Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Lau urte hauetan ekonomian izan duen eragina zenbatetsi du Basque Culinary Centerrek

10 Azaroa 2015

  • “Basque Culinary Centerren Eragin Sozioekonomikoari” buruzko lehen txostena aurkeztu dute gaur, lau urteko jardueraren argazkia erakusteko: 2011n abian jarri zenetik aurtengo uztailean lehen egresatuak graduatu arte, hain zuzen
  • Txostenak agerian jarri du Basque Culinary Centerrek lehen lau urteetan ekonomian izan duen eragina, Donostian batez ere, baina baita Gipuzkoan ere, harik eta 2014-2015 ikasturtean erabat hedatu arte
  • Ikerlanak 2014-2015eko ikasturtean BCCk garatutako jarduera hartu du abiapuntutzat, jardunaldiko eta pertsonako gastua kalkulatzeko (ikasleen eta horiek bisitatzen dituzten lagun eta senideen, ikertzaileen, enpresetako langileen eta biltzarkideen egonaldiak) eta urtean ekonomian izandako eragina baloratzeko
  • Aurten bakarrik, BCCren jarduerak 4,7 milioi euroko gastu zuzena eragin du; zeharkako inpaktua 5,5 milioi eurokoa izan da; eragindako gastua (inpaktu zuzenaren eta zeharkakoaren batura gehi eragin biderkatzailea) 15,3 milioi eurokoa; eta BPGari eginiko ekarpena 8,2 milioi eurokoa
  • Basque Culinary Centerren inbertitzen den euro bakoitzeko 1,5 euro itzultzen zaio Donostiako eta Gipuzkoako gizarteari, Administrazioak berreskuratutako diruaren bidez

Nolako eragina izan du Donostian eta Gipuzkoan duela lau urte Basque Culinary Center zabaldu izanak? Galdera horri eta izaera ekonomiko eta soziala duten beste batzuei erantzun nahi die gaur fakultatearen instalazioetan aurkeztutako Basque Culinary Centerren eragin sozioekonomikoari buruzko lehen txostenak. Alde batera utzita balorazio kualitatiboak, Estatuko lehen gastronomia-fakultatea izateak dakarren ospea eta, zalantzarik gabe, nazioarteko erreferentzia izatea, Basque Culinary Centerrek eragin ekonomiko handia izan du Donostian, Gipuzkoan eta Euskadinn. Txostenak zenbakitan erakutsi du eragin hori, hain zuzen Gipuzkoako ekonomiaren adierazle jakin batzuen bidez, hala nola BPGari egindako ekarpena, sorrarazitako enplegua edo gastu zuzena eta zeharkakoa.  

Zenbakiak nahiko adierazgarriak dira. Basque Culinary Centerrek, Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultateak eta elikaduraren eta gastronomiaren alorreko I+G Zentroak osatuak, 45 milioi euro sorrarazi ditu lau urteotan Gipuzkoako produkzio-katean. Horrek esan nahi du ia 24 milioi euroko ekarpena egin diola lurraldeko BPGari. Enpleguaren ikuspegitik aztertuta, datu horiek adierazten dute BCCk 390 lanpostu sorrarazi dituela laurtekoan.

Basque Culinary Centerreko zuzendariak, Joxe Mari Aizegak, “Basque Culinary Centerren eragin sozioekonomikoari” buruzko txostena aurkeztu du gaur, txostena egin duen Ikertalde enpresako Ebaluazio eta Kontsultoretza zuzendari Iñigo Artecherekin batera. Txostenaren helburua, hain zuzen, BCCk azken lau urteotan burutu duen jarduera zenbatestea izan da, batez ere azken ikasturtean. Izan ere, lehen belaunaldiko ikasleak graduatu ondoren, esan daiteke erakundea martxa onean doala, urteko inpaktuaren ikuspegitik.

Gastua pertsonako

Basque Culinary Centerrek eragindako jarduera da ikerlanaren abiapuntua. Alde batetik, irakaskuntza-jarduera dugu, hau da, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako gradua, masterrak eta profesional eta zaleentzako espezializazio-ikastaroak.  Beste aldetik, sukaldaritza sustatzeko antolatutako biltzarrak eta bestelako ekitaldiak. Eta, azkenik, hirugarren bidea I+G+b jarduera da, baita kafetegiko sukaldaritza-zerbitzua ere.

Zentroak 2014-2015 ikasturtean garatutako jarduera soilik aintzat hartuta, honako kopuru hauek ditugu: 200 irakasle eta kanpoko laguntzaile baino gehiago, 2.000 ikasle baino gehiago, 7.000 parte-hartzaile ekitaldietan eta 8.000 bisitari inguru. Bestalde, bai prestakuntzak eta bai gastronomia sustatzeko antolatutako ekitaldiek sorrarazi duten egonaldi kopurua 150.000 ingurukoa izan da.

Hortik abiatuta, ikerlanak kalkulu hauek egin ditu, 2014-2015 ikasturterako: inpaktu zuzena (BCCren berezko jarduerak eragindako gastua, tokiko eta lurraldeko aberastasunerako ekarpena egiten duena); zeharkako inpaktua (ikasle, senide, biltzarkide eta ikertzaileei dagokiena); eta eragindakoa (gastu zuzenaren eta zeharkakoaren batura, gehi lurraldeko ekonomiaren gainean izandako eragin biderkatzailea). Kopuru horietan oinarrituta, beraz, BCCk hemendik aurrera izango duen urteko inpaktua ondorioztatu dute.  

