Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

12 autonomia erkidegotatik etorritako 100 ardogile baino gehiago bildu dira EDA Drinks & Wine Campusen Ardoaren Talentu Gazteen IV. Topaketan

04 Uztaila 2025

EDA Drinks & Wine Campus-ek bultzatutako Ardoaren Talentu Gazteen Bastidako Topaketa erreferentziazko hitzordua bihurtu da ardogintzaren belaunaldi berria ikusarazteko, konektatzeko eta indartzeko. Aurten, Bastidan, ardo-eskualde desberdinetako 40 urtetik beherako ehun bat ardogile elkartu dira, ardogintzarekiko konpromisoa, berrikuntza eta grina oinarri hartuta. Parte-hartzaileek, denak ere prestakuntza handikoak eta nor bere lurraldearekiko lotura handia dutenak, jardunaldi ederra osatu dute, eta ideiak trukatzeko, taldean gogoeta egiteko eta komunitatea eraikitzeko baliatu dute.

Hiru mahai-inguru egin dira, eta sektorearen hiru ildo nagusi landu dira haietan: merkaturatzea, enoturismoa eta mahastizaintza. Guztira, 12 hizlari aritu dira beren esperientziei, erronkei eta etorkizuneko proposamenei buruz hizketan. Lehen mahai-inguruan, “El negocio del vino y cómo saber venderlo” (“Ardoaren negozioa eta nola jakin saltzen”) izenekoan, Yolanda Ortiz de Arri kazetaria aritu da moderatzaile-lanetan. Besteak beste, Mireia Pujol Busquets-ek hartu du parte (Alta Alella), eta hau adierazi du: “Bikaina izatea garrantzitsua da, baina ez nahikoa. Garrantzitsua da gure indarguneak eta balioak ezagutzea, izan ere, horiek lagundu digute gure ardoak merkatuan kokatzen; baita taldeak horiekin identifikatzea ere garrantzitsua da”. Grupo La Rioja Altako Guillermo de Aranzabal Bittner-ek, berriz, beste honetan jarri du azpimarra: “Bolumena ere garrantzitsua da, baina komunikazioaren aldetik guztiaz gain, garrantzitsuenetako beste puntu bat banaketa zaintzea, kanal eta salmenta puntu berriak irekiz”. Amaia Arguiñanok, K5 gipuzkoar bodegakoak, nabarmendu duenez, “sare sozialak ere tresna oso garrantzitsuak dira kontuan hartu behar direnak; ondo zaindu behar dira eta unean bertan komunikatzen joan behar dugu komunikazio-ibilgailu oso garrantzitsua baita”. Dominio del Challao-ko Manu Michelinik ere parte hartu du elkarrizketa horretan, eta ikuspegi hau eman du: “Niretzat garrantzitsua zen munduan egiten ari zirenari buruz ikastea, eta hala egin nuen gure lurraldean zer falta zen ikusteko, berrinterpretatzeko eta zerbait desberdina abiarazteko.”

Bigarren mahai-inguruan, “Enoturismo y desarrollo sostenible” (“Enoturismoa eta garapen jasangarria”) izenekoan, Basque Culinary Center-eko irakasle bat, Lorea Mendizabal, aritu da moderatzaile-lanetan. Maria de La Recueja proiektuaren sortzaile Maria Garciak hau nabarmendu du: “Ez dut bestelako enoturismorik imajinatzen; niretzat garrantzitsuena da jasotzen ditugun turistek, nolabait, gure familiaren parte bihurtzea”. Viñatigoko Jorge Méndez-ek, berriz, hau adierazi du, gai horrekin lotuta: “Kanarietan, turismoa gure paisaiaren parte da. Ez genuen enoturismoan bakarrik aritzeko norbait kontratatzeko adinako ekonomiarik, baina duela bi urtetik hona horretan bakarrik aritzen den pertsona bat dugu lantaldean.”. Abadía da Covako Paloma Rodríguez Mourek ere egin du bere ekarpena: “Beste alor batzuetan egiten ditugun inbertsioei bultzada ematea da, adibidez, nekazaritza heroiko bat garatzeari dagokionez”. Oller del Mas-eko Víctor Janer-ek, berriz, hau adierazi du: “Garai batean, enoturismoa, ardoari buruz zenbat zekien erakustera bideratuta egon zen; orain, beste ikuspegi batetik konfiguratzen da”.

