29 Uztaila 2024
Basque Culinary Centerren ekimen estrategikoa den GOe–Gastronomy Open Ecosystem ekimenaren barruan, Culinary Action!-eko foodtech startup-ei zuzendutako On The Road nazioarteko ekintzailetza-programaren laugarren edizioaren izen-ematea ireki da. Nazioarteko ekintzailetza-programa hori foodtech startup-ei zuzenduta dago, eta 2024ko irailean hasiko da Kopenhage (Danimarka), Rotterdam (Herbeherak), Tokio (Japonia), Bahrain (Bahraingo Erresuma), Londres (Erresuma Batua) eta Boston (Estatu Batuak) hirietan egingo diren lehiaketen bidez, tokian tokiko partnerrekin lankidetzan, hala nola, Danish Startup Group, Dansk Erhverv, Tech BBQ, CIC (Cambridge Innovation Center), Tokyo Food Institute, Tokyo Tatemono, Munduko Turismo Erakundea (OMT) eta University College of London (UCL).
Aurten, “On the Road” ekimenak 360º gastronomiaren eta elikaduraren teknologiaren esparruan kokatuko diren startupak bilatuko ditu, Basque Culinary Center eta Eusko Jaurlaritzak Hazi Fundazioaren bitartez sustatua. Gastronomiaren balio-kateko eragileen eraldaketa sustatzen duten produktu edo zerbitzu proposamenak planteatzen dituzten startupei zuzenduta dago ekimena: sukaldariak, aretoa, gerenteak, ekoizleak, banatzaileak, mahaikideak, etab.
Parte hartu nahi duten startup guztiek Culinary Action!-en (https://culinaryaction.com/ontheroad/) webgunearen bidez aurkeztu ahal izango dute lehiaketa honetan parte hartzeko hautagaitza. Izena emateko epea amaitu ondoren, gutxi gorabehera ekitaldi bakoitza baino hilabete lehenago, Culinary Action!-eko arduradunek eta tokiko partner-ek aurkeztutako startup-ak aztertuko dituzte eta bost finalista hautatuko dituzte tokiko lehiaketak egingo diren hiri bakoitzean. Txapelketan parte hartu ahal izateko, startupek hasierako fasean egon beharko dute, early stage edo “hazian”.
Tokiko lehiaketa-egunetan, startup finalistek beren proiektua aurkeztuko dute aditu eta laguntzaile talde baten aurrean, eta horien artean inbertitzaileak, mentoreak eta tokiko eragileak egongo dira, “elevator pitch” formatuan, mahai-inguruekin eta keynote speakers-ekin batera. Ondoren, aditu taldeak startup irabazle bat aukeratuko du geldialdi bakoitzean.
Tokiko ekitaldi bakoitzeko startup irabazleek honako saria jasoko dute: BCC Innovation, Basque Culinary Centerreko Gastronomiako zentro teknologikoan, ikerketa eta berrikuntzako proiektuak garatzeko aukera, 20 orduz. Gainera, denbora horretan, startupek Basque Culinary Center eta GOe-ren ekosistemako adituen eta aholkularien sarerako sarbidea izango dute, eta hainbat motatako laguntza jasoko dute, hala nola zentroko inbertitzaileen sarerako sarbidea, network edo tokiko ekosisteman lur hartzeko laguntza.
Tokiko sei finalistak 2025aren hasieran Donostian egingo den final handi batean lehiatuko dira. Herrialde bakoitzeko startup irabazleek elkarren aurka jokatuko dute final horretan, eta “On The Road” ekimenaren laugarren edizioko startup irabazlea aukeratuko da. Startup-en inkubagailuari sei hilabeteko egonaldia emango zaio, eta ikerketa teknologikorako zentro teknologikoari, berriz, 25 orduko txartel gehigarri bat.
Aurreoko edizioak
Tokioko Oissy startupa, adimen artifizialeko teknologian zentratzen dena, hirugarren edizioko irabazle izan zen hautatua. Leo bere zapore sentsorea erabiltzen du, giza gustuaren zentzua erreproduzitzen duena, elikagaien zaporeen analisiak egiteko, datu analitikoetan oinarritutako aholkularitzarako eta gustuari buruzko baterako ikerketetarako. Finalera iritsi ziren Alcheme Bio (New York), Økoskabet (Copenhage), WNWN Foods Lab (Londres) eta Biotango (Buenos Aires).
Txapelketaren bigarren edizioan, Reborn Farms, New Yorkeko startup bat, arraza edo klima ekitateagatik desabantaila ekonomikoak izan dituzten elikadura-sistema hiperlokalak eraikitzera bideratua, izan zen irabazlea. Finalean Origino (Buenos Aires), Mimic Seafood (Kopenhage), O’Taste (Tel Aviv) eta Greenase (Tokio) lehiatu ziren.
Dryk startup daniarrak irabazi zuen lehiaketaren lehen edizioa, osasunarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoagatik eta landare-proteinatik abiatuta edari esnekiak eta begano nutritiboak garatzen egindako lanagatik. Donostiako finalean, MOA foodtech (Madril), Bordery (Biarritz) eta ANINA Culinary Art (Tel Aviv) ere izan ziren.