Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Nabigazio-menura joan

Basque Culinary Centerrek 228 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragin du eta administrazio publikoari 39 milioi euroko itzulkina egin dio

14 Abendua 2023

Ostegun honetan, abenduak 14, Basque Culinary Centerreko Patronatuaren bileraren testuinguruan (erakundeko organo gorena da), balorazio positiboa egin zaio 2023ko jarduerari, erakundearen proiektu estrategiko berrien eta GOe eta EDAren aurrerapenaren jarraipena egin 
da, eta “Basque Culinary Centerren inpaktu sozioekonomikoaren ebaluazioa” azterketaren bilakaera aztertu da; aldian behingo azterketa bat da, eta Basque Culinary Center irekitzeak eragin duen inpaktu kualitatiboa aztertzen du.

Ikertalde enpresa aholkulariak egin du azterketa. Basque Culinary Centerrek azken hamarkadan izan dituen bilakaera eta ibilbidea nabarmentzen dira; halaber, ikusten da jarduerak hazkunde nabarmena izan duela, zeinak eragina baitu sortutako diru-sarrera eta gastuen bolumenean eta ingurunean eragindako inpaktu ekonomikoan. 2012-2022 hamarkadan, 228 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragin du erakundeak, 125 milioi euro inguruko ekarpena egin dio BPGari, eta39 milioi euroko itzulkina egin dio administrazio publikoari (zergatan eta gizarte-kotizazioen bitartez).

2022a kontuan hartuta, bilakaerari eta inpaktuari buruzko datuek igoera nabarmena izan dute 2018aren aldean. Basque Culinary Centerrek bere zuzeneko jardueraren bidez eta urtean zehar inguruan mugitu duen pertsona-kopuru esanguratsuaren gastua bultzatuta sortu duen inpaktu ekonomikoa 35,6 milioi euroan zenbatetsi da (2018an baino % 46 gehiago). Inpaktu horren eraginez, BPGari 19,5 milioi euroko ekarpena egin zaio (2018an baino % 47 handiagoa), eta administrazio publikoari 6,6 milioi euroko itzulkina egin zaio, zergen eta gizarte-kotizazioen bitartez (2018an baino % 54 handiagoa).

Inpaktu ukigarriaz gainera, nabarmentzekoa da Basque Culinary Centerren inpaktu ukiezin eta eraldatzailea, zeina funtsezkoa baita nekazaritzako elikagaien industriaren eta gastronomia-sektorearen gaur egungo eta etorkizuneko lehiakortasunerako; belaunaldi berriek rol esanguratsua izango dute alderdi horietan. Basque Culinary Centerreko Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Gradua bukatu dutenen jarduera-tasa altuari (% 92), haien ekintzailetza-mailari (ia % 17koa), eta talentu gazteari laguntzeko eta ikusgai jartzeko proiektuei esker ikuspegi hau indartzea lortu da. Kokapenari eta ikuspenari dagokienez, Basque Culinary Center-ek 43,3 milioi euroko KAB bat (komunikabideen agerpenaren eraginaren balorazioa) lortu zuen 
2022an.

Enplegua sortzen duen ekosistema gisa sendotu da Basque Culinary Center. Lantalde gaztea (37 urtekoa, batez beste) eta feminizazio-tasa altukoa (plantillako langileen % 58 emakumeak dira) dauka erakundeak. Diziplina anitzeko lantaldea da, eta irakasleak, ikertzaileak, sukaldaritzaren eta komunikazioaren eta marketinaren esparruko profesionalak eta abar barne hartzen ditu. 2022an 164 lanpostu izan ditu guztira, eta langile horien batez besteko adina Euskadiko langileriarena baino askoz baxuagoa da. Nabarmena da emakumezkoen enpleguaren pisua: BCC Innovationen kasuan, langileen % 64 emakumeak dira (hau da, Euskadiko zerbitzu-sektoreko lan-merkatuan baino 9 portzentaje-puntu gorago dago).

 Jarduera-eremuak

Basque Culinary Centerrek aurrera egiten jarraitzen du bere lau jarduera-eremuetan: prestakuntza, gastronomia sustatzeko plataforma, Ikerketarako Zentro Teknologikoa eta enpresa- eta ekintzailetza-ekosistema. Azken hamarkadan eragindako inpaktuaren datu esanguratsuez gainera, eraldatze-ildo berriak ezarri dira epe ertainerako eta luzerako (2030era begira): erakundearen lau jarduera-eremuetan hazkundea lortu nahi da, GOe, EDA eta beste proiektu estrategiko batzuekin.

