabaltzen jarraituko du, bai edukietan eta bai formatuetan, merkatu berrietara iristeko gaitasun handiagoarekin eta errentagarritasunari ekarpen handiagoak eginez.

2018an abian jarri zen mundu-mailako gastronomian espezializatutako lehen zentro teknologikoa, BCC Innovation; horrek agerian utzi zuen Basque Culinary Centerren ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua. Hurrengo urratsa izango da gastronomian erreferentziako zentro teknologiko gisa finkatzea, estatuko eta nazioarteko proiekzioarekin balio erantsi handiko proiektuetan.

Halaber, erakundeak etengabe landuko du enpresa-garapen estrategikoaren balio-proposamena, egungo enpresak fidelizatzeko eta enpresa lider berriak jorratzeko, markaren tokiko, estatuko eta nazioarteko balioa alde batera utzi gabe, edukien, ikusgarritasunaren eta sustapenaren estrategia aurreratuekin.

Basque Culinary Centerren 2021-2024 Plan Estrategikoa prozesu korporatibo baten bidez garatu da, eta erakundeko kolektiboetako 200 pertsona baino gehiagok hartu dute parte, besteak beste sukaldariek, enpresek, patronatuko kideek eta Basque Culinary Centerreko langileek. Parte-hartze prozesu hori hainbat metodologiaren bitartez garatu da:  analisiak, elkarrizketak, workshopak eta sorkuntza bateratuan oinarritutako lan-dinamikak.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak dioenez, “2021etik 2024ra bitartean, Basque Culinary Centerren misioa gastronomiak garapen ekonomiko eta sozial iraunkorrerako motor gisa duen ahalmena garatzea izango da, gure betiko balioekin: grina, berrikuntza, bikaintasunera bideratzea eta konpromiso soziala. Hori guztia gastronomiari eta sukaldaritza-esperientziari buruzko ezagutza aplikatuaren arloan munduko zentrorik eta ekosistemarik onena izan gaitezen, prestakuntza-, berrikuntza-, ekintzailetza- eta sustapen-jardueren bidez”. Aizegak dioenez, eraldaketa sakoneko urte batzuei aurre egin behar diegu, eta erronka nazioarteko proiekzioari, talentuaren erakarpenari eta gure DNA esploratzaileari eustea da.

Gastronomia-ekintzailetzarako aro berria       

Basque Culinary Centerrek gastronomiaren eta elikaduraren arloko ekintzailetza eta negozio berriak sustatu ditu Culinary Action! ekimenari esker. Ekimen horrek, 2014tik, gune berean erakartzen ditu ekintzaileak, ikasleak, enpresak eta industria, bai eta gizartea ere, gastronomiaren sektorean benetako inpaktu sozioekonomikoa eragiteko, eta berrikuntza disruptiboa bideratzen du, elikadura-sistemaren erronka diren startup eta proiektu iraunkorrak sustatuz.

Urte honetatik aurrera, erakundeak nazioarteko erreferentziazko ekosistema sortzeko ere lan egingo du, GOe delakoren bidez (Gastronomy Open Ecosystem) talentu ekintzailea eta startupak erakartzeko, trebatzeko eta garatzeko. GOe, Eusko Jaurlaritzak eta 60 enpresak osatutako partzuergo batek sustatutako The Food Global Ecosystem ekimenaren barruan, talentua, enpresak eta beste eragile global batzuk erakartzeko gune fisiko eta birtuala da, gastronomiaren sektoreak balioa sortzera bideratuta dagoena.

Proposamen paregabea da, duela 10 urte Basque Culinary Center izan zen moduan, proiektu berritzaileetako nahiz prestakuntza aurreratuko katalizatzaile gisa eta Basque Culinary Centerren ekosistema gastronomikoa abangoardia globalean jartzen lagunduko duen pizgarri gisa.

GOek berrikuntzako hiri-barruti bat sustatzea helburu duen gune fisikoa osatzen du, eta, besteak beste, graduondoko gelak, produktu eta zerbitzu berriak garatzeko laborategiak eta tailerrak, coworking eremua, erakusketa-eremua eta ekitaldiak hartuko ditu. Gainera, komunitate digital bat sortuko da, 2.000 kide baino gehiagorekin hasieran, ikuspegi globalarekin, eta helburua izango da balio handiko edukia sortzea ikertzaileentzat, ikasleentzat, adituentzat, enpresentzat, ekintzaileentzat eta abarrentzat. GOen lankidetza eta sektore anitzeko forma emango zaie elikagaien sektorearen erronka handiei; ekintzaileen proiektuak sortu eta eskalatzeko nahiz produktuak eta etorkizuneko spin offak modu  eraginkorragoan garatzeko balioko du.

