Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Hilario lagun artean Komunitate gastronomikoak eta Basque Culinary Centerrek omenaldia egin diote Hilario Arbelaitzi

07 Martxoa 2023

Hilario Arbelaitzek aintzatespen bat jaso du Zuberoako sukaldean egindako ibilbideagatik, Euskadiko komunitate gastronomikoak eta Basque Culinary Centerrek eskainitako omenaldi hunkigarri batean.

Hilario Arbelaitzek eta familiak, gastronomian 52 urteko ibilbidea egin eta gero, behin betiko esan diote agur Zuberoa jatetxeko sukaldeari (Oiartzun), eta aztarna ezabaezina utzi dute lurraldeko sukaldaritzaren historian. Hori dela eta, ibilbide horretan inguruan izan dituen lagunak eta lankideak elkartu ditu Basque Culinary Centerrek, haren lorpen aipagarrienak gogoratzeko.

Euskal sektore gastronomikoko 250 kide baino gehiago bildu dira, Hilariori lagun egiteko ekitaldi batean: sukaldariak, produktoreak, ekintzaileak, industria gastronomikoa, komunikabideetako ordezkariak eta erakundeak.

Hilariok Basque Culinary Centerreko patronatua osatzen duten zenbait sukaldari izan ditu alboan, hala nola Pedro Subijana, Eneko Atxa, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz, Diego Guerrero eta Elena Arzak, baita haien dizipuluak, Mahaia Kolektiboko kideak (besteak beste, Gorka Txapartegi, Dani López, Roberto Ruiz eta Aizpea Oihaneder) eta Basque Culinary Centerreko ikasleak ere. Ekitaldian, Zuberoarekin eta Hilario Arbelaitzekin lotutako pasadizoak eta bizipenak nabarmendu dira.

Oroigarri gisa, lurraldea metaforikoki adierazten duten bi sinbolo eman zaizkio: Ramon Rotetaren eskultura bat eta Basque Culinary Centerreko ikasleek sinatutako jakatxo bat.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko Zuzendariak aitortu duen moduan, “Hilario Arbelaitz, Basque Culinary Centerren historian funtsezko pieza izateaz gain, euskal gastronomiaren erreferentzia ere bada, sukaldari gisa jakin baitu tradizioa, produktuak, zaporeak eta teknikak errespetatzen eta haiei eboluzionarazten, lurraldeko sukaldaritza tradizionalarekiko errespetu eta lotura horri eutsiz. Gaur, ez dugu beste omenaldi soil bat egin nahi, baizik eta lagunen topaketa bat, gogoratzeko, hitz egiteko eta, amaitzeko, Hilarioren eta Zuberoaren alde egiteko, eta eskerrak eman nahi dizkiogu gaur egun sektore osoak errespetatzen, miresten eta aintzatesten duen maisu handi horren dedikazio, konpromiso eta entregagatik”,

 

Gainera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak haren omenezko hitz batzuk eskaini dizkio, eta euskal kulturak eta musikak ere izan dute lekua omenaldian, Alaia Martin bertsolari oiartzuarraren eta Euskal Gastronomiako Kofradiako Eguzkilore Abesbatzaren emanaldien bidez.

Ekitaldia amaitzeko, bertaratutakoei koktela eskaini diete Mahaia Kolektiboko kide Jon Ayala (Laia), Gorka Txapartegi (Alameda), Roberto Ruíz (Hika Gastronomiko), Pablo Loureiro (Urola Etxea), Igor Arregi (Kaia) eta Ruben Trincado (Mirador de Ulía) chefek.  

 

Basque Culinary Center bultzatu zutenetako bat izan zen Hilario Arbelaitz, eta, besteak beste, hari esker ireki zituen ateak erakundeak eta bihurtu da nazioarte mailako erreferentzia. Zuberoak metafora bat osatu du, elkartasunarena, lurraldearena, jakintzarena eta legatuarena, eta Hilario chefak sektorea eta lurraldea markatu ditu, haren grina, giza maila eta gastronomiarekiko konpromisoa direla eta. Testuinguru horretan, hitzordu hau ez da izan beste omenaldi bat gehiago, baizik eta lagunen topaketa ireki bat, eta Hilario, Zuberoa eta Arbelaitz familia gogoratzeko, haiei buruz hitz egiteko eta haien alde topa egiteko aukera bat.

Desarrollado por: GureMedia