Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Centerrek Gastronomia Zientzietako nazioarteko lehen doktorea aurkeztu du

03 Martxoa 2023

Elena Romeo Arroyo da Gastronomia Zientzietako nazioarteko lehen doktorea, gaur Basque Culinary Centerren bere doktore-tesia defendatu ondoren, azukrearen pertzepzioaren azterketari eta haren kontsumoa murrizteko estrategia multimodalen diseinuari buruzkoa. 

Elena Romeoren tesiak, Cum laude kalifikazioa jaso duena,  izenburu hau du: «Cut down on sugar, not on taste! A research project on sweetness perception and multimodal approaches to reduce sugar consumption» edo «Azukrea murriztu, ez zaporea! Gozotasunaren pertzepzioari eta azukre-kontsumoa murrizteko ikuspegi multimodalei buruzko ikerketa proiektua». Helburua, berriz, hau: elikagai gozoak hautatzeko prozesuei buruzko ezagutza sortzea eta estrategia multimodalak diseinatzea, kontsumitzaileen gozotasun-nahia asetzen duten elikagaiak eta esperientziak –aldi berean azukre erantsien kontsumoa murrizten dutenak– formulatzeko.

“Ikasten jarraitzea espero dut, bai eta zientzia gastronomikoei eta zientzia sentsorialari buruzko ikerketa bultzatzen laguntzen ere, elikadura-ohituretan balioa erantsiz, eta, beraz, baita pertsonen eta gure ingurunearen bizi-kalitatean ere. Nire doktoregoa ekarpen txiki bat besterik ez da problematika handiago batean, zeinean oraindik asko baitago egiteko eta ikertzeko. Gastronomia, zalantzarik gabe, gizartean aldaketa eta eragin positiboa sortzeko tresna bat da”, Elena Romeo Gastronomia Zientzietan doktorearen esanetan.

Tesia Laura Vázquez Araújok eta María Mora Gijónek zuzendu dute; biak BCC Innovation Basque Culinary Centerreko Gastronomiako Zentro Teknologikoko doktore eta ikertzaileak dira. “Gastronomiari buruzko lehen doktore-tesiaren zuzendariak izatea erronka garrantzitsua izan da. Izan ere, gure erosotasun-eremutik atera behar izan dugu zientzia sentsorialetatik harago dauden beste ezagutza-arlo batzuetako ideiak eta lan egiteko moduak sartzeko. Elenaren tesiaren bidez, berak ez ezik berarekin lanean aritu den talde osoak ere ikasi du ‘gastronomian’ lan egiten eta hobeto ulertzen zientzia hori garatzeko beharrezkoak diren elkarrekintzak”.

Romeoren tesiko epaimahaiko adituak hauek izan dira: Paula Varela Tomasco, Nofima-n zientzia sentsorialetan eta kontsumo-zientzietako ikertzaile seniorra eta epaimahaiko lehendakaria; María Amparo Tárrega, Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktorea eta CSICeko Agrokimikako eta Elikagaien Tecnologiako Institutuan zientzialari titularra; eta Lucía Gayoso Morandeira, doktorea eta BCC Innovationen Osasun Saileko ikertzailea.

Programaren barruan, Romeok hiru hilabeteko egonaldia egin zuen Estatu Batuetako Davis Unibertsitatean. Han, azukrea murrizteko estrategia multimodalei buruzko ikerketa zabaldu zuen. Horrela, Nazioarteko Doktorea aipamena lortu du.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “2019an abian jarritako Gastronomia Zientzietako doktoretza-programak gastronomiaren abangoardiara itzuli zuen Euskadi, sektorearen hazkundea eta ikerketa bultzatzearen ondorioz. Hiru urte geroago, fruituak jaso eta Gastronomia Zientzietako lehen doktorea aurkeztu dugu. Basque Culinary Centerren ikerketa eta balioaren sorkuntza sustatu nahi ditugu. Hala, gure eskaintza akademikoaren bidez, elikaduraren eta gastronomiaren sektorea eraldatuko duten profesionalak prestatzen ditugu eta hazteko laguntza ematen diegu. Elena Romeok gaur aurkeztutako tesiak berretsi egiten gaitu asmo horretan.”

Elena Romeo (1993, Zaragoza) 2019tik ari da BCC Innovationen analisi sentsorialeko ikertzaile gisa. Zaragozako Unibertsitatean Bioteknologiako graduko ikasketak egin zituen. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Analisi eta Ikerketa Kriminaleko Auzitegi Zientzietako Masterrean graduatu zen. 2019an, Basque Culinary Centerreko Gastronomia Zientzietako Masterrean graduatu zen. Han, premium elikagaiak paketatzean simetriak, kurbadurak eta koloreak duten eraginaren azterketan espezializatu zen. 2020an, Gastronomia Zientzietako Doktoretza programari ekin zion. Elikadura Zientzietan espezializatu zen, eta, zehazki, Analisi Sentsorialeko lan-ildoan.

 

Gastronomia Zientzietan Doktorego Programa BCC

Doktoregoa hiru euskal zentro teknologikoren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatu da: AZTI, Neiker eta BCC Innovation (Basque Culinary Centerren gastronomiako zentro teknologikoa). Zientzia Gastronomikoetako Doktorego Programaren lehen edizioa 2020ko urtarrilean hasten da, zientzia gastronomikoen arloko ikertzaileak prestatzeko eta elikaduraren eta gastronomiaren balio-katea osatzen duten eragileei ezagutzak transferitzeko. Programa honek bi ikerketa talde ditu bere baitan: Elikagaien Zientzian eta Gestioan, Sozietatean eta Kulturan ikerketa.

Programa Eusko Jaurlaritzaren Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta Kopenhageko Unibertsitateak ere parte hartzen du.

Desarrollado por: GureMedia