Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan


Nabigazio-menura joan

Juan Mari Arzak Basque Culinary Centerreko ohorezko patrono izendatu dute

27 Iraila 2022

Juan Mari Arzak Basque Culinary Centerreko ohorezko patrono izendatu dute “Euskal Gastronomiaren Topaketa”n. Donostiako sukaldariak omenaldi hunkigarria jaso du Basque Culinary Centerren egindako ekarpena eskertzeko. Hala, patronatuak Juan Mari Arzakek erakundearen sorreran izan zuen funtsezko papera aitortu nahi izan du eta ohorezko patrono izendatu du.

Juan Mari Arzak Basque Culinary Center sustatu zuen taldeko kide izan zen. Gastronomia 360º izeneko ikuspegiarekin, gastronomia balio-katetzat hartzen duen ikuspegiarekin, Basque Culinary Center erreferentziazko zentro bilakatu da. Egun, Gastronomia Zientzien Fakultateak gradu bat, 10 master, doktorego-programa bat, profesionalentzako ikastaro ugari eta espezializazio-ikastaroak ditu. Basque Culinary Centerren 40 nazionalitate arteko ikasleak biltzen dira. Horrez gain, BCC Innovation Gastronomian espezializatutako zentro teknologikoa sortu da. Basque Culinary Centerrek munduan bakarra den ekosistema gastronomikoa eraiki du. Arzaken eta gainerako patronoen ekarpenik gabe ezinezkoa izango zen lorpen hori. 

Agintarien hitz-hartzearen ondoren, 40 ikaslek baino gehiagok babestu dute donostiar chefa agertokian, eta ohorezko patrono gisa akreditatzen duen oroigarria eman diote. Sinbolismoz betetako une horretan, sukaldari berriek eskerrak eman nahi izan dizkiote Arzaki bere ondarea partekatzeko izan duen inplikazio eta eskuzabaltasunagatik.  Bigarren aldia da norbaitek izendapen hori jasotzen duela —2012ean Luis Irizar izendatu zuten ohorezko patrono—, baina lehen aldia da patrono sortzaile batek horrelako izendapena jasotzen duela. Omenaldian patrono hauek izan dira Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak, Martin Berasategui, Diego Guerrero eta Pedro Subijana; Fagor, Eroski, Martiko eta Aztiko ordezkariak ere bertan izan dira.

Ekitaldia Gastronomia Zientzien Fakultateko auditoriumean izan da, eta hauek parte hartu dute: Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerren zuzendari nagusia; Vicente Atxa, Patronatuko lehendakaria; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua; eta Guille Viglione, Dimensión-eko presidente eta zuzendari sortzaile exekutiboa. 

Mikel Urdangarinek amaiera bikaina eman dio ekitaldiari, emanaldi hunkigarri batekin.

 

Desarrollado por: GureMedia