Lortutako lorpenak

Basque Culinary Centerrek, 10 urteetan, gastronomia unibertsitatera eraman du Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen lehen unibertsitate-gradua sortuz; dagoeneko 500 graduatuekin eta 38 herrialdeetako ikasleekin. Horrez gain, Gastronomia Zientzien Unibertsitate Masterra ere jarri du abian, besteak beste, eta Gastronomia doktoregoko lehen programa, sektorean garapen profesionala eta etengabeko prestakuntza bultzatuz.

BCC Innovation, munduko gastronomian espezializatutako lehen zentro teknologikoak , ekintzailetza sustatu du eta sektore gastronomikoaren berrikuntza eta ekintzailetza sendotzeko lan egin du, ezagutza aplikatua sortuz eta balio-kateko eragile guztiei transferituz, besteak beste, enpresekin burututako 150 proiektu baino gehiagorekin.

Basque Culinary Center sortu zenetik, sustapen-jarduerak eta ekitaldiek garrantzi handia hartu dute. Sektorean nazioarteko erreferentzia bihurtutako “BCC” markari esker, gastronomia sustatzeko hainbat ekitaldi, jarduera eta ekimen egin ziren eta lankidetzan aritu ahal izan zen, eta horien artean Basque Culinary World Prize nabarmendu behar da, ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldarientzako saria, mundu osoan “gastronomiaren nobela” gisa ezagutzen dena.

Gainera, zentroak mundu-mailan erreferentea izen handiko marka paregabea sortzea lortu du; enplegua eta aberastasuna sortzeko iturria ere izan da.

ALUMNI bazkaria

Erakundeak patronatuko kideen bilera baliatu du urteurrena beraiekin ere ospatzeko. Gastronomia Zientzien Fakultateko zenbait ikasle ohik bazkari berezia egin dute, lanbideen eta lurraldeen aniztasuna erakusteko.­

Basque Culinary Centerreko ikasle ohiak funtsezkoak izan dira erakundearen ibilbidean, eta komunitate horrekin berriko konektatzeko eta haien lorpenak ezagutzeko asmoz, zentroak horietako batzuk izan ditu “zortzi eskutara” bazkari zoragarri bat prestatzeko. María Gómez (Magoga jatetxeko jabea eta sukalde-burua), Martina Puigvert (Les Cols jatetxeko sukalde-burua), Javi Rivero eta Gorka Rico (AMA jatetxeko jabeak eta sukalde-buruak), José Olave (Yakumankako sukaldaria), Lázaro Fernández (sommelierra Wineissocial taldean), Ricard Raventós (Cookify ekoiztetxearen sortzailea), Lorea Mendizabal (Basque Culinary Centerreko areto-irakaslea) eta Aitor Esnalek (Aitor Esnal eta Wine Fandango jatetxeetako jabea eta sukaldari-burua) amaiera eman diote topaketari, euren egungo proiektuetan oinarritutako esperientzia gastronomiko bateratua eskainiz.

Patronatuarekiko eta erakundeekiko ospakizun honek bat dator urtarrilaz geroztik Basque Culinary Centerrek urteurrena ospatzeko egiten ari den hainbat jarduerekin, eta irailaren amaieran egingo den ekitaldi handi eta ofizial batekin amaituko da.

Basque Culinary Centerreko Patronatua

Patronatua Basque Culinary Center Fundazioaren organo gorena da, eta Euskal  Autonomia Erkidegoko sukaldaririk ospetsuenetako bederatzik osatzen dute, besteak beste hauek: Juan Mari eta Elena Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategui, Andoni Luis Aduriz, Karlos Arguiñano, Elena Atxa, Hilario Arbelaitz eta Diego Guerrero. Besteak beste, honako erakunde hauek ere osatzen dute:  Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Azti-Tecnalia eta Mondragon Unibertsitatea. Patronatuko kide dira, halaber, Eroski, Martiko, Covap, Mahou-San Miguel eta Fagor enpresa liderrak.

Desarrollado por: GureMedia