Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

«Lucíaren dantza», Basque Culinary Centerreko ikasle eta irakasleek Lucía Lacarra dantzariaren omenez egindako postrea

16 Maiatza 2023

Basque Culinary Centerrek, dantzaren artea eta gastronomia uztartuz, «Lucíaren dantza» postrea aurkezten du: Jatetxeetako Gozogintzako eta Sukaldaritza Gozoko Masterreko ikasle-talde batek eta Basque Culinary Centerreko sukaldari irakasleek sortu dute azkenburuko hau, Lucía Lacarra dantzari zumaiar ezaguna inspiraziotzat hartuz. 

Lucía Lacarrak dioenez, dantzaren eta gastronomiaren balioetako batzuk berberak dira, elkarrekin zerikusirik ez dutela badirudi ere: «diziplina, dedikazio eta grina handia eskatzen duten arteak eta lanbideak dira biak. Ohore bat izan da niretzat Basque Culinary Centerrek ni inspiraziotzat hartuz postre bat sortzea eta niri dedikatu nahi izatea. Esperientzia zoragarria izan da etorkizuneko sukaldariak ezagutu, haiekin hitz egin eta haientzat dantzan egitea, haientzat inspirazio izaten saiatzeko eta ni pertsona eta dantzari gisa nor naizen ulertarazteko».

Bestalde, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, «erronka hau bi diziplinek bat egitearen emaitza da.  Anna Pavlova dantzari errusiarraren izena duen Pavlova tarta ezagunaren bideari eta bilakaerari jarraituz, gurera ekarri nahi izan dugu, eta  postre berezi bat aurkeztu dugu, Basque Culinary Centerrek eta Lucía Lacarrak dituzten balio horiek goraipatzen dituena: bikaintasuna lortzeko xedea, grina, berrikuntza eta sormena.»

Basque Culinary Centerreko Jatetxeetako Gozogintzako eta Sukaldaritza Gozoko Masterraren barruan sortutako sormen-erronka baten emaitza izan da «Lucíaren dantza» postrea. Luis Arrufat Master eta Ikastaroetako Saileko sukaldari irakasle eta koordinatzailearen arabera, «Lucia Lacarraren postrearen ideia eratzen parte hartzea, ikasleei erronka egitea, aukera desberdinak dastatu eta onena aukeratzea, nire ibilbide profesionalean Basque Culinary Centerren gertatu zaidan gauzarik politenetako bat izan da.» Asmoa “Lucíaren dantza” postrea aurkeztea da, mundu osoko jatetxeetako menuetan txertatuko den gozo bat izan dadin. Gainera, postre hau Basque Culinary Centerreko gune gastronomikoetakoren batean dastatu ahal izango da laster.

Lucia Lacarrak berezko dituen sentsibilitatea, diziplina, pasioa, dotorezia eta dedikazioa transmititzeko, Fordlandia ikuskizuneko dantza-pieza bat eskaini zien Lucíak ikasleei Victoria Eugenia Antzokian, Matthew Golding dantzariarekin batera. Une hunkigarria izan zen, eta erronkari heldu eta proposamenak sortzen hasteko inspirazio eta abiapuntu. Donostia Kulturaren laguntzari esker, esperientzia berdingabe bat bizi izan zuten.

Postrea sortzen eta eratzen hiru aste eman ondoren, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak, Lucía Lacarra dantzariak, Master eta Ikastaroetako sukaldari irakasle eta koordinatzaile Luis Arrufatek eta Basque Culinary Centerreko irakasle eta sukaldari Cristina Lirolak osatutako epaimahaiak postre irabazlea aukeratu zuten:  «Lucíaren dantza». Cristinaren arabera, “erronka paregabea eta liluragarria izan da. Kolaborazio honi esker, eta sormenaren eta pastelgintzako tekniken bidez, edertasuna eta dantzaren diziplina lotzeko modua aztertu ahal izan dugu”.

Isabel Zapardiezen jantzi bat eta Casa Munoako bitxiak soinean zituela, Luciak bera gehien irudikatzen zuen postrea zein zen iragarri zuen: «Postrearekin oso identifikatuta sentitzen naiz, bere fintasunagatik eta indarragatik. Eta, batez ere, dituen testura eta geruza desberdinengatik, nik ere artista gisa bai baititut, eta nire bereizgarriak dira. Ikasleek asmatu dute postre zoragarri honen bidez Lucía Lacarra nor den adierazten.»

Postrea txokolatezko apaingarri batez osatuta dago, zeinak dantzari baten mugimendua irudikatzen baitu sagar-konpotaz betetako sagar berdezko mousse baten gainean; hala, Lucíaren jaioterri den Zumaiko fruta nagusia ordezkatu nahi izan da, sagarra. Bi konposizio horiek lila koloreko belus-itxurako efektuarekin amaitu ziren, Lucia Lacarraren kolore gogokoena baita.

Moussearen inguruan, postreak honako hauek ditu: masusta- eta mugurdi-sorbetea; Genoako bizkotxoa eta pistatxo-crumblea; masusta-krema; txokolate zuri, lima eta albakazko ganaxea; sagar berdezko jela eta mugurdi freskoak. 

Erronkaren irabazleak María Nieves Pivaral, Elena Castro, Andrea Verónica Vieira eta María Ortega izan dira, eta, haien hitzetan, «postre honek, “Lucíaren dantza"k, Lucía eta haren ibilbidea omentzen ditu, bai eta guri eta dantzan ikusi duten milaka pertsonei oparitu eta transmititu dizkigun inspirazio, amets eta emozio horiek guztiak ere».

Postrearen sortzaileak

Basque Culinary Centerreko Jatetxeetako Gozogintzako eta Sukaldaritza Gozoko Masterreko ikasle hauek izan dira «Lucíaren dantza» postrearen sortzaileak: María Nieves Pivaral Donis, Elena Castro Pesquera, Andrea Verónica Vieira da Silva eta María Ortega Gutiérrez.

Lucía Lacarraren bideoa hemen aurki dezakezu: https://www.youtube.com/watch?v=tWxrrEvtHKU

Deskargatu 'Luciaren Dantza'-ren errezeta hurrengo estekan: https://bit.ly/45fZpQr

Desarrollado por: GureMedia