Hirugarren eta azken mahai-inguruko gaiak eztabaida eragin du: “¿Qué es ser un buen viticultor?” (“Zer da mahastizain ona izatea?”). Jose Ignacio Junguitu preskriptoreak moderatu du. Gemma Miró (Gemma Miró proiektukoa) izan da hitza hartzen lehena, eta bere ekarpena egin nahi izan du “errespetutik lan egiten dut mahastietan, eta horrek du zentzurik handiena nire ardoak egiteko moduarekin ere”. Cupaniko Miguel Eguíluz-ek adierazi duenez, berriz, “mahastizain ona izan ahal izateko, egunerokotasunean mahastian egotea da auzi garrantzitsuenetako bat”. Vinos de Belliteko Annabelle Borrak gehitu duenez, berarentzat funtsezkoa izan da “prestakuntza, benetan mahastizaintzan adituak diren pertsonekin eskuz esku ikasteko aukera izatea”. Eta, azkenik, El Serbal-eko Adrián Alonsok hau ziurtatu du: “Teknologiak informazio asko ematen du, baina badira aurreikiezinak diren gaiak ere, adibidez, klima-baldintza jakin batzuk”. Hitzaldien ondoren, ekoizle gazteek berek egindako ardoak dastatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek, giro lasaian, belaunaldien, lurraldeen eta proiektuen arteko lotura eta elkarrizketa ahalbidetu dituen giro batean.

Jardunaldia, halaber, Noemí Aguirre Nekazaritzako foru-diputatuaren parte-hartze instituzionalarekin izan da, eta hark nabarmendu nahi izan duenez, “gaur tradizioa eta lurra berrikuntzarekin eta sortzeko gogoarekin elkartzen dira. Lurralde honetan belaunaldi askok mahastia landatu dute, baina baita ahaleginaren kultura ere. Plazer bat da hain talentu ugari batuta ikustea egun honetan”. Raúl Pérez Iratxeta, Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen esanetan, “ekintzailetasun jarrera aukera identifikatzeko gaitasunean islatzen da besteek oztopoak ikusten dituzten lekuetan, neurtutako arriskuak hartzeko ausardian, lankidetza bidez lideratzeko borondatean, eta balio ekonomiko, sozial, kultural eta lurraldekoa sortzeko desiratan”. Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez: “Zuek, ardoa egiten duzuen pertsonak, garrantzitsuak zarete. Topaketa honek erakutsi nahi du belaunaldi berri hau eta zuek idazten ari zareten narrazio berria bultzatu behar dela. Ardoaren inguruko pertsonak balioan jartzeko unea da”. Elisa Ucarrek, EDA Drinks & Wine Campus-eko zuzendariak, Ardoaren Gazte Talentuen topaketa honen bidez sortutako komunitatean jarri nahi izan du arreta. “Ilusioa eta pasioa dira bai EDA Drinks & Wine Campus proiektuaren, bai horren parte diren pertsonen oinarri sendoak”, adieraziz. 

Laugarren edizio honekin, EDA Drinks & Wine Campus-ek berretsi du zeregin garrantzitsua duela, batetik, ardoaren sektorean gazteen talentua bultzatzeko plataforma gisa, eta, bestetik, ardogintzaren etorkizuna eraikitzeko oinarri gisa jasangarritasuna, berrikuntza eta lurraldearekiko lotura bultzatzen dituen profesional-sarea sustatzen.

Topaketako argazkiak hurrengo estekan daude eskuragarri.

 

Desarrollado por: GureMedia