Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Center-ek GOe-ren xehetasunak aurkeztu ditu, proiektu estrategiko jasangarria gastronomiaren eta lurraldearen etorkizunerako

14 Iraila 2023

GOe (Gastronomy Open Ecosystem) zientzia eta jakintzan oinarritutako ekosistema ireki gisa sortu da, eta gastronomiaren eta elikaduraren etorkizuneko erronka handiei erantzutera eta horiek betetzera bideratuko da, Donostian propio altxaturiko eraikin batean. Basque Culinary Centerren proiektu estrategikoetako bat da GOe, eta, hari esker, lurraldea gastronomiaren alorreko erreferentzia gisa sendotzen jarraituko da.

 

Gaur GOeren edukia eta jarduera aurkezteko egindako ekitaldian, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak gogorarazi du erronka handia izan zela BCC bera martxan ipintzea, eta bidean lortutakoak nabarmendu ditu. Ildo horretan, adierazi du BCCk 32.623.721 €-ko inpaktu ekonomikoa izan duela, eta, 2011tik 2023ra bitartean, 41.300.000 €-ko diru-sarrera publikoak ahalbidetu dituela; hau da, funts publikoetatik inbertitutako euro bakoitzak 2,8 € sortu dituela. Erakundeak, beraz, ekarpen sendoa egiten du ekonomiaren eta posizionamenduaren aldetik. Emaitza horiek ikusirik eta berritzen jarraitu beharrak eraginda sortuko da GOe, eta haren helburua izango da Donostiak gastronomiaren alorreko erreferentzia gisa duen pisua sendotzea mundu zabalean. Hain zuzen ere, bi urte baino gehiago daramate proiektu hori lantzen Basque Culinary Centerreko lantaldeak eta beste zenbait eragilek.

 

GOe Donostiako Gros auzoan eraikiko da. Donostiako Udalak dagoeneko onetsi du aldi baterako lagatzea eraikin berria altxatzeko lurzatia, eta, zehazki, 75 urterako aurreikusi du lagapena. Epe horren ondoren, Udalari itzuliko zaizkio partzela eta eraikina. Denbora-tarte horretan, Basque Culinary Centerrek ezin izango du inolako eragiketa juridikorik egin lurzatiarekin, adostutako helbururako bakarrik erabili ahalko baitu. Lagatako lurzatiak 3.800 m² hartzen ditu, eta berrantolaturiko 24.250 m²-ko hirigintza-azpieremu baten barruan dago. Lantaldeak ia bi urtez izapidetu du GOe sortzeko proiektua. Aldi horretan, 22 txosten tekniko kudeatu ditu Donostiako Udaleko, Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako departamentuetan, eta zorrotz bete ditu baldintza administratibo eta tekniko guztiak.

 

Proiektuaren hasieratik, oso kontuan izan dira tokia bera eta hari loturiko inguruabarrak. Eraikina altxatzeko ideia-lehiaketan, funtsezko elementuak izan dira eraikinaren jasangarritasuna eta aztarna berdea errespetatzea. Hori horrela, Bjarke Ingels arkitektoaren BIG estudioaren proiektu irabazlea, jasangarritasunaren eta lursailera egokitzearen adibide garbia da, eta inguruaren gaur egungo gizarte- eta aisia-erabilera guztiei eusten die. Proiektuak bermatzen du eraikin berriaren aztarna berdea egungoaren ia baliokidea izango dela.

 

GOe: edukia eta jarduera

 

Asier Alea Basque Culinary Centerreko garapen globaleko zuzendariak hitzaldian nabarmendu duenez, berrikuntza bultzatzeko eta sustatzeko gune espezializatu berrien premiak sortua da GOe. Espaziook giro aproposa sortu behar dute askotariko eragileak elkartzeko, guztien artean eta lankidetzan garatzeko ikerketa eta berrikuntza aurreratua. Ekintzaileak, ikertzaileak, enpresak, ikasleak eta herritarrak izango dira GOeko «biztanle» nagusiak, eta bizikidetza horretatik aterako dira etorkizuneko gastronomiari erantzungo dioten teknologiak. Gaur egun, elikadurak eragiten du gure karbono-aztarnaren % 20, eta horixe da klima-aldaketarekin lotutako erronka handienetako bat. Eta esparru horretan, ez dago zentzumenen eta ikerketaren alorreko berrikuntza-zentrorik.

