12 Abendua 2023
Abenduak 12an, asteartea, “Mantala: elkartzen gaituena” ekitaldia egin du Mantalak. Euskadiko gastronomia-sektorea elkartu du, Mantalan parte hartzen duen Euskadiko gastronomia-komunitatearen grinari, ahaleginari eta komunitateari esker 2023an lortutakoen berri emateko eta gogoetak eta 2024rako jarduera-lerroak azaltzeko.
Hesiak gainditzeko eta partekatutako esperientzien bidez pertsonak konektatzeko duen gaitasunari esker elkartzen gaitu euskal gastronomiak. Bere sustrai, osagai eta teknika tradizional eta berritzaileengatik da ezaguna, baita bere garapena sustatu duten pertsonengatik ere. Mahai baten inguruan, zaporeen aniztasuna eta euskaldunek elikagaietan jartzen duten grina senti daiteke. Izan ere, nortasun kulturala eta soziala goraipatzen ditu euskal gastronomiak.
Mantala Basque Gastronomy 2020an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren sustapenarekin, eremu berriak arakatzeko eta bikaintasunetik abiatuta euskal gastronomia sustatzeko, hala etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Adibide gisa, ekitaldi hau antolatu da, sinergiak sortzen eta euskal sektore gastronomikoaren barnean lorpenak partekatzen eta loturak sendotzen jarraitzeko asmoz. Basque Culinary Centerrek eta Hazik bultzatuta, Mantala eragile-sare batek osatzen du; kide dira, besteak beste, Mahaia Kolektiboa, Gozoa, Jakitea, Euskal Gastronomia Akademia, Fecoga, Euro-Toques eta Bisubi Fundazioa. Haiekin batera, zenbait proiektu eta ekimen jarri dira martxan.
Besteak beste, nabarmentzekoak dira lurraldeko eta sektoreko kultura gastronomikoarekiko konpromisoa erakusten duten ekimen hauek: 2022an eta 2023an Gipuzkoan eta Bizkaian egindako Euskal Gastronomiaren Topaketak, non 300 pertsona baino gehiago bildu baitziren sektorea sendotzeko, euskal sektore gastronomikoa osatzen duten profesionalen arteko elkarrizketaren gakoei buruz hausnartzeko eta etorkizuneko gako gako nagusiak detektatzeko; Gastro Gaztearen ekitaldi gastronomikoak, Basque Culinary Centerren ekimen bat, talentu gaztea, tokiko produktuak eta jasangarritasuna bultzatzeko; EHUrekin batera antolatutako udako ikastaroak; askotariko kongresu profesionaletan eta sinposiotan parte hartzea eta euskal aberastasun gastronomikoa hedatzea lurraldeko kulturaren eta gastronomiaren dinamizaziorako proiektuetan, mundu mailako esperientzia gastronomikoen bitartez, hala nola Mahaia Kolektiboak Turismo Gastronomikoko Munduko Foroan parte hartu izana, Gastro Gazteak Basque Culinary World Prizen, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak antolatutako afari solidario eta jasangarriak. Horrez gainera, Iparraldeko sukaldariekin batzeko topagune bat egin zen Larrunen.
Laburbilduz, erakunde dinamikoa da Mantala, eta euskal gastronomiaren erronkak planteatu eta eztabaidatzen ditu eta erantzunak bilatzen ditu gastronomiaren ikerketan, zabalkundean eta lankidetzan oinarritutako proiektu eta ekimenen bitartez. Erantzun kolektibo eta indibidualak bultzatzen dira, euskal gastronomiaren balio identitario nagusiak erakutsiz sinergia berriak sortzera bideratutako topaguneen bidez, betiere etorkizuneko ikuspegiarekin.
2024ra begira, Mantalak hiru jarduera-ildo estrategiko iragarri ditu. Lehenik eta behin, Euskadiko sukaldaritza-ondarea zaindu eta datatzea; bigarrenik, proiektu estrategikoak aktibatzea sektorearekin, garapen jasangarria bultzatzeko; eta, azkenik, euskal gastronomiaren erronka sozialak lantzea. Horretarako, sukaldaritza-identitatea indartuko duten proiektuak landuko dira, tokiko produktuei buruzko kontzientzia zabalduko da, eta balio kulturalak ikuspegi garaikide batetik zainduko dira.
