Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

“Culinary Action! On the Road” ekimenaren bigarren edizioa abiatu du Basque Culinary Centerrek

05 Uztaila 2022

Hemen dira berriro foodtech startupentzako roadshow formatuko eta 360º Gastronomiaren eremuko startupentzako mundu mailako ekitaldiak, startup berritzaileenak aurkitzeko

 

Bigarren Culinary Action! On the Road ekimenaren izen-ematea ireki du Basque Culinary Centerrek, foodtech startupentzako nazioarteko ekintzailetza-programa bat da, eta 2022ko irailean abiaraziko da; New York (AEB), Buenos Aires (Argentina), Kopenhage (Danimarka), Tokio (Japonia) eta Tel Aviv (Israel) hirietan egingo diren lehiaketen bidez gauzatuko da, tokiko partnerrekin lankidetzan.

Nazioarteko lehiaketa ibiltari honen bigarren edizioa da, Culinary Action!-ek abiarazia —Basque Culinary Centerren eta Hazi Fundazioaren ekintzailetza gastronomikoko programa—, eta The Food Global Ecosystem proiektuan kokatua. Proiektu hori publikoa eta pribatua da, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, eta 60 enpresak baino gehiagok osatzen dute; Euskadik berrikuntza-proiektuak, talentu ekintzailea eta startupak erakarri nahi ditu nekazaritzako elikagaien esparruaren alderdi teknologikoetan.

2022an, 360º gastronomiaren eta elikagaigintzaren teknologian diharduten startupak bilatuko ditu CA! On the Roadek. Gastronomiako balio-kateko eragileen eraldatzea (chefak, aretoa, gerenteak, ekoizleak, banatzaileak, jankideak, etab.) bultzatzen duten produktu- edo zerbitzu-proposamenak planteatzen dituzten startupei zuzenduko zaie ekimena.

Parte hartu nahi duten startupek Culinary Action!-en webgunearen bidez (https://culinaryaction.com/ontheroad/) aurkeztu dezakete lehiaketarako hautagaitza. Izena emateko epea amaitu ondoren, ekitaldiak baino hilabete lehenago gutxi gorabehera, aurkeztu diren startupak aztertuko dituzte Basque Culinary Centerreko arduradunek eta tokiko partnerrek, eta bost finalista hautatuko dituzte tokiko lehiaketak egingo diren hiri bakoitzeko. Txapelketan parte hartu ahal izateko, startupek aurreinkubazio- edo inkubazio-fasean egon behar dute, eta ekitaldia egingo den herrialdean kokatuak egon behar dute egoitza.

Tokiko lehiaketen egunetan, bost startup finalistek beren proiektua aurkeztuko dute aditu-taldearen eta beste pertsona batzuen aurrean (hala nola inbertitzaileak, mentoreak eta tokiko eragileak) eta ‘elevator pitch’ formatuan; horrekin batera, mahai-inguruak eta tokiko partnerren keynote speakerrak izango dira. Gero, aditu-taldeak startup irabazle bat hautatuko du toki bakoitzeko.

Tokiko ekitaldi bakoitzeko startup irabazleen saria hau izango da: Donostiako LABe-Digital Gastronomy Lab startup-inkubagailuan hilabeteko egonaldi bat, Basque Culinary Centerrek kudeatutako berrikuntzako living lab ireki bat eta BCC Innovation gastronomiako zentro teknologikoan 20 orduz ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak egiteko aukera. Horrez gainera, startupek aukera izango dute denbora-tarte horretan GOe Community plataforma digitalean plan aurreratu bat burutzeko, non Basque Culinary Centerreko aditu eta mentoreen sarearekin bat egiteko eta hartan sartzeko modua izango baitute, eta hainbat motatako laguntza jasoko baitituzte zenbait gairen inguruan (zentroko inbertitzaileen sarerako sarbidea, networka, tokiko ekosisteman sartzeko laguntza, etab.).

Tokiko bost finalistak final handian lehiatuko dira —2023aren hasieran egingo da, Donostian—. Final horretan herrialde bakoitzeko startup irabazleak arituko dira lehian, eta bigarren CA! On The Road lehiaketako startup irabazlea hautatuko da. Startup horrek LABe-Digital Gastronomy Lab-en urtebeteko egonaldia, eta BCC Innovation zentro teknologikoan 25 orduz ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak egiteko aukera gehigarria izango du.

2021ean, lehenengo “CA! On the Road” lehiaketan foodtech startup onenak hautatu ziren 100 startup baino gehiagoren artean. Haien balio-proposamena eta tokiko eta nazioarteko ekosistemarekin zuten erlazioa hartu zituzten kontuan hautaketa-prozesuan. Danimarkako Dryk startupak irabazi zuen. Landare-proteinatik abiatuta edari esnedunak eta begano nutritiboak garatzen egindako lanean osasunarekin eta jasangarritasunarekin izandako konpromisoagatik nabarmendu zen. Donostiako finalean izan ziren, halaber, MOA foodtech (Madril), Bordery (Biarritz) eta ANINA Culinary Art  (Tel Aviv).

Informazio gehiago izateko edo izena emateko: https://culinaryaction.com/ontheroad/

 

CULINARY ACTION!

Basque Culinary Centerren eta Hazi Fundazioaren ekintzailetza gastronomikoko programa da Culinary Action!, eta The Food Global Ecosystem proiektuan kokatzen da. Proiektu hori publiko-pribatua da, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, eta 60 enpresak baino gehiagok osatzen dute; Euskadik berrikuntza-proiektuak, talentu ekintzailea eta startupak erakarri nahi ditu nekazaritzako elikagaien esparruaren alderdi teknologikoetan. Culinary Action! Programak ekintzailetza eta negozio berriak bultzatzen ditu gastronomiaren eta elikaduraren esparruan. 2014tik dihardu ekintzaileak, ikasleak, enpresak eta industria eta gizartea gune berera erakartzen, inpaktu sozioekonomiko erreal bat eragiteko gastronomiaren sektorean. Berrikuntza disruptiboa katalizatzen du elikadura-sistema desafiatzen duten startupen eta proiektu jasangarrien sustapenaren bidez; besteak beste, foodtecha, restecha eta agrotecha.

Desarrollado por: GureMedia