05 Apirila 2016
Basque Culinary Center berriro ere aitzindaria izango da gastronomia-alorreko trebakuntzan. Zehazki, Turismo Gastronomiako lehen masterra jarriko du abian aurtengo urrian bertan. Basque Culinary Centerrek sektore horri lotuta emango duen lehen titulua da, eta trebakuntzako, espezializazioko, ikerketako eta berrikuntzako proiektu parerik gabea izango da gastronomia-, ostalaritza- eta elikadura-alorraren garapenera bideratuta, nazioarteko bokazio argiarekin.
Masterrak Eusko Jaurlaritza-Basquetourren babesa jaso du eta, bertan, ikasleek enpresa eta helmuga turistikoen lehiakortasuna hobetzeko behar diren ezagutza, trebezia eta baliabideak eskuratuko dituzte. Halatan, aditu bihurtuko dira turismo gastronomikoaren alorreko helmugak eta enpresak planifikatu eta kudeatzen, eta ikuspegi kultural eta multidimentsionaletik ulertuko dute gastronomia. Orobat, produktu eta esperientzia enogastronomiko sortzaile eta berritzaileak diseinatzeaz gain, alor horretako turismoaren berezitasunak eta bertan parte hartzen duten eragileen eginkizuna ulertuko dituzte; instituzioetatik hasi eta balio-katean parte hartzen duten enpresa-sektoreetaraino.
Azkenik, turismo gastronomikoari lotutako planak eta “marketina” diseinatu eta ezartzen ikasiko dute, merkatuen ikerketan, ezagutzan eta segmentazioan oinarrituta, etengabe goraka doan turismo-eskaria erakarri eta asebetetzeko estrategiak eta jarduerak prestatuz helmuga eta enpresa turistikoentzat.
Masterra unibertsitateko gradudunei, diplomadunei eta lizentziadunei zuzenduta dago, turismoari, ekonomiari, zuzendaritzari, enpresa-kudeaketari, geografiari, kazetaritzari, komunikazioari, gastronomiari eta abarrei lotutako titulazioak lehenetsita. Alabaina, masterrak baditu beste hartzaile potentzial asko: batez ere sektore turistikoko edo gastronomikoko profesionalak (instituzio eta organismoetako turismo-teknikariak), turismo-alorreko enpresariak, produktu turistikoen gerenteak eta kontseilu arautzaileetako gerenteak, besteak beste.