 

Begoña Rodríguez BCC Innovation zentroko zuzendariak «berrikuntza irekia» eta «herritarren zientzia» nabarmendu ditu bere hitzaldian —Basque Culinary Centerren Gastronomiako Zentro Teknologikoa da BBC Innovation—. Rodríguezek adierazi duenez, berrikuntzaren paradigma aldatu egin da gaur egun, eta herritarren parte-hartze aktiboa eskatzen du. Pertsonekiko hurbiltasunak proiektuotan modu aktiboagoan eta naturalagoan parte hartzea erraztuko du, eta parte-hartzaileak berak izango dira onuradun nagusiak. Rodríguezen esanean, askotariko alorrak jorratuko dituzte proiektu horiek, hala nola osasuna, jasangarritasuna, digitalizazioa, zentzumenak eta produktu berriak.

 

GOe 2030 agertokia - Jarduera-adierazleen proiekzioa

●       Aliantzak nazioarteko enpresa liderrekin, elikaduraren erronka handiekin lotuta: 10

●       Kanpoko enpresen, ekintzaileen eta ikertzaileen kopurua: 170

●       Sortutako edo inkubatutako startup-kopurua: 30

●       Azeleratutako startup-kopurua: 150

●       Master berriak: 7

●       Profesionaletara bideratutako trebakuntza (ikastaroak, tailerrak...): 15

●       Graduondoko ikasle-kopurua: 300 (%60a nazioarteko jatorria)

●       Martxan diren tesiak (2030ean): 30

●       Defendatutako tesi-kopurua (metatua): 10

●       Irakasle-kopurua: 60

●       Berrikuntza- eta ikerketa-proiektuak: 800 proiektu baino gehiago (% 30 nazioartekoak)

●       Argitalpen zientifikoak: 50 artikulu baino gehiago

●       Patenteak: 10

●       Sorturiko spin off berriak: 15

●       Herritarrekin batera sortzeko eta probatzeko ekimenak (Living Lab): 25

 

 Paisajismo-proiektua

 

Lur Paisajistak enpresako Iñigo Segurolak garatu du GOeren paisajismo-proiektua egungo aztarna berdea mantentzeko. Horretarako landarediaren inbentarioa egin da, aztarna hori 
gordeko duen proiektua planteatzeko.

 

Egindako txosten teknikoan 15 zuhaitz ageri dira identifikatuta, eta horietatik % 80 birlandatzea aurreikusten da. Era berean, 73 zuhaixka ageri dira, ez guztiak kontserbazio-egoera berean —badira hazteko bideragarritasunik ez dutenak ere—. Horregatik, Donostiako Udalarekin batera definituko da non birlandatuko diren zehatz-mehatz zuhaitzok, betiere eremu mugakideak lehenetsita. Horretaz gainera, eremu libreak inguruko egoera errespetatzen duten zuhaitz-motaz janztea aurreikusten du proiektuak, eta horrek indartu egiten du jasangarritasunarekiko konpromisoa.

 

Aizegak adierazi duenez, bi dira GOe garatzeko hurrengo mugarriak, eraikuntzari dagokionez: batetik, urriaren erdialdean, obrak lizitatzea, eta, bestetik, azaroaren erdialdean, lanak  hastea. GOe eraikitzearekin lotutako alderdien berri emateko, informazio-bilera ireki bat egingo da eraikuntza-prozesua hizpide hartuta, eta, gainera, informazio-bulego iraunkor bat gaituko da, herritarrek egitasmoaren gaineko kontsultak egin ditzaten. GOe eraikitzeko lanak 2025eko apiril amaiera inguruan amaituko dira, eta orduan hasiko da zentroko jarduera.

 

Aldi berean, proiektuaren edukia, aliantzak eta talentu ikertzailea, berritzailea eta ekintzailea erakartzeko programak lantzen ari dira. Urritik aurrera, herritarrek parte hartzeko 
hainbat jardunaldi egingo dira, interesa duten gaiak zehazteko, eta eraikinean eta proiektu eta jardueretan parte hartu ahal izango dute.

Desarrollado por: GureMedia