Proiektu zehatz gisa, Mantala-Sarea aurkeztu da, Euskadiko mentore profesionalen lehenengo sare kolaboratiboa. Helburua da gazteei laguntzea gastronomiari lotutako proiektuak garatzen eta sortzen gidatuz. Sukaldaritzako abentura bat hasi nahi duten ekintzaileei borondatez aholku emango dieten sektoreko profesionalek osatutako plataforma bat da. Jasangarritasuna, etorkizuna, ikusgaitasuna eta etorkizuneko proiektuak bultzatzea dira sukaldaritza-panorama indartsu bat sortzeko ardatzak. Mantalaren ustez, Euskadin gastronomia modu jasangarrian garatzeko, komunitate kohesionatu eta bateratu bat sortu behar da, eta etorkizuneko profesionalek trebakuntza jaso behar dute. Horretarako, ezinbestekoa da gastronomiako eragile nagusien eta haien lekukoa jasoko dutenen arteko lankidetza.
Emakumeek euskal gastronomian egin duten lan gogorra erakusten duen liburu bat ere argitaratuko da: gastronomia aldatu duten Euskadiko 500 emakumetik gora identifikatu eta ikusgai jarriko dira liburu horretan. Begirada historikoa eta gaur egungoa bateratzen dira Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko emakumezko gastronomoen historiak, dagoeneko hil direnenak eta gaur egun lanean jarraitzen dutenenak, jasotzen dituen argitalpen horretan. Funtsezko emakumeak dira, eta batzuetan ia ez dago haiei buruzko aipamen biografiko edo testigantzarik.
Ekitaldiari amaiera bikaina emateko, Xabier Zeberio musikariaren, Jon Maia idazle eta abeslariaren, Maddalen Arzallus bertsolariaren eta Garazi Egiguren dantzariaren emanaldiak izan dira, eta gonbidatuek tradizioa eta etorkizuna bateratuko dituen koktela dastatzeko aukera izan dute; koktel horretan, gure elikagai esanguratsuenetako bat izan da protagonista: taloa. Ekotaloren produktuarekin batera, ekimeneko kide diren Gastro Gaztea Julen Baz (Garena), Javi Rivero eta Gorka Rico (AMA), Rebeca Barainka (Galerna) eta Armintz Gorrotxategi (Rafa Gorrotxategi) sukaldarien gutiziak izango dituzte eskura.
Ekitaldira lurraldeko sektore gastronomikoko 200 profesionaletik gertu bertaratu dira. Gastronomiako balio-kateko askotariko parte-hartzaileak (besteak beste, chefak, ekoizleak, ekintzaileak, industria gastronomikoko enpresak eta erakundeak) bildu dira jardunaldi paregabe horretan, eta euskal gastronomiari buruzko ezagutzak eta ikuspuntuak partekatu dituzte. Ekitaldian parte hartu dute, erakundeetako ordezkariek (besteak beste, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria), Mantala osatzen duten erakunde batzuetako ordezkariek (adibidez, Xabier Zabaleta —Jakitea—, Javi Rivero —Mahaia—, Juan Manuel Garmendia —Fecoga—, Amaia Arguiñano —Gastro Gaztea—, Diego Valdivielso —Bisubi—, M. Mar Churruca —Euskal Gastronomia Akademia—, Mayre Modrego —Euro-Toques—, Iñigo Sarobe —Gozoa— eta Imanol Zubelzu —Mantala—) eta euskal kulturako artista garrantzitsuek (hala nola Jon Maia idazle eta abeslaria, Xabier Zeberio musikaria eta Maddalen Arzallus bertsolaria, zeinak ekitaldia gidatu baitu).
Basque Culinary Centerrek, Hazi Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatzen dute "Mantala: elkartzen gaituena" ekitaldia, eta laguntzaile izan dira Mahaia Kolektiboa, Gozoa, Euskal Gastronomia Akademia, Fecoga, Jakitea, Euro-Toques, Bisubi Fundazioa eta baita Gstro Gaztea ekimena. Insalus izan da babeslea.