Prestakuntzari dagokionez, 4.360 parte-hartzaile inguru izan dira. Basque Culinary Centerren jardueraren motorra eta bihotza izaten jarraitzen du. Jardueraren alderdi akademikoak sendotzen jarraitzen du: 2022-2023 ikasturtean 463 ikaslek parte hartu dute graduan, masterrean eta doktoretzan (berria da ikasketa-maila hau), eta, dirudienez, diru-sarrerak sendotzen ari dira (urtetik urterako hazkundea % 4 izan da).

Titulu propioei lotutako prestakuntza espezializatuak eta herritarrei zuzendutako “neurrirako” prestakuntzak igoera handia izan dute 2018-2019 ikasturtearekin alderatuta, eskola presentzialei dagokienez, online eta formatu mistoan. Hala, 2018-2019 ikasturtearekin alderatuta, parte-hartzaileen kopuruak % 45eko igoera izan du “neurrirako” prestakuntzan, % 51koa prestakuntza espezializatuan eta % 81ekoa herritarrei zuzendutako prestakuntzan. Guztira, 3.893 ikasle izan dira. Hazkunde horrek % 16 igo ditu diru-sarrerak 2021etik eta 2022ra.

Gastronomia sustatzeko plataformaren testuinguruan, nazioartean oihartzun handia izan duten ekitaldi eta ekimenak eta euskal gastronomiaren posizionamendua indartzen duten ekitaldiak sendotu dira, eta talentu gaztea aintzatesten duten ekimenak aktibatu dira. 2022an 167 jarduera egin dira guztira, eta, oro har, 20.000 partaide izan dira haietan.

Askotariko ekitaldiak antolatu dira, eta, haien artean, hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Basque Culinary World Prize, zeinak 19,1 milioi euroko inpaktu mediatikoa izan baitu 2022an, bost kontinenteetan zabaldu baita eta “Gastronomiako Nobel” sari gisa zuen posizioa indartu baitu; gure herrialdean eta handik kanpo egiten diren kongresuak (Turismo Gastronomikoko Munduko Biltzarra Japonian, Alimentarte Nazioarteko Foro Gastronomikoa Kolonbian eta Culinary Zinema, SSIFFren testuinguruan); eta % 100 Basque ekimenak, hala nola Mantala Basque Gastronomy eta HARAGI.

BCC Innovation gastronomian espezializatutako zentro teknologikoak, zeina Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareko eta Espainiako I+G+Bko Zentroen Sareko kidea baita 2022tik, 36 pertsonako lantaldea du, eta 90 proiektu “eraldatzaile”ko zorro bat lantzen dute. Proiektu horien artean, bolumena kontuan hartuta, ikerketaren alorreko Europako 10 proiektu nabarmentzen dira: batez beste, urteko 7 milioi euroko aurrekontua dute. Zentroaren proiektu-zorroak bat egiten du gure gizarteak dituen bost erronka handiekin, betiere gastronomiaren eta elikagaien zientziaren testuinguruan: osasuna, jasangarritasuna, eraldaketa digitala, produktuaren diseinua eta garapena, eta sektore-azterketa.

Jarduera-eremu horretan, % 18tik gorako hazkundea izan dute sarrerek 2019ko datuen aldean. Etengabeko lankidetza irekiko ekosistema batean oinarritzen da, eta 20 erakundek osatutako sare estu batean egiten dute lan ikerketaren alorrean, 200 erakunde baino gehiagorekin interakzioan, nazioartean izen handia duten punta-puntako erakunde eta industria handiekin zuzenean lan eginez.

Enpresa- eta ekintzailetza-ekosistemaren ardatzak izan du diru-sarreren hazkunde eta ardatz honek du hazkunde handiena roiektatzen du 2023 urterako. Ad hoc aholkularitzako, laguntza emateko eta elikagaien industrian eta gastronomian enpresa-jarduera bultzatzeko jarduera gero eta zabalagoa eskaintzen du arloak. Testuinguru horretan, eraldaketa-proiektuen bidez beste lurralde eta herrialde batzuei emandako laguntza nabarmentzen da.

Halaber, startupen sorrera bultzatzen du Basque Culinary Centerrek  Culinary Action! programa propioaren bidez. Ekimen horrek, 120 startup lagundu ditu 2022an.

 

Basque Culinary Centerreko Patronatua

Patronatua Basque Culinary Center Fundazioaren organo gorena da, eta Euskal Herriko sukaldari ospetsuenetako bederatzik osatzen dute; besteak beste, hauek: Juan Mari eta Elena Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategi, Karlos Arguiñano, Eneko Atxa, Hilario Arbelaitz eta Diego Guerrero. Horietaz gain, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Azti-Tecnalia eta Mondragon Unibertsitatea ere badaude. Patronatuko kide dira, halaber, Eroski, Martiko, Covap, Mahou-San Miguel, Fagor eta AgroBank.   

Desarrollado por: GureMedia