Skip to main content

Skip to navigation menu

Language selection

  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • BCulinary Live Social
  • Whatsapp

Skip to navigation menu

GOe, un proyecto abierto a la ciudad desde la innovación, investigación, formación y emprendimiento

26 March 2024

Ikerketa, berrikuntza, ekintzailetza eta prestakuntza aurreratua: horiek dira GOe-ren jarduera-ardatz nagusiak. Basque Culinary Centerren ekimen estrategiko bat da GOe. Proiektu horrek gastronomiaren etorkizuneko erronkei erantzungo die, zientzia, talentua eta teknologia uztartuta. Baina, horretaz gain, Donostiako Gros auzoan kokatuta, espazio bat ere osatzen du, zenbait jardueraren diseinuari esker, herritarrentzako elkargune berriak eskaintzen eta sortzen ditu. Hala adierazi du Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak, komunikabideekin izandako topaketa batean.

 

GOe - Berrikuntzarako eta ikerketarako gune bat

 

“Edukitzailean ez ezik, edukian ere zentratuta gaude” nabarmendu zuen Aizegak. GOe-ren eraikinak interes handia sortu du, baina jardueran eta edukian zentratu beharra dago. Dauden espazioen bidez, eraikinean garatuko den jarduera xehatu du Aizegak: ikerketarako eta prestakuntzarako zortzi sukalde, analisi sentsorialerako gela, hamar laborategi (horien artean laborategi fisiko-kimikoak eta mikrobiologiakoak), sormen-tailer bat, ikus-entzunezko ekoizpen-estudio bat, coworkingerako 1.000 m2 baino gehiago osatzen duten guneak, enpresentzako guneak, ikasgela eta sukalde balioaniztunak, auditorium bat, esperimentatzeko eta testatzeko jatetxe bat eta kantina bat. Gune publikoen eta eremu pribatuen artean igarota, horiek dira GOe osatuko duten guneetako batzuk.

 

Zenbait eragilek partekatuko dute eraikina; horrenbestez, etengabeko lotura egongo da jardueraren, guneen eta edukiaren artean. Alde horretatik, elkarrizketa horiek modu naturalean sor daitezen diseinatu da eraikina. Eraikinaren “gardentasunaren” ondorioz, kanpotik zein barrutik ikusten da zer ari den gertatzen eraikinean. GOe-ren oinarrizko beste ezaugarri bat, Basque Culinary Centerren eraikinarekin partekatua, modularitatea da: espazioak premien eta jardueraren arabera aldatuko dira. Irizpide horiek espazio desberdinen erabilera intentsiboa ziurtatzeko planteatu dira. Alde horretatik, GOek, bere jardueraren garapenean, aliantzak sortuko ditu, berrikuntzari eta ekintzailetzari egiten dion ekarpena areagotzeko, hala nola Bostonen sinatu berri den aliantza, Cambridge Innovation Center (CIC) munduko ekintzailetza-erakunde handienarekin.


GOe - Auzorako eta hirirako proiektu bat

 

Hirira irekita dagoen eta herritarrek zenbait jardueratan parte har dezakeen gune bat sortzea izan zen proiektuaren hasierako helburuetako bat, hasierako kontzeptualizaziotik presente egon dena.

 

GOe-ren helburuetako bat berrikuntza-komunitate bat aktibatzea eta dinamizatzea da. Duela gutxi, COTEC Fundazioak adierazi zuen Donostia dela I+Gri lotutako enplegu gehien duen Estatuko hiriburua, eta Gipuzkoa ere lehen postuan dagoela sektore teknologikoetako afiliatuei dagokienez.

 

Donostiak 6.000 pertsona baino gehiago ditu I+Gn lanean, eta 14.000 lagunetik gorako unibertsitate-biztanleria. Berrikuntza-komunitate hori aktibatzea erronka bat da GOe-rentzat: ikertzaileak, ekintzaileak, ikasleak… Elikadura eta gastronomia zeharkako jarduera dira hainbat sektoretan, hala nola industrian, osasunean eta hezkuntzan. Helburu hori betetzeko, topaketen eta jardueren asteko programazio bat egingo da GOe-n. Jarduera horiek irekiak izango dira, eta sartzea libre izango da guztientzat.

 

GOe-ko prestakuntza aurreratua Gastronomia Zientzien Fakultatearen bitartez burutuko da. Bestalde, GOe-ren barruan, zenbait jarduera egingo dira parte hartu nahi duten guztiei irekita: kultura- eta hezkuntza-jarduerak eta ikerketarekin lotuak. Kultura-jardueren barruan, gastronomiarekin, zientziarekin eta berrikuntzarekin lotutako zikloak eta hitzaldiak programatuko dira, dibulgazioaren ikuspegitik. Hiriari irekitako kultura- eta gizarte-ekitaldiak ere egingo dira, gastronomia beste arte eta diziplina batzuekin harremanetan sartzeko, Basque Culinary Centerren gertatzen den bezala. Bestalde, erakusketaguneak ere egongo dira eraikinean. Horietan diziplina anitzeko artistek beren sorkuntzak erakutsi ahal izango dituzte. Jarduera horiek GOe-ko zenbait gune irekitan egingo dira, hala nola Gastro Hall-ean, eskailera monumentalean, entzungelan (200 lagunentzako lekua du), etab.

 

Gizarte eta hezkuntza-alderdiari dagokionez, hezkuntza-gela gisa funtzionatuko duten bi gune daude aurreikusita. Bata haurren gastronomia eta elikadura-heziketari zuzendua, eta bestea adinekoei zuzendua. Espazio interaktibo eta praktiko gisa egongo dira konfiguratuta, sukaldaritzako moduluz hornituta.

 

Azkenik, ikerketaren eta berrikuntzaren atalean, zentro teknologikoa buru duten ikerketa-proiektuetan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Berrikuntzaren eredua eta metodologia aldatu egin da gaur egun, eta herritarren parte-hartze aktiboa eskatzen du. GOe hirian egoteak herritarren hurbiltasuna eta proiektu horietan parte-hartzea sustatzen du, kontuan izanik batik bat osasunaren, jasangarritasunaren, digitalizazioaren eta zentzumenen eta produktu berrien arloetan garatuko direla proiektuok.

 

GOe-k kafetegi bat eta jatetxe bat ere izango ditu, Basque Culinary Centerren eskemari jarraituz arituko direnak, herritarrentzako soluzio irekiak probatzeko eta ikasteko espazio gisa.

 

GOe - Jasangarritasunarekin konpromisoa duen proiektu bat

 

“GOe-k bereizgarri du hiri-inguruneko jasangarritasunarekiko eta integratzearekiko erabateko konpromisoa, eta sinbiosi bat sustatzen du, eraikitako espazioaren eta hiriaren bihotzeko ingurune naturalaren artean” adierazi du Peru Cañadak BATeko Zuzendari orokorrak, BIGekin elkarlanean dabilen tokiko estudioa. Hiriari bizkarra eman beharrean, proiektu hau lotura jasangarria da, komunitatearen, itsasoaren eta mendiaren arteko zubia. Diseinuaren premisa nagusietako bat da topaketa eta elkarrizketa sustatuko duten espazio publiko berriak sortzea, auzoan eta hirian gizarte-kohesioa indartzeko. Plaza bat sartzeak eta estalkiak eremu ibilgarri eta lorategi bihurtzeak, ingurunea edertzeaz gain, egoiliarren irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzen ditu.

 

GOe-k konpromisoa hartzen du aztarna berdeari eusteko, eta espazio libreak tokiko baldintzetara egokitzen den landaredi autoktonoarekin kontserbatu eta aberasteko. Ikuspegi horrek ikuspuntu jasangarria indartzen du, eta, aldi berean, hiriaren natura eta kultura-ingurunearekiko koherentzia bermatzen.

 

GOe eraikina ikuspegi efiziente eta teknologikoki aurreratuagatik nabarmentzen da. Sukaldeetan eta lan-espazioetan, abangoardiako teknologiaz hornituta dago proiektua, eta ingurune berritzailea eskaintzen die GOe-n lan egingo dutenei zein eraikina bisitatuko dutenei. Ezaugarri batzuek, hala nola fatxadan eta estalkian integratutako "zakatzek", agerian uzten dute airea berritzearekiko eta ingurumen-inpaktua murriztearekiko konpromiso sendoa, eta, aldi berean, bertan daudenentzako barne-giro osasungarria sustatzen dute. Eraikinaren Kalifikazio Energetiko Globala A/A izateko behar den efizientziarekin diseinatu da.

 

 

Eraikinaren inguratzaile termikorako diseinatu den soluzioak Kode Teknikoko estandarrak gainditzen ditu, eta beira-fatxadez eta ibiltzeko moduko lorategi-estalkiz osatuta dago. Prestazio handiko osagaien bidez ebatzi dira fatxadak; hau da, zehazki, eraikuntza-sistema: zubi termikoaren haustura duen profileko errezel-horma bat eta poliamida oso isolatzaileak, bero-transferentzia murrizteko. Era berean, eraikineko beira guztiak prestazio handiko beira bikoitzekin egingo dira, eta horiek eguzki-argia kontrolatzen lagunduko dute, eta emisio gutxikoak dira. Eraikinak 30 cm-ko sakonerako xafla bertikal batzuk ditu, erradiazioa blokeatzen dutenak. Bestalde, Cañadak adierazi duenez, eraikinaren ibiltzeko moduko terrazak lorategidun estalki alderantzikatu baten bidez egingo dira, eta transmisio termikoko balio erlatiboki baxuak izango ditu.

 

Zuhaitzei eta landarediari dagokienez, proiektuaren ezaugarri nagusietako bat da estalkia parke bihurtuko dela eta, horrela, tokiko faunari habitatak eta babeslekuak eskaintzen dizkion ekosistema berri bat sortuko dela. Hasierako landarediaren inbentarioa egin da, aztarna hori gordeko duen proiektu bat gauzatzeko. Horretaz gain, konpentsatu egingo dira landaredi-galerak, eta Nafarroa etorbidean eraikinarekiko paraleloan dagoen zatia basoberrituko da, bi zuhaitz-lerrorekin (42 bat zuhaitz).

 

Laburbilduz, GOe eraikina hiriko bizitzarekin modu jasangarrian eta harmoniatsuan integratuko da. Duen ikuspegi integralak eta ingurunearekiko konpromisoak hirientzako etorkizun orekatuagoaren aldeko gure ikuspegia islatzen dute. Ikuspegi hori indartzen du GOe-k berriki jaso duen 2024ko Advanced Architecture Award sariak (jasangarritasunaren kategoriakoa).

 

Desarrollado por:: GureMedia