Emaitzen arabera, BCCk 4,7 milioiko inpaktu zuzena, 5,5 milioi euroko zeharkako gastua eta 15,3 milioi euroko produkzioa eragin ditu 2014-2015 ikasturtean ehun ekonomikoan. Kopuru horien arabera, esan daiteke BCCk 8,2 milioi euroko ekarpena egin diola BPGari eta 133 enplegu sorrarazi dituela urtebetean. Jarduera horrek guztiak –BCCk sorrarazitako gastua, produkzioa eta enplegua– 2,4 milioi euroko diru-sarrera publikoak eragin ditu zergei eta gizarte-segurantzari dagozkienez, erakunde-maila guztietan.

Urtebeteko datu horietan oinarrituta, eta jardueraren hazkundea eta bisita kopurua urtero handitu egin dela kontuan hartuta,  Basque Culinary Centerrek lau urteotan izandako eragin sozioekonomikoaren estimazioa egin du txostenak.

Basque Culinary Centerren jarduera 2011-2015 bitartean

-Hala, horrek guztiak eragindako jarduerak 45 milioi euroko produkzio-katea sortu du eta 24 milioi euroko BPGa. Hau da, 390 enpleguren jarduera epealdi osoan.

-Estimatutako inpaktu zuzena, hau da, BCCk bere egituraren bidez tokiko ehunean txertatutako gastua, 16,8 milioi eurokoa izan da.

-Zeharkako inpaktua, hau da, BCCko ikasleek, horien senide, lagun eta EAEtik kanpoko bisitariek, biltzarkideek eta era guztietako ekitaldietara datozenek eragindako gastua, 13,2 milioi eurokoa izan da, batez ere hiriko enpresa-ehunean.

Basque Culinary Centerren produkzio horri esker, Administrazioak 6,7 milioi euro bildu ditu laurtekoan, zerga-bide guztiak eta gizarte-segurantzakoak kontuan hartuta. Beraz, BCCk epealdi horretan 4,4 milioi euroko dirulaguntzak jaso dituela kontuan hartuta, esan daiteke jasotako euro bakoitzeko 1,5 euro itzuli dizkiola Administrazioari.

Gainera, txostenak agerian jartzen du eragin ekonomiko hori hazten ari dela. Fakultatea 2011. urtean abian jarri zenetik (ikasleen lehen belaunaldia matrikulatu zen orduan eta etorkizuna oraindik eraikitzeko zegoen), eragin ekonomikoa handituz joan da urtez urte.

Bestalde, Basque Culinary Centerri buruz komunikabideek emandako proiekzioa ere azpimarratu beharra dago. Hala, Estatuko prentsa idatzian, BCCk 1.000 agerraldi baino gehiago izan zituen 2014-2015 ikasturtean, 1.700 online artikulu baino gehiago eta 11.000 post sare sozialetan. Horien kontrabalio ekonomikoa 7,5 milioi eurokoa da. Beraz, BCCrentzat ez ezik, Donostiarentzat eta Euskal Herriarentzat ere oso kanpaina arrakastatsua izan da, eta Basque Country marka ezagutarazteko eragile laguntzailea ere izan da BCC.

Etorkizuna

Txostenaren arabera, Basque Culinary Centerren funtsezko 10 ezaugarrik ahalbidetu dituzte kopuru horiek. Hona hemen:

1- Aukera-testuinguru batean jaio zen eta horixe izan du euskarri.

2- Fenomeno globala da, 10 herrialdetako profesional handiek osatutako Nazioarteko Aholku Kontseiluak hasiera-hasieratik lagundua.

3- Hazkunde biziko proiektua da.

4- Erakunde aitzindari eta liderra da eremu horretan, Gastronomia Zientzien lehen fakultatea eta proiektu berritzailea baita. Hortaz, pribilegiozko posizioa eta “gastronomiaren Cambridge” izateko aukera du.

5- Nazioarteko lanbide-bikaintasunaren elkargunea da.

8- Proiektu kolektiboa eta elkarlanekoa da.

7- Zeharkako suspertzaile ekonomikoa da. Lurraldeko gastronomiaren katalizatzaile ekonomikoa da, eta horrek eragina du zeharkako jarduera ekonomikoen lehiakortasunean.

8-Erreferentzia da lurraldean: hiriaren izaera-ezaugarria eta herrialde-eragilea.

9-Lankidetza publiko-pribaturako tresna da.

10. Bidearen hasiera da. Lehen laurteko jardueraren ondoren, BCC abiarazteko lehen etapa besterik ez da bete. Epe luzerako bokazio eraldatzailea duen proiektu baten abiapuntua da.

Hala, zifra ekonomikoetatik harago, ikerlanak Basque Culinary Centerren beste inpaktu garrantzitsu batzuk jasotzen ditu, izaera kualitatiboa dutenak. Lehenik, BCCren sorrerako ezaugarriei esker, etorkizunerako eragile aldatzailea izan liteke ikuspegi batzuetatik; adibidez, herrialdearen proiekzioa eta irudia bultzatzeko lehen mailako bitartekoa izan liteke, Nazioarteko Aholku Batzordearen, I+G+b arloaren eta abarren bidez. Bigarrenik, urtero irtengo diren 100 egresatuek enbaxadore gastronomikoen sare bat osatuko dute, eta Basque Culinary Centerren, Donostiaren eta Euskadiren irudia eta ezagutza zabalduko dute. Eta, hirugarrenik, BCC jatetxe-sektorea, turismoa, gastronomia eta nekazaritzako elikagaien industria aldaraziko duen eragile lehiakorra izango da, bai Euskal Herrian, bai Estatuan.

Desarrollado por